'Larrugorritan' telesailean parte hartuko du Xanti Agirrezabala aktoreak

Ihintza Elustondo 2021ko mar. 10a, 08:20

Xanti Agirrezabala, 'Larrugorritan' telesailerako ateratako argazki batean. (Utzitakoa)

Gazteei zuzendutako euskarazko fikzioa da Larrugorritan; emakumeen eta gizonen arteko estereotipoak nahiz gazteek egunerokoan izan ohi dituzten kezkak landuko ditu. Peru pertsonaia gorpuztuko du aktore azpeitiarrak, eta Aste Santu ondoren grabatuko dute lehen atala. Une honetan, herritarren laguntza jasotzen ari dira finantzaketa kolektibo bidez.

Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997) proiektu berri batean murgilduta dabil. Hain zuzen ere, Larrugorritan izeneko telesailean parte hartuko du aktoreak. Gazteei zuzendutako euskarazko fikzioa da Larrugorritan, eta, besteak beste, hizpide izan nahi ditu emakume eta gizonen arteko estereotipo eta mitoak, gai tabuak eta gazteek egunerokoan dituzten kezkak nahiz gatazkak. Jone Arriola da proiektuaren zuzendari nagusia, baina talde handia du hark ondoan: hain zuzen ere, talde horren parte dira Ane Nafarrete, Uxue Botas, Itziar Otxoa, Uxue Jimenez, Mirena Nafarrate, Maialen Sorzabalbere, Maider Lazkano, Ainara Arriola eta Biarritz Fernandez.

Donostiako Tabakalerak eskainitako 2deo programari esker hasi ziren proiektua garatzen. Orain gutxi, gainera, Batera, kultur proiektuak elkarrekin sormen beka eskuratu du egitasmoak. Beka horri esker, 2.000 euroko laguntza jaso dute, baina proiektua guztiz garatu ahal izateko, finantzaketa kolektiboko kanpaina ere abiatu dute, itsulapikoa.eus plataformaren bidez. Herritarrek 40 eguneko epea izango dute beren ekarpenak egiteko. Gaur-gaurkoz, hemezortzi egun falta dira kanpaina amaitzeko, eta 3.105 euro bildu dituzte.

Bost lagunez osatutako kuadrilla baten gorabeherak azalduko ditu telesailak. Enak, Nikok, Larak, Alik eta Maik euskal gazteek bizi dituzten gatazkak eta kezkak jorratuko dituzte. Besteak beste, honako gai hauek landuko ditu telesailak: drogak, sexua, identitate arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna. Agirrezabalak bost gazte horien lagun bat gorpuztuko du: "Ni Peru izango naiz, Aliren betiko laguna. Konfiantza handia dugu elkarren artean, eta oheratzeko pausoa ere emana dugu. Bikote eredu klasiko eta zurrunetatik at dagoen erlazio baten ispilu izango da gurea".

Fizkioa, errealitatetik hurbil

Gizartean ezarrita dauden arauak nolabait apurtzen dituen telesaila izango da, beraz, Larrugorritan. "Nik uste dut bide horretatik doala egungo errealitatea, eta telesailak ere bide hori jorratu nahi du. Telesaila fikziozkoa den arren, uste dut saiatu nahi duela errealitatea islatzen; errealitatea aldatzen ari den bezala, fikzio ereduek ere aldatzen joan behar dute". Proiektuaren erreferenteak egun "asko funtzionatzen duten telesailak" direla azaldu du Agirrezabalak: "Besteak beste, Sex education eta Euphoria".

Telesailak sei atal izango ditu, eta Aste Santu ondoren grabatuko dute telesailaren atal pilotua. "Lehen atal horrekin jarriko dugu martxan egitasmoa, eta gero espero dugu idatzita dauden beste atalak ere grabatuko ditugula". Donostia inguruan egingo dituzte grabaketak, eta emaitza websail bat izango den arren, oraindik zehazteko dute zer plataformatan ikusi ahal izango den telesaila. Lehen atala, gainera, jendaurrean aurkeztuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide