Emakumeok eremu sozialean, politikoan zein laboralean borroka asko aurrera eraman behar izan ditugu patriarkatuak ezartzen digun zapalkuntza dela eta. Historian zehar egin diren borroka horiek guztiek, ordea, izan zuten fruitua. Batzuk agerikoagoak dira; gaur egun emakumeok botoa eman dezakegu, adibidez. Baina badira horren agerikoak ez diren aldaketak ere, sakoneko aldaketak, herritarron pentsamenduan eta ideia kolektiboetan gertatu direnak. Gaur egun, feminista garela ozen eta harro esaten dugu emakume borrokalari horien guztien testigua jaso dugulako, eta horri esker, askeago garelako. Askeago gara norbanako bezala, baina askeago herri bezala ere.
Hala ere, oraindik bigarren mailako izaki bezala ikusten gaituzte. Horren adibide dira soldata arrakalak eta emakumeei egozten dizkiguten lanen prekarizazioa. Asko daukagu egiteko, bidea luzea da. Ez ditugu eskubideak eskatzen; subjektu osoak izatea exijitzen dugu, eta horretarako, beharrezkoa da patriarkatuaren aurka egunez egun lanean jarraitzea: instituzio, epaitegi, hezkuntza matxista, soldata prekario eta abarrekin zapaltzen gaituena. Horrez gain, gure barruan daramagun matxismo isilaren aurka egiteko ere bai: pixkanaka elkar zainduz eta ulertuz, aldaketak gauzatzen joango gara gorputzaren kanpoan, baita gure erraietan ere.
Gaurkoa ez da beste egun soil bat. Gaur, Azpeitian, Euskal Herrian eta munduko beste zenbait txokotan emakume eta genero disidente ugarik hartuko dugu plaza. Argi daukagu emakume izateak batu egiten gaituela, emakume izatea ez delako sexu biologiko bat, sistema honetan ezartzen zaigun eta ondorio sozioekonomikoak eta politikoak dituen zapalkuntza bat baizik. Emakume egin gaituzte, gizarteko paper bat egotzi digute, zaintza lanen karga bizkar gainean daramagu, biolentzia jasaten dugu, isilarazi egin nahi gaituzte, domatuta nahi gaituzte. Horretarako, errua erabiltzen dute; izan ere, errudun sentiarazi nahi gaituzte gure bizitzako arlo guztietan eta pandemia honen errua ere gure gain bota nahi izan dute; zaintza lanetan horren ezinbestekoak izan garenongan, duintasuna aldarrikatzen dugunongan. Besarkada estu bat erresidentzietako langileei, etxeko langileei, emakume pentsiondunei, emakume ikasleei, emakume langile guztioi!
Horregatik guztiagatik, gaur, 18:00etan, Azpeitiko plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak.
Gora borroka feminista!