Zu zeu

Ane Lizarralde: "Parte hartu dudan lanik entzutetsuena 'Patria' izan da"

Anartz Izagirre 2021ko mar. 28a, 15:30

Ane Lizarralde. (Anartz Izagirre)

Makillatzailea da Ane Lizarralde (Azpeitia, 1994). Euskal Telebistan egunero-egunero ateratzen diren hainbat aurkezle berak apaindu ohi ditu. Horrez gain, duela urte batzuk telesailetan eta filmetan lan egiteko aukera izan zuen Lizarraldek, eta esperientzia hura "oso garrantzitsua" izan zela aitortu du 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian, Zu zeu atalean.

Nondik datorkizu makillatzaile izateko grina?

Estetikako goi mailako zikloa egin nuen, eta orduan hasi nintzen makillaje munduarekiko interesa izaten. Horrez gain, hainbat ikastaro egin ditut, eta horietako baten bidez, EITBn praktikak egiteko aukera izan nuen bi astez.

Zein izan zen zen zure lehen lan esperientzia?

EITBn praktikak egin eta segituan han lanean hasteko aukera izan nuen, askotariko saioetan; besteak beste, Biba zuek! eta ¡Que me estas contando! arratsaldeko saioetan. Horren ostean, Karmele Solerrek deitu eta Patria telesailean lan egin nahi al nuen galdetu zidan; sekulako sorpresa izan zen niretzat, eta baietz esan nion, noski. Dena den, deitu zidanean ezustean harrapatu ninduela gogoratzen naiz, eta pentsatu egin behar nuela esan nion. Orduan, amari deitu nion aholku eske, eta hark esan zidan: "Zer egiten duzu nirekin hitz egiten? Esaiozu baietz!".

Euskal Telebistako saioez gain, telesailetan eta filmetan ere aritu zara, beraz.

Bai, baina apur bat gutxiago. Parte hartu dudan lanik entzutetsuena Patria izan da, eta film labur batzuetan ere aritu izan naiz lanean, baina askoz denbora gutxiagoz. Izan ere, Patrian 2019ko martxotik abuztura bitartean egin nuen lan. HBOk Espainian egin zuen lehen ekoizpena izan zen hura, eta orduan jarri zitzaidan mundu horretan lanean jarraitzeko gogoa. Oso esperientzia sakrifikatua izan zen, hamaika ordu igarotzen genituen egunero lanean, baina merezi izan zuen esfortzuak. Bestalde, Euskal Herriko ekoizpenei dagokienez, Go!azen eta Ihesaldia telesailetan ere aritu nintzen aktoreak makillatzen.

Beste zer jarduera gauzatu dituzu makillatzaile moduan?

Pertsonaien karakterizazioa ere egin izan dut. Adibidez, Aitziber Garmendiak pertsonaia asko gorpuzten ditu, eta pertsonaia bakoitzaren arabera, modu batera edo bestera makillatu behar izaten dut. Horrez gain, lagunak ere makillatu izan ditut ezkontzetarako edo karnabaletarako.

Ba al duzu erreferenterik?

Instagramen makillatzaile asko jarraitzen ditut, baina ez nuke jakingo bakarra aukeratzen. Gauza oso desberdinak egiten dituen jende asko dago. Karmele Soler lanean ikustea, esaterako, masterclass baten moduko zerbait izan zen. Asko ikasi dut berarekin.

Zein da orain arte egin duzun lanik zailena?

Karakterizazioren bat, agian. Nire anaia beldurrezko mojaz mozorrotu zen karnabal batzuetan, eta halako gauzak egiteak baditu bere zailtasunak. Izan ere, aurrez material guztia prestatu behar duzu, eta modeloak ere lasai egon behar du guztia ondo atera dadin.

Pertsonaia famatu asko makillatu al dituzu?

Patrian Euskal Herriko aktore ezagunak makillatu nituen; besteak beste, Elena Irureta eta Eneko Sagardoi. Bestalde, Donostiako Zinemaldiari buruzko saio batean, Javier Gutierrez aktorea makillatu nuen hiru egunez. Horrez gain, politikariekin lan egitea ere tokatu izan zait ETBn; adibidez, Andoni Ortuzarrekin eta Arnaldo Otegirekin.

Zer da egiten duzunetik gehien gustatzen zaizuna?

Orain arte egin dudanetik gehien gustatu zaidana telesail edo film batean parte hartzea izan da; izan ere, oso lan sakrifikatua izan arren, asko gustatu zitzaidan filmaketan egotea.

Zer behar da makillatzaile ona izateko?

Batez ere, lanerako gogoa. Asko gustatu behar zaizu lan hau, ordu asko igarotzen baititugu jendea makillatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide