Gorputzik gabeko dantzariak
Trikitia eskuan eta mozorroak soinean, kalea alaitzeko prest. Musika eskolako ikasleek eta Udal Musika Bandako kideek musikaz janzten dituzte herriko kaleak Astelehen Karnabaleko kalejiran. Goiko argazkia Juan Mari Ibarzabalek 2011. urtean ateratakoa da. Bertan, hainbat musikari gaztetxo harrapatu zituen Ibarzabalek, baina baita beste protagonista berezi batzuk ere: gorputzik gabeko dantzariak. Nola dantzatuko ote zuten herriko buruhandiek egun hartan?
Festa!
Estilo propioz, dotore eta alai. Horrela zuzendu izan du Joxe Mari Zelaiak Jai Karnabaleko artzain-inudeen konpartsa urte luzez. Zuzentzen eta dantzan, dantzan eta zuzentzen, festaren ikur bihurtu den estiloarekin. Horrela harrapatu zituen Zelaia eta haren gidaritzapean danborrak jotzen zebiltzan azpeitiarrak Javier Yarnoz argazkilariak 2014. urtean.
Lan egin ondoren, parranda
Tabernako barraren atzean lan eta lan aritu ostean, parrandarako tartea ere hartzen dute zenbait tabernarik karnabaletako astelehenean eta asteartean. Joxe Ramon Larrañagak 2012an Erdikaleko Intz tabernaren atarian ateratako argazkia da hau. Irudia zuri-beltzean egonagatik, urrutira ikus daiteke argazkiari darion alaitasuna.
Kolore kolore
Iñaki Etxenagusiak 2015ean atera zuen kolore biziz jantzitako argazki hau. Simpsondarren azalean jarrita, detailez detaile zaindutako mozorroak soinean poteatu zuten zenbait azpeitiarrek Errebalean. Une horietako bat izoztu eta betirako gorde zuen Etxenagusiak argazki alai honetan.
Zer pasatuko da?
2013ko Elegante Egunean Enparan kalean Alex Berasategik ateratako argazkia da hau. Sokamuturraz gozatzen ari ziren gazteek soka-saltoan ibiltzeko aprobetxatu zuten zezen aldaketaren tartea. Sokarekin jolastuz gero... Lurrean amaitu edo ez, bertan elkartutakoek egun horretako oroitzapen ederrak izango dituzte gogoan.
Musika Banda
Goizeko diana ere Azpeitiko karnabalen osagarri ezinbestekoa da. Astearte Karnabal goizeko zezenaren irteeraren aurretik, jendetza ibiltzen da kalejiran Udal Musika Bandaren atzetik. Tabernak itxita, jendez eta mozorroz betetzen dira kaleak, karnabaletako Goiz eresiaren doinuen erritmora.
Hau da anbientea
"Hementxen dala!" oihuak hartzen ditu Azpeitiko kaleak karnabalak iristearekin batera. Zenbaitentzat urteko festarik kutunenak, beste askorentzat alaitasuna eta poza. Elegante Egunean bada une berezi bat, azken urteetan indar handia hartu duena: arratsaldeko zezenaren irteera. Erdikalean sortzen den giroa islatzen du Alberto Belokik 2017an ateratako argazki honek.
Jele-jele
Kolorea eta umorea. Amy Winehouse eta Sevillako artistak elkarrekin Pikua tabernaren parean, kantu eta dantza. Atzean, aldiz, bestelako pertsonaia bitxiak, haiek ere festara batzeko gogoz. 2016an Iñaki Etxenagusiak ateratako argazki honek ongi islatzen du karnabalen magia, aniztasuna eta alaitasuna.
Gazteena
2020ko Elegante Egunean ateratako argazkia da honako hau. Juan Antonio Unzurrunzagak harrapatu zuen musikari gaztetxo hau helduz inguratutako lekuan danborra jotzeko prest. Txiki bezain elegante; izan ere, elegantziak ez du tamainarik.
Queen
Askok izango dute gogoan 2019ko Astelehen Karnabal gauean Freddie Mercuryk eta haren taldekideek Azpeitiko plazan eskainitako emanaldia. Kioskora igo eta plaza hartu zuten. Emanaldi berezi hura harrapatu zuen Alberto Belokik, eta haren lekuko da argazki hau. The show must go on!
Venezia
Astelehen Karnabaleko festan askotariko mozorroak ikus daitezke Azpeitiko kaleetan: originalak, betikoak, bitxi bezain harrigarriak, landutakoak, sinpleak... Dotoreak ere bai, eta horren adibide da 2018. urteko argazki hau. Veneziako karnabalak Azpeitira ekarri zituzten hainbat herritarrek, eta pertsonaia haietako bati xehetasunez betetako argazki hau atera zion Iñaki Aranburuk.