Aholkularitza juridikoa, ikuspuntu feministarekin

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 2a, 10:28

Urriaz geroztik, Azpeitiko Udalak Emakumeen Txokoaren bitartez emakumeei zuzendutako aholkularitza juridikoa eskaintzen du. Zerbitzuaren xedea da emakumeak ahalduntzea eta haiei arlo juridikoko zalantzak argitzea. Besteak beste, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalen, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazken eta mantenu pentsioen ordainketa ezaren zein laguntza sozialen inguruko auzien gaineko aholkuak eskaintzen dituzte.

Iazko urritik, emakumeei zuzendutako aholkularitza juridikoa eskaintzen dute Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Arlo juridikoari lotutako zalantzak argitzea eta, aldi berean, emakumeen ahalduntzea dira zerbitzuaren helburuetako bi. Garazi Plazaola (Donostia, 1989) eta Macarena Mujika (Zarautz, 1988) dira Azpeitiko Emakumeen Txokoko zerbitzuaz arduratzen direnak, eta badute esperientzia gaian. Aholkularitza juridikoa ikuspegi feministatik eskaintzen dute, baina zer esan nahi du horrek?

Plazaola eta Mujika abokatuak dira lanbidez, eta beraien eguneroko lanetan ohartu ziren hainbat problematikari aurre egiteko emakumeei eskaintzen zizkieten zerbitzuetan “gabeziak” zeudela. Identifikatutako hutsuneen aurrean zerbait egin ahal zutela iritzita hasi ziren aholkularitza juridikoa ikuspegi feministatik lantzen. Epaitegietako jardunean hizkuntza inklusiboa erabiltzea eta pedagogia feminista egitea ere helburu dute bi abokatuek; izan ere, haien arabera, "justizia organoak patriarkalak dira” eta hori aldatzeko “bakoitzak bere eremutik” egin behar du ekarpena.

Bi abokatuek azaldu dutenez, eremu judizialeko gatazketan emakumeek “emakume izateagatik” hainbat ondorio negatibo pairatzen dituzte “modu sistematikoan”; hala nola, babes sozial falta, zaurgarritasun ekonomikoa eta zaurgarritasun emozionala. Hori dela eta, uste dute aholkularitza juridiko zerbitzuetan artatutako emakumeei laguntza eraginkorra eskaintzeko “ezinbestekoa” dela artatze egokitua egitea. “Kontrako kasuan, ez dira emakumeentzat irtenbide interesgarriak proposatuko”, diote. Beraz, bestelakoa egiten dute. “Artatzen dugun pertsonaren autonomia eta ahalduntzea bultzatzen ditugu, prozesuan zehar protagonista bera dela sentiaraziz; gatazken konponbideari dimentsio sozial zein kolektiboa ematen diogu, eta biktima aseko duten eta legeak eskaintzen dituen zehaztapenetan oinarritutako irtenbideetatik haragoko konponbideak bilatzen saiatzen gara”, azaldu dute.  Horiek dira aholkularitza juridikoa ikuspegi feministatik egitearen ezaugarrietako batzuk, Plazaolaren eta Mujikaren hitzetan.

Biek ala biek dute esperientzia emakumeei zuzendutako aholkularitza juridikoan. Esaterako, Gipuzkoako Emakume Bananduen Elkartean eskaintzen dute aholkularitza juridikoa, eta diote “emakume askorentzat oso baliagarria” dela zerbitzua, gatazka desberdinei aurre egiteko lehen pausoa ematera bultzatzen baititu. Horregatik, “ezinbestekoa” iruditzen zaie emakume guztiek horrelako zerbitzuak eskura izatea.

Aholkularitza espezializatua da Emakumeen Txokoan eskaintzen dutena. Hainbat gai lantzen dituzte bertan; besteak beste, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, bisita erregimenak ez betetzea, etxeko langileen zein gainontzeko langileen kaleratzeak, mantenu pentsioen ordainketa eza zein laguntza sozialak.

Ezagutza falta

Emakumeen kontrako indarkeria kasuak nahi baino gehiagotan jazotzen dira, eta horiei lotutako salaketa kasu ugari zenbatzen dituzte erakundeek urtero. Plazaolaren eta Mujikaren aburuz, “indarkeria kasuen judizializazioaren inguruko ezagutza falta dezente dago, nahiz eta azken urteetan sentsibilizazio lan handia egin den”. Haiek diote asko direla eraso matxistak salatzeko egiten diren kanpainak, baina justizia administrazioak dituen gabeziak tarteko, frustrazioa sor daitekeela emakumeengan: “Noski salaketa badela tresna erabilgarria indarkeria kasuetarako. Hala ere, justizia administrazioak oraindik ere gabezia asko ditu: espazio, hizkuntza eta jarrera arrotzak, operadore juridikoen ikuspegi feminista falta, zigor sistemaren eraginkortasun erlatiboa...  Guzti horrek zenbait kasutan frustrazioa eta nekea sortzen ditu emakumeengan”.

Legeak, administrazioko prozedurak, burokrazia, epaitegien jarduera... gai ezezagunak edo urrutikoak dira pertsona gehienentzat, eta ezjakintasun horri erantzuteko daude aholkularitza zerbitzuak. Plazaolaren eta Mujikaren iritziz, “eskubideen gaineko ahalduntze falta handia dago”, eta hori aldatzeko grinez ari dira lanean: “Gure helburua da jendarteari gatazken tratamendu integrala eskaintzea, gatazkak nondik sortzen diren identifikatzea, beharrak zeintzuk diren zehaztea eta horiek ebazteko tresnak eskaintzea. Eskubideen gaineko ahalduntze falta handia dago eta horri konponbidea jarri nahi diogu. Horretarako formakuntzak, aholkularitza, prozesu kolektiboak, babes psikologikoa, epaitegien aurreko jarduna eta ikerketa baliatzen ditugu, jendarte ahaldunduago eta, beraz, feminista baterantz urratsak egiteko”.

Ildo beretik mintzatu da Idoia Arrizabalaga, Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotzia. "Justiziaren arloa gertutik bizi ez dugunontzat, mundu juridikoa oso arrotza eta konplexua da. Gehiengo handi batean gizonezkoek kudeatzen duten mundu bat da. Hori dela eta, ikusi genuen egoera edo arazo ezberdinak zituzten emakume ugarik, gehienetan egoera zaurgarri batetik abiatuta, mundu juridiko horretan murgiltzeko ezjakintasun, erreparo eta beldur handiak zituztela, eta horien ondorioz nahiago zutela beren oinarrizko eskubideak defendatzeko prozesuak ez abiatzea. Horrenbestez,  gabezia bat zegoela identifikatuta, udaleko Parekidetasun sailetik abiatuta, Emakumeen Txokoan zerbitzu berri bat eskaintzea erabaki genuen". 

Zerbitzu beharra, harrera ona

Emakumeen Txokoko aholkularitza juridikoko kontsulta "kezkak eta beldurrak lasai kontatzeko eta kontsultatzeko" leku bat dela diote sustatzaileek. "Gertuko aholkularitza eskaini nahi izan genuen, baina batik bat konfiantzazko gune bat edo gune seguru bat eskaintzea zen asmoa; emakumeak epaituak izan gabe entzunak eta aholkatuak izango diren toki bat, beti ere ikuspuntu feminista batetik eskainia", azaldu du Arrizabalagak. 

Hilabete gutxiko ibilbidea du zerbitzuak, eta denbora tarte horretan Emakumeen Txokoa itxita ere egon da pandemia hedatzea eragozteko segurtasun neurriak tarteko. Hala ere, Parekidetasun saileko zinegotziaren arabera, "harrera ona" izan du zerbitzuak, horren beharra zegoelako. Arrizabalagak adierazi du momentuz "oso gustura" daudela zerbitzuak izan duen erantzunarekin: "Kontsulta ordu gehienak hartuta daude. Zerbitzura jotzen duten pertsona asko beren kabuz etortzen dira; beste asko, aldiz, Gizarte Zerbitzuetatik bideratura. Aholkularitza martxan jarri genuenetik izan gara harremanetan eta elkarlanean Gizarte Zerbitzuekin,  eta oso emaitza onak ematen ari da".

Hilean bi ostegunetan eskaintzen dute zerbitzua Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 16:00etatik 19:00etara. Doakoa da, eta aurrez hitzordua eskatu behar da Emakumeen Txokora (943-15 70 55 edo 688 75 10 00) nahiz Parekidetasun Sailera (943-15 79 28) deituta, edo honako bi helbideetara idatzita: parekidetasuna@azpeitia.eus eta emakumeentxokoa@azpeitia.eus.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide