Leire Agirre: "Eskalatzaile baten maila bistaz egindako lorpenek erakusten dute"

Berria 2021ko mar. 16a, 18:01

Leire Agirre, artxiboko irudi batean.

Etxe ondoan eskalatzen hasi, eta Munduko Kopan lehiatzera iritsi zen Leire Agirre. Berrian egin dioten elkarrizketa honetan nabarmendu du eskaladan garrantzitsua dela psikologikoki ondo prestatuta egotea. Egun, osteopatia eta eskalada batuko dituen proiektu bat prestatzen ari da.

Erlo mendiaren magalean, bizi den etxean egin du hitzordua Leire Agirrek (Azpeitia, 1974). Etxeko garajean jarri berri duen boulderrean zintzilikatu da elkarrizketa hasi aurretik. Aske sentitzen da bertan. Haren mugimenduak ikusita, nabari da oraindik ere sasoiko dagoela. Nahiz eta lehiaketak aspaldi utzi zituen, oraindik ere pasio handiz bizi du eskalada. Ez du bizitza eskaladarik gabe imajinatzen.

Gazteei esplikatu beharko bazenie nor den Leire Agirre, nola egingo zenuke?

Azpeitiarra naiz jaiotzez. Eskolarekin egindako irteera batean hasi nintzen eskalatzen, 12 urterekin, Xoxote inguruko harrobian. 14 urte beteta nituela, Azpeitiko kantera deritzogun lekuan hasi nintzen gora eta behera. Orduan, jendea jada ibiltzen zen herrian eskalatzen. Denborarekin, eskaladarekin kateatuta gelditu nintzen zeharo. Orduko pasio berarekin edo gehiagorekin bizi dut eskalada eta bere inguruan dagoen bizia.

Eskaladarengatik oso goiz utzi zenituen ikasketak.

Bai. 17 urterekin, eskalatzen ikastea zen nire helburua. Orduan, gradua edo maila igotzea zen helburu bakarra. Irteera asko egiten hasi nintzen: Etxaurira [Nafarroa], Riglosera [Aragoi, Espainia]... 20 urterekin txapelketak jokatzen hasi nintzen. Hala ere, urte haietan, masaje-emaile izateko ikastaro batzuk egin nituen Tolosan [Gipuzkoa]. Oso gustuko nuen. Gurasoek kafetegi txiki bat zuten Azpeitian, eta bertan ere lan pixka bat egindakoa naiz.

Gogoan al duzu jokatu zenuen lehen txapelketa?

Uste dut Euskal Herriko Txapelketa bat izan zela, Errenterian [Gipuzkoa]. Bertan izan ziren, besteak beste, Josune Bereziartu eta Beatriz Jimenez. Oso estruktura sinplea zen. Kalean bertan jarri zuten, eta irteera bakarra zuen. Orduan ez zegoen gaur egungoen antzeko estrukturarik, ezta ekipatzailerik ere. Dena berria zen. Jendeak eskalada zer zen ikusteko prestatutako hormak ziren batez ere. Orduan, bazirudien denak hormara joan behar zirela eskalatzera, eta handik aurrera ikusi zen eskaladako txapelketak jokatzeko aukera ere bazela.

Espainiako Txapelketa ere oso goiz irabazi zenuen lehenbizikoz. Zer gogoratzen duzu irabazitako lehen txapelketa haren inguruan?

1995ean izan zen; Gasteizen jokatu genuen. Ordurako, Espainiako Kopako proba pare bat jokatuak nituen, eta nahiko ondo ibili nintzen. Finaletarako ere sailkatzen nintzen. Baina 1995eko hura mugarria izan zen: Josune Bereziarturi irabazi nion, eta nire izena ezaguna egiten hasi zen eskaladaren munduan. Asteburu hartako bitxikeria bat kontatuko dizut. Txapelketaren bezperan, lagun batzuen etxean egin nuen lo, eta gau horretan amestu egin nuen txapeldun nintzela. Izugarria izan zen! Gauzak asko aldatu ziren, eta aurreikusten nuen etorkizunean gauzak askoz gehiago aldatuko zirela oraindik ere.

Hurrengo txapelketa garrantzitsua Munduko Kopa izan zen.

Bai. Pragan izan zen estreinakoa, 1997an. Hamazazpigarren postuan sailkatu nintzen. Oso emaitza ona zen ordurako, eta gustura sentitzen nintzen lehian. Txapelketetan lehiatzeko balio egin behar da. Aukera ezin hobea izan zen hura niretzat, orduan nuen maila baino hobeagoa erakusteko. Buruz, beti oso indartsua izan naiz, eta arreta handia lortzen nuen txapelketetan lehiatzen nintzenean. Zerbaitetan jartzen nintzenean, horretara soilik egoten nintzen.

Zer behar da eskaladan ondo lehiatzeko?

Zaila da hori erantzuten! Nire kasuan, esaterako, Munduko Kopan laugarren postua lortutako bi aldietan, ez nuen ezerekin arreta galtzen. Eskaladan bakarrik nuen arreta! Eta egiten ari nintzen hura, gainera, oso gustura egiten nuen. Hala ere, egia da txapelketen errutina loteria baten antzekoa izaten dela. Dena bikain planifikatzea eskatzen du; bi edo hiru sasoi puntu on bilatu; egunak ere osoa behar du… Ordurako jada entrenatzaileen papera oso garrantzitsua zen.

Jarraitu irakurtzen Berriaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide