Hondakinak biltzeko guztiz elektrikoa den kamioi bat probatzen aritu da Urola Erdiko Mankomunitatea

Anartz Izagirre 2021ko mar. 3a, 11:50

Bereziartua, Olabegogeaskoetxea eta Letona 'Irizar ie truck' ibilgailuarekin. (Azpeitiko Udala)

Irizar e-mobility enpresak utzi dio mankomunitateari kamioi elektrikoa, askotariko ibilgailuak probatzen ari baita mankomunitatea, ondoren horietakoren bat erosteko. Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariaren esanetan, ibilgailu horiek "aukera egokia" dira eskualderako, "kutsadura atmosferikorik eta akustikorik ez dutelako sortzen”.

Urola Erdiko Mankomunitatea erabat elektrikoa den hondakinak biltzeko kamioi bat probatzen aritu da bailaran. Irizar e-mobility enpresak egindako kamioia da Irizar ie truck deiturikoa, eta egileen esanetan, ez du kutsadura atmosferikorik zein akustikorik eragiten. Urola Erdiko Mankomunitateak gaur egun erabiltzen dituen kamioiak alokatuak dira, eta ibilgailuak erostea pentsatzen ari dela jakinarazi du. Hori dela eta, askotariko ibilgailuak ezagutzen eta aztertzen ari dira mankomunitateko kideak, eta horietako bat da Irizar ie truck.

Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak trantsizio ekologikorako ibilgailu elektrikoen garrantzia azpimarratu du: "Ibilgailuak erosteko aukerak aztertzen ari gara, eta ibilgailu elektrikoak interesgarriak iruditu zaizkigu. Izan ere, energia trantsiziorako bidean, ibilgailu horiek aukera egokia dira, kutsadura atmosferikorik eta akustikorik ez dutelako sortzen”. Kamioi horien lehen probetan izan dira Bereziartua eta Irizar e-mobility enpresako Hector Olabegogeaskoetxea eta Josu Letona –argazkian–.

Ibilgailuaren ezaugarriak

Irizar ie truck ibilgailuak, guztira, bederatzi tona garraiatzeko ahalmena du, eta haren txaxisak 8,5 metroko luzera du. Kabinako sarrerak eskailera maila bakarra du, eta horrek "igarobide segurua" ematen die gidariari zein laguntzaileei; hain zuzen ere, Irizar ie truck egungo merkatuan "sarbiderik baxuena" duen ibilgailua dela azaldu dute Irizar e-mobility enpresakoek. Horrez gain, kabinak besaulki tolesgarriak ditu, eta zaborra biltzen duten langileen joan-etorria errazteko espazioak ere baditu.

Langileek zerbitzu bakoitzeko 200-250 aldiro jaitsi behar izaten dute ibilgailutik, 50 eta 200 metrotik behin gelditu behar izaten baitute. Hori dela eta, ibilgailurako sarbidea errazteak "lesioak eta istripuak murrizten" lagun dezakeela adierazi dute haren egileek, eta "lanaldi azkarragoak eta seguruagoak bermatzen" direla. Horrez gain, kamioiak ikusmen baldintza "oso onak" dituela esan dute, eta oinezkoak, txirrindulariak zein bide publikoko gainontzeko erabiltzaileak "hobeto bereiztea" ahalbidetzen duela gidarien zein laguntzaileen eserlekuaren behe-posizioari nahiz ibilgailuko beiren zabalerari esker.

Hona hemen Azpeitiko Udalak Twitterren eskegi duen kamioiaren probaketako bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide