Azpeitiak 15.000 biztanleren langa gainditu du 2020an

Julene Frantzesena 2021ko urt. 28a, 12:29

Azpeitia goitik hartuta. (Alex Berasategi)

2020aren amaieran, 15.106 biztanle zituen Azpeitiak, 2019an baino 170 gehiago. Azken hamarkadako igoerarik altuena izan zen iazkoa. Azpeitian ez ezik, Euskal Herriko, Gipuzkoako nahiz Urola Kostako biztanlerian ere gorakada izan da.

Joan berri den 2020. urtean 15.000 biztanleren langa gainditu zuen Azpeitiak. 2019an 14.939 biztanle zituen herriak, eta 2020an, berriz, 15.106; hau da, iaztik 170 pertsona gehiago bizi dira Azpeitian. Azken hamarkadako igoerarik altuena izan zen iazkoa; izan ere, halako igoerarik ez da izan 2009az geroztik –orduan 218 biztanleko gorakada izan zen–. Aurreko kopuru muga esanguratsua, 14.000 biztanlekoa, 2007an igaro zuen Azpeitiak: 2006an 13.930 biztanle ziren, eta 14.054 biztanle 2007an.

Urte hartatik aurrera, gora egin du biztanle kopuruak urtez urte, nahiz eta salbuespen batzuk izan diren: 2010ean eta 2016an behera egin zuen kopuruak. Aipatzekoa da, Espainiako Estatistika Institutuak jasota dituen herrikako biztanleria datuen artean zaharrena 1996koa dela: orduan 13.536 biztanle zituen Azpeitiak, orain baino 1.570 biztanle gutxiago. Horrek esan nahi duena da, 25 urtean %11,6 igo dela Azpeitiko biztanleria.

Gaur egun 7.559 emakume eta 7.547 gizon bizi dira Azpeitian. Aldea txikia da, baina emakumeak gehiago dira, eta joera aldaketa hori azken urteetan eman da. Izan ere, 1996tik 2016ra arte, Azpeitiko gizonen kopurua emakumeena baino altuagoa zen.

Bestalde, jaiotza datuak ere eskuratu ditu Uztarria.eus-ek, eta horietan ikus daitekeenez, iaz duela bi urte baino haur gehiago jaio ziren Azpeitian. Hain zuzen ere, 133 ume jaio ziren 2020an herrian, eta 111 2019an. 2018an, berriz, 136 ume jaio ziren Azpeitian.

Hamarkadako hazkunde handiena

Euskal Herriak 3.152.218 biztanle ditu gaur egun. Hala jakinarazi du Gaindegiak, estatistika erakundeek argitaratutako datu berrietan oinarrituta gauzatu duen eskualdeen argazki sozioekonomikoaren azterlanean. Duela urtebete baino 22.622 biztanle gehiago ditu Euskal Herriak, hau da, ordutik 0,71 puntu igo da biztanleria, eta azken hamarkadako hazkunderik handiena da azken urtebetean eman dena –azken sei urtetan gora egin du kopuruak–.

Herrialdekako datuei erreparatuta, berriz, Euskal Herriko herrialde guztietan igo da biztanle kopurua, Zuberoan izan ezik. Gaindegiak azaldu duenez, igoera horren arrazoi nagusia Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonen etorrera izan da; izan ere, jaiotze tasak apala izaten jarraitzen du. Gainera, horri esker, gaztetu egin da euskal gizartearen egitura demografikoa. Gipuzkoan, esaterako, 727.121 lagun bizi dira egun, 2019an baino 3.545 pertsona gehiago.

Eskualdez eskualde aldeak nabarmenak dira, baina Gaindegiak emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 urteen artean Gipuzkoako bailara guztietan egin zuen gora biztanleriak –behera egin dute, besteak beste, Arabako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroa Garaiko hainbat eskualdetan–. Biztanleria gehien hazi zen Gipuzkoako eskualdea Urola Kosta izan zen. Hain zuzen ere, 75.751 lagun bizi dira eskualdea osatzen duten 11 herrietan, 2008an baino %6,5 biztanle gehiago. Hazkundeari erreparatuta, Tolosaldean ere igoera nabarmena izan zuen biztanleriak (%5,7); aldiz, hazkunde txikiena Debagoienak izan zuen (%1,3). Datu horiei erreparatuz gero, Gipuzkoako zazpi eskualdeetatik hirugarren populatuena da Urola Kosta: aurretik ditu Donostialdea (330.169 biztanle) eta Bidasoa Beherea (79.991 biztanle).

Eskualdea aztergai

Espainiako Estatistika Institutuak urtearen hasierarekin argitaratutako datuen arabera, Urola Kostan 76.405 pertsona bizi ziren 2020an, aurreko urtean baino %0,5 gehiago (75.998 ziren orduan). Azpeitian ez ezik, herri gehienetan egin du gora biztanle kopuruak, Aian (-15), Azkoitian (-6) Errezilen (-7) eta Getarian (-25) salbu. Gora egin du biztanleriak Aizarnazabalen (+7), Beizaman (+3), Orion (+69), Zarautzen (+37), Zestoan (+61) eta Zumaian (+13).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide