Ane Lizaso: "Kale hezitzaileok gai izan behar dugu gazteen joera berrietara egokitzeko"

Anartz Izagirre 2021ko ots. 5a, 08:45

Ane Lizaso.

Kalexka elkarteko kale hezitzailea da Ane Lizaso (Azpeitia, 1994), Elgoibarren (Gipuzkoa). Gazteekin egiten du lan azpeitiarrak, eta osasun krisiak erruz aldatu ditu erabiltzaileen beharrak eta joerak. Hori dela eta, azken hilabeteetan lan egiteko modua aldatu behar izan dutela azaldu du Lizasok.

Zein da zure egitekoa kale hezitzaile moduan?

Kalexka elkartean egiten dut lan, Elgoibarko gazteekin. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuetatik iristen zaizkigun kasuak izaten ditugu; handik bideratutako gazteekin egiten dugu lan. Bestetik, kalean prebentzio lana egiten dugu; hau da, kalean aurkitzen ditugun eta laguntza behar dutela iruditzen zaigun gazteekin hitz egiten dugu, eta beharrezkoa bada, esku-hartzea egiten dugu.

Zein dira esku-hartzea egiteko identifikatu ohi dituzuen egoerarik ohikoenak?

Adierazle batzuk ditugu, eta horien arabera ikusten dugu zeintzuk diren bazterkeria egoeran egon daitezkeen gazteak. Hiru arrisku maila desberdintzen ditugu: altua, ertaina eta larria. Normalean, esku-hartzen dugun kasurik gehienak drogen kontsumoarekin edo gazteen jarrera oldarkorrarekin lotuta egon ohi dira. Horrez gain, beste behar mota batzuk dituzten gazteengana ere jotzen dugu. Pertsona batek egonezina duenean antzeman egiten da.

Pandemia hasi zenetik nola aldatu da zure lana?

Konfinatu gintuzten unean esku-hartzeak online egiten hasi ginen, eta mugikorretarako zenbait aplikazio jaitsi behar izan genituen gazteekin harremanetan jartzeko eta beraiekin hitz egiteko. Hainbat gazterekin hitz egiteko, ordea, zailtasunak izan genituen, lehendik kalean ezagutu genituen gazte askoren telefono zenbakirik ez genuelako; hori izan da mugetako bat. Pandemia dela-eta jendeak ohiturak aldatu dituela ere ikusi dugu; esaterako, asko antzematen da teknologia berrien indarra, eta lehen kalean ibiltzen ziren gazteetariko asko etxean gelditzen dira orain. Lehen harremana genuen kalean ibiltzen ziren gazteekin, baina osasun krisiak dena izorratu du.

Osasun neurriak direla-eta kaleak erdi-hutsik daude azken hilabeteetan. Horrek ere lana zaildu al dizu?

Bai. Gainera, Elgoibar eremu gorrian dago une honetan, eta ostalaritza guneak itxita daude. Ia inor ez dabil kalean, eta hori sekulako erronka da guretzat. Askotan, aurretik harremana genuen gazteei deitzen diegu, non dauden galdetu eta hara joaten gara, beraiekin hitz egitera. Lehen kalean naturalki egiten genuen gazteekin harremana; orain, ordea, ez.

Gazte askoren gotorleku dira kaleak edo beren lokalak.

Bai, halaxe da, eta horri buelta eman nahian gabiltza. Izan ere, COVID-19 gaitzaren kontuarekin leku itxietan ezin da jende asko bildu, eta horrek aisialdi eredua aldatu du. Elkartean proiektu bat dugu eskuartean gazte horiek aisialdi osasuntsua izatea lortzeko. Eremu publikoan gazteak aktibatu nahi ditugu.

Jarrera aldaketarik sumatu al duzu haien artean osasun krisia dela eta?

Bai. Asko antzeman dugu, adibidez, gazteek gero eta gutxiago pentsatzen dutela etorkizunean; oraina bizitzen ari dira. Bestalde, gazte askok orain nahiago dute etxean egon, eta lagunekin gelditzen badira ere, askotan elkarri hitzik egin gabe egoten dira, mugikorrarekin. Guraso asko beldurtuta daudela ere ikusi dugu; beren seme-alabei jende askorekin ez elkartzeko esaten diete, kutsatzeak saihesteko. Guraso askok eskola leku seguru bezala ulertzen dute, baina kalea ez.

Zer gertatzen da etxea leku segurutzat ez duten gazte horiekin?

Kale hezitzaile garen unetik, gazteen momentuko beharrei erantzuten saiatzen gara, baina familiekin ez dugu zuzeneko esku-hartzerik egiten, horretarako beste zerbitzu batzuk baitaude. Dena den, gu ahalegintzen gara gazteak etxetik kanpo dauden unean behintzat ahalik eta ondoen sentitu daitezen bermatzen. Kontuak kontu, harrituta gelditu gara gazteek oro har itxialdia zeinen ondo eraman duten ikusita.

Erabiltzaileen kopuruan igoerarik edo jaitsierarik antzeman al duzu azken hilabeteetan?

Jarraipena egin diegun kasuak gutxiago izan diren arren, uste dut gazteen artean krisi egoera gehiago izan direla. Etxeetan kasu larriak zituztenei, adibidez, egoera okertu egin zaie, baina larritasun ertaina zuten gazteek nahiko ondo eraman dute itxialdia.

Zer gehiago egin beharko litzateke beharra duten gazteen egoera hobetzeko?

Garrantzitsua da gazteei baliabideak ematea, ahalik eta aisialdirik osasuntsuena izan dezaten eskolatik kanpo dauden unean. Eskola Kirola martxan denean, adibidez, dena ondo joaten da, baina behin adin batera iritsita, kirol munduan bide profesionala hartzen ez badute, ezer gabe gelditzen dira gazteak. Hori dela eta, modu seguruan eta aire librean egin ahal izateko askotariko ekintzak sortu beharko lirateke, betiere egoerak eskatzen dituen osasun eta segurtasun neurriak hartuta. Kalexka elkartetik proiektu komunitario bat sortzeko asmoa dugu, gazteen artean ghettoak sor ez daitezen. Kale hezitzaileok gai izan behar dugu gazteen joera berrietara egokitzeko, baita gizarteko egoera desberdinetara ere. Bestalde, gure erronketako bat da Elgoibarren erreferentzialtasuna eskuratzea, egunen batean gazteren batek zerbait nahiko balu gugana jo dezakeela jakiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide