Emakumeen Txokoak astebete luzatu du Jabetze Eskoletan izena emateko epea

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 22a, 13:00

Ohi  baino jende gutxiagok eman du izena ikastaroetan, eta, horregatik, urtarrilaren 29ra arte luzatu dute izena emateko epea. Labirintoan Barrena ikastaroa datorren astelehenean hastekoa zen, baina otsailaren 1ean egingo dute lehen saioa. Ikastaro horretan online modura parte hartu nahi dutenek ere eman dezakete izena.

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak sei ikastaro antolatu ditu Jabetze Eskolen barruan. Emakumeen Txokoak hil honen hasieran eman zuen eskola horien berri, eta orduan azaldu zuen gaurko egunez amaitzen zela ikastaroetan izena emateko epea. Dena dela, orain arte izena eman dutenak baino herritar gehiago anima daitezkeelakoan, astebete luzatu dute ikastaroetan izena emateko epea. Beraz, hilaren 29ra bitartean izango da horretarako aukera.

Izen ematearen luzapenak lehen ikastaroaren datetan eragina izango du: Pepa Bojok gidatutako Labirintoan Barrena izeneko ikastaroa datorren astelehenean, urtarrilaren 25ean, hasteakoa zen, baina astebete beranduago hasiko da; otsailaren 1ean, alegia. Emakumeen Txokoak azaldu duenez, ohi baino jende gutxiagok eman du ikastaroetan izena, eta gune horretako langileen susmoa da jendea beldurtuta dagoela, COVID-19a dela eta. Horregatik, lehen ikastaro horretan online modura ere parte hartu ahal izango dute herritarrek. Beraz, saio horietan presentzialki nahiz Internet bidez parte hartu nahiko luketenek eman dezakete izena.

Era berean, norbaitek beste ikastaroren bat online jaso nahiko balu, Emakumeen Txokoarekin harremanetan jar daiteke. "Norbaitek ikastaroren bat Internet bidez jaso nahi badu, adieraz diezagula guri. Saiatuko gara egoerara moldatzen eta horretarako baliabideak eskaintzen", azaldu dute.

Jabetze Eskolen barruan, sei ikastaro

Hona hemen, Jabetze Eskolen barruan izango diren ikastaroen inguruko informazioa:

  • Labirintoan barrena. Proposamen honen bidez, COVID-19aren ondorioz krisialdian eta konfinamenduan bizitzako esperientziak bildu nahi dira, ondoren autokudeaketa baliabideak eskaintzeko. Pepa Bojo izango da formatzailea, eta gaztelaniaz emango ditu saioak, astelehenetan, otsailaren 1ean hasita, 17:30etik 19:00etara. Bederatzi saio izango dira, eta 20,25 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 13,5 euro).
  • Norbera zaintzen eta maitatzen. Gune honek emakumeen arteko topagunea izan nahi du, elkarren artean zaintzen ikasteko eta modu kontzienteagoan elkar maitatzeko hausnarketarako espazioa. Kontxi Lopezek gidatuko ditu saioak; berak gaztelaniaz egingo du, baina parte hartzea euskaraz egin ahal izango da. Astearteetan izango dira saioak, otsailaren 9an hasita, 17:30etik 19:30era. Hamar saio izango dira, eta 30 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 20 euro).
  • Irakurle eskola feminista. Ainhoa Aldazabal izango da formatzailea. Ostegunetan bilduko dira, hilean behin: otsailaren 25ean, martxoaren 11n, apirilaren 29an, maiatzaren 27an eta ekainaren 17an, 17:30etik 19:30era. Bost saio izango dira, eta 15 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 10 euro). Izena emandakoan harreratik pasatu behar da, lehen liburuaren bila.
  • Amatasun bizigarria. Haurren zaintza oraindik emakumeen bizkar gelditzen da nagusiki, eta amatasuna sanoago eta bizigarriago egiteko saioak izango dira. Ainara Gorostizu izango da gidaria, eta astearteetan izango dira saioak, maiatzaren 4an hasita, 17:30etik 19:30era. Lau saio izango dira, eta 12 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 8 euro).
  • Norbera zaintzen umoretik. Tailer honen bidez, emozio biologikoei eta kulturalei buruzko hausnarketa bultzatu nahi da, eta umorea estrategia erresiliente eta ahalduntzaile gisa landuko dute. Virginia Imaz izango da formatzailea; bera gaztelaniaz ariko da, baina parte hartzea euskaraz bideratuko da. Ostegunetan izango dira saioak, urtarrilaren 28an hasita, 17:00etatik 20:00etara. Zortzi saio izango dira, eta 36 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 24 euro).
  • Zure smartphonea ezagutu. Herritarrek eskuko telefonoarekin izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte. Yanire Sagredok gidatuko du ikastaroa, eta maiatzaren 7an, 8an, 14an eta 15ean izango dira saioak; ostiraletan, 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Lau saio izango dira, eta 18 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 12 euro). 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide