Jabetze Eskoletan hainbat aldaketa izango direla jakinarazi du Emakumeen Txokoak

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 28a, 16:02

Datozen asteetarako iragarrita zeuden hiru ikastarori eragingo diete aldaketa horiek. Pepa Bojok emango duen ikastaroko lehen saioak online egingo dituzte, eta Virginia Imazek eta Kontxi Lopezek emango dituzten ikastaroak atzeratu egin dituzte. Oraindik zabalik dago ikastaroetan izena emateko epea.

Herriko egoera dela eta, astearteaz geroztik itxita dago Emakumeen Txokoa, eta horren ondorioz, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatzen dituen Jabetze Eskolen egitarauan. Iragarritako sei ikastaroetatik aurreneko hiruei eragingo diete aldaketa horiek; Pepa Bojok, Virginia Imazek eta Kontxi Lopezek emango dituztenei, hain zuzen. Honela geldituko litzateke egitaraua:

  • Labirintoan barrena. Proposamen honen bidez, COVID-19aren ondorioz krisialdian eta konfinamenduan bizitzako esperientziak bildu nahi dira, ondoren autokudeaketa baliabideak eskaintzeko. Pepa Bojo izango da formatzailea, eta gaztelaniaz emango ditu saioak, astelehenetan, otsailaren 1ean hasita, 17:30etik 19:00etara. Lehen saioak online izango dira, egoerak aurrez aurreko saioak egitea ahalbidetzen duenera arte, eta saioak online jasotzen jarraitu nahi duenari aukera hori eskainiko diote. Bihar, ostirala, bukatuko da ikastaroan izena emateko epea. Bederatzi saio izango dira, eta 20,25 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 13,5 euro).
  • Norbera zaintzen umoretik. Tailer honen bidez, emozio biologikoei eta kulturalei buruzko hausnarketa bultzatu nahi da, eta umorea estrategia erresiliente eta ahalduntzaile gisa landuko dute. Virginia Imaz izango da formatzailea; bera gaztelaniaz ariko da, baina parte hartzea euskaraz bideratuko da. Izena emateko epea otsailaren 3an bukatuko da. Ostegunetan izango dira saioak, otsailaren 4an hasita, 17:00etatik 19:00etara. Lehen saioak online izango dira, egoerak aurrez aurreko saioak egitea ahalbidetzen duenera arte, eta saioak online jasotzen jarraitu nahi duenari aukera hori eskainiko diote. Zortzi saio izango dira, eta 36 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 24 euro).
  • Norbera zaintzen eta maitatzen. Gune honek emakumeen arteko topagunea izan nahi du, elkarren artean zaintzen ikasteko eta modu kontzienteagoan elkar maitatzeko hausnarketarako espazioa. Kontxi Lopezek gidatuko ditu saioak; berak gaztelaniaz egingo du, baina parte hartzea euskaraz egin ahal izango da. Astearteetan izango dira saioak, otsailaren 23an hasita, 17:30etik 19:30era. Oraindik ez dakite online saioak edo aurrez aurrekoak izango diren. Hamar saio izango dira, eta 30 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 20 euro).
  • Irakurle eskola feminista. Ainhoa Aldazabal izango da formatzailea. Ostegunetan bilduko dira, hilean behin: otsailaren 25ean, martxoaren 11n, apirilaren 29an, maiatzaren 27an eta ekainaren 17an, 17:30etik 19:30era. Bost saio izango dira, eta 15 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 10 euro). Izena emandakoan harreratik pasatu behar da, lehen liburuaren bila.
  • Amatasun bizigarria. Haurren zaintza oraindik emakumeen bizkar gelditzen da nagusiki, eta amatasuna sanoago eta bizigarriago egiteko saioak izango dira. Ainara Gorostizu izango da gidaria, eta astearteetan izango dira saioak, maiatzaren 4an hasita, 17:30etik 19:30era. Lau saio izango dira, eta 12 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 8 euro).
  • Zure smartphonea ezagutu. Herritarrek eskuko telefonoarekin izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte. Yanire Sagredok gidatuko du ikastaroa, eta maiatzaren 7an, 8an, 14an eta 15ean izango dira saioak; ostiraletan, 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Lau saio izango dira, eta 18 euro ordaindu beharko da (ikasleek eta langabetuek 12 euro). 

Beste aldaketa batzuk

Jabetze Eskolen egitarauan ez ezik, datozen asteetan Emakumeen Txokoan izango diren beste hainbat ekimenetan ere aldaketak izango direla iragarri dute. Hala, otsailaren 24ra atzeratu dute Kontrako eztarritik liburuaren aurkezpena —berez otsailaren 10ean egitekoak ziren—, eta otsailaren 22ra aurreratu dute Schubert nunca trabajo en justicia liburuko ilustrazioen erakusketa —otsailaren 24an egitekoak ziren—.

Horrez gain, Neska Gazteen Txokoko lehen ikastaroa ere atzeratzea erabaki dute, oraingoz data zehatzik gabe. Hain zuzen ere, Feminismoa eta arrazakeria ikastaroa izango da atzeratuko dena.

Emakumeen Txokoa itxita dagoen bitartean, arreta zerbitzua eskaintzen jarraituko dute, baina ez ohiko ordutegian. Horregatik, zerbait behar duenak bidal dezala mezu bat emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora. Aholkularitza juridikoa eskaintzeko zerbitzuak ere martxan jarraituko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide