Dagoeneko eska daitezke etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 3a, 18:15

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek, banatuta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko dirulaguntzak. Urriaren 15ean itxiko da eskaerak egiteko epea. Gazteen kasuan, derrigorra da aurrez Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan laguntza eskaera egina izatea.

Udalak zabaldu du etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea. Helburua gazteei emantzipatzen laguntzea eta etxebizitza baterako sarbidea erraztea izanik, 18 urtetik 35 urtera (horiek barne) arteko herritarrek dute laguntza horiek eskatzeko aukera. Hori bai, laguntza eskatzeko ezinbesteko baldintza izango da aurrez Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programako laguntza eskaera egina izatea, osagarriak izango baitira. Hau da, Gaztelagun laguntza jaso dutenek ez dute udalaren laguntzarik jasoko, eta hura eskatu baina jaso ez dutenek udalaren laguntza jaso ahal izango dute.

18 urtetik 35 urtera arteko gazteek ez ezik, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek, banatuta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek ere eska ditzakete alokairua ordaintzeko udalaren dirulaguntzak. Eskaerak egiteko epea urriaren 15ean itxiko da.    

Udalak eskatzaile bakoitzari emango dion dirulaguntzaren zenbatekoa, eskatzaile horren urteko diru sarreren araberakoa izango da, eta honako irizpideak hartuko ditu kontuan:    

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilean 550 euro baino gutxiagokoa izan beharko du; hortik gorako errentak dituztenek ez dute udalaren laguntzarik jasoko. Hori horrela, honako hauek dira udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro hilean; urtean gehienez 3.600 euro lirateke.
  • Alde Zaharrean alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute hilero. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.

Dirulaguntza eskatzen duten herritarrek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute udaletxean:

  • Eskabide-orria, behar bezala beteta eta sinatuta.
  • Laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzaren NANaren edo egoitza txartelaren kopia. Adin txikikorik balego, Familia Liburuaren kopia ere aurkeztu beharko da. Azken agiri hori kasu guztietan aurkeztu beharko da senidetasuna egiaztatzeko, baldin eta ondorengotza alegatu bada.
  • Etxebizitzaren alokairu kontratuaren kopia, indarrean dagoena eta diruz lagundu daitekeen epearen barnekoa.
  • Kontu Korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.
  • Estatu mailan etxebizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria, laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza erregistroak igorria eta laguntza eskaera eman baino gehienez hamabost egun lehenagokoa.

Etxe hutsak merkaturatzea erronka

Azpeitiko Udala 2013an hasi zen gazteei alokairua ordaintzeko dirulaguntzak ematen; beraz, berriak ez dira, baina aurten inoiz baino lehenago zabaldu du laguntza horiek eskatzeko aukera. Horren zergatia eta laguntzen inguruko xehetasunak Josu Labaka eta Ainara Larrañaga zinegotziek azaldu dituzte gaur arratsaldean, udalatetxean egin duten agerraldian.

COVID-19aren garaian gazteak "ahaztuak" izan diren arren, pandemiaren ondoriorik gordinenak jasaten ari direnak haiek direla esan du Larrañagak, "lan baldintza prekarioak dituztenetako asko gazteak direlako eta enpleguak galtzen hasten direnean lanik gabe gelditzen aurrenak gazteak izaten direlako". Horregatik, azaldu du udalak ahalegin berezia egin duela aurten batez ere gazteei zuzendutako alokairurako laguntzen deialdia lehenbailehen egiteko.

Larrañagak nabarmendu du alokairurako laguntzak "oso aukera ona" direla gurasoen etxetik irten nahi duten gazteentzat. "Laguntza horiek herriko gazte askori eman digute aukera bizi proiektu propioa eraikitzeko lehen urratsak egiteko". Hori horrela, gurasoen etxetik alde egin nahi duten gazte guztiak animatu ditu laguntzak eskatzera.

Labakak alokairurako dirulaguntzen helburua azpimarratu du: "Gazteek bizi duten errealitateari erantzun garbi eta zehatza ematea, emantzipaziorako bidea erraztuz eta hilean 250 euroren truke gurasoen etxetik kanpo bizitzea ahalbidetuz". Laguntzen nondik norakoen artean nabarmendu du udalak 550 eurora arteko errentak ordaintzen lagunduko duela, eta horren helburua dela herriko alokairuen prezioak gehiegi ez igotzea. "Azpeitian, beste herri batzuetakoekin alderatuta, alokairuko errentak ez dira ikaragarri altuak, eta horri eustea da gure nahia". 

Alokairurako dirulaguntza jaso ahal izango dute etxebezitza bakarka zein taldeka alokatzen duten gazteek. Etxebizitza berean bat baino gehiago bizi diren kasuan, herritar bakoitzak egin beharko du laguntza eskaera, eta udalak herritar bakoitzari bere diru sarreren araberako laguntza emango dio, beti ere kontuan izanda etxebizitza baten alokairu errentagatik ez duela hilean 250 eurotik gorako laguntzarik emango.

Udalak alokairurako laguntzak eman arren, gauza jakina da alokairuko etxeen eskaintza urria dela Azpeitian, eta Labakak esan du horren jakitun dela udala eta hari direla horri nola erantzun aztertzen. "Etxe hutsen gaineko errekargoa handitu genuenean zenbait etxebizitza atera ziren merkatura, baina egia da ematen ditugun erraztasun eta laguntzen ondorioz alokairuko etxebizitzen eskaria asko igo dela azken urteotan, eta badakigu ez dela erraza alokatzeko etxebizitzak topatzea". Hori horrela, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzeko dauden aukerak aztertzen ari direla esan du eta datozen hilabeteetan urrats berriak egitea aurreikusten dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide