Ostiraleko lan istripua salatzeko bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte Mendiaraiz enpresako langileek

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 9a, 14:14

Elkarretaratzeko irudia. (ELA)

Joan zen ostiralean langile bat hil zen Mendiaraiz enpresan izandako lan istripuan. Gaur eguerdian ezbeharra salatzeko lanuztea nahiz kontzentrazioa egin dituzte enpresako beharginek lantokiaren atarian, Langile Batzordeak deituta. Bertan izan dira LAB eta ELAko ordezkariak ere. 

Joan zen ostiralean langile bat hil zen Azpeitiko Mendiaraiz enpresan izandako lan istripuan, eta enpresa horretako langileek ezbeharra salatu dute gaur. Bi orduko lan uztea egin dute Azpeitiko nahiz Zumaiako Mendiaraiz enpresetako beharginek, eta ondoren, 13:00etan, kontzentrazioa egin dute Azpeitiko lantokiaren atarian, Lan istripu gehiagorik ez!  lelopean. Enpresako Langile Batzordeak deituta egin dute protesta gaurkoan, eta bertan izan dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere. 

Ostiraleko lan heriotza tarteko, ELAk hildakoaren senitarteko eta lagunei "elkartasun eta babesa" adierazi die, eta  "lan merkatuan guztiz erroturik dagoen prekarietatea" salatu du. "Administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen du, behin eta berriro, modu sistematikoan; ikusezinarena egiteagatik, ordea, arazoa ez da  desagertzen, egiturazko lakra honen erantzule eta konplize bilakatzen baitira", gaitzetsi dute ELAko kideek. Hori dela eta, "egoeraren larritasuna ikusirik", ELAk prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak "berehalakoan" ezartzeko exigitu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, era berean, beharginei "lantokietan antolatzeko eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko" deia egin die.  "Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromisoa besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz", gaineratu du ELAk.

LABek ere "elkartasuna eta babesa" adierazi dizkie hildako langilearen familiari eta gertukoei. "Segurtasun neurriak hartuz ekidin zitezkeen istripuak dira, baina zoritxarrez errealitateak erakusten digu ez dituztela hartzen". LABek Patronala egin du istripuaren entzule, "interes ekonomikoak lehenesten dituelako langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik"; eta adiministrazio publikoei beste alde batera begiratzea egotzi die, "ez dutelako agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta estrukturala jarri nahi". LABek dio "gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra" borroka eta antolakuntza direla eta lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. 

Elkarretaratzeak eta salaketak

Lan istripua jazo zenetik, hainbat izan dira ezbeharra salatzeko Azpeitian egin dituzten protestak. Zapatuan Sortuk deituta egin zuten elkarretaratzea herriko plazan. Igandean, aldiz, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta eta gaur CCOO sindikatuak deituta

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide