Dena prest dute XXXI. San Jose trikiti jaialdirako

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 17a, 16:46

Ainara LarraƱaga, Eugenio Gisasola 'Lutxurdio', Andoitz Atzizar eta Ibon Errazu.

Larunbatean izango da jaialdia, Soreasu antzokian. Bi saio egingo dituzte: 16:00etan aurrena eta 19:00etan bigarrena. Jaialdiaren aurkezpena gaur egin duten arren, dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak. Taula gainean sekula baino emakume gehiago izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.

Dena prest dute XXXI. San Jose trikiti jaialdiarako. Larunbatean izango da, Soreasu antzokian, bi saiotan: 16:00etan hasiko da lehendabizikoa eta 19:00etan bigarrena. Jaialdia gaur aurkeztu dute Azpeitiko udaletxean egin duten agerraldian, baina sarrerak aspalditxotik daude agortuta. Aurten "sekula baino azkarrago" agortu direla nabarmendu du Andoitz Antzizar Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko idazkariak; "salgai jarri eta 48 ordura". "Harrituta" gelditu dira erantzunarekin, kontuan izanda iazko jaialdia duela gutxi izan zela. "Martxoan izatekoa zena azaroan egin zen azkenean, duela lau hilabete, eta hala ere segituan gastatu dira sarrera guztiak", zehaztu du Antzizarrek. Ibon Errazu jaialdiaren antolatzaile taldeko kidearen ustetan, "horrek erakusten du herritarrak trikitixa gose direla", eta gose hori asetzera dator aurtengo jaialdia. Antzizarrekin eta Errazurekin batera, Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotzia izan da jaialdiaren aurkezpen ekitaldian.

Elkarri eskerrak emanez hasi dute agerraldia: Azpeitiko Udalari urtero jaialdia antolatzeko baliabideak jartzeagatik; Euskal Herriko Trikitixa Elkarteari elkarlanerako erakusten duen prestutasunagatik; eta jaialdiaren antolatzaile taldeari hartzen duen lanagatik. Azpeitian eta, oro har, eskualdean "trikitiak duen indarra" nabarmendu du Larrañagak, "pandemia bera ere ez baita gai izan trikiti hotsa ixilarazteko", eta San Jose egunaren bueltan urtero antolatu ohi duten jaialdiaren arrakasta horren ispilu dela esan du. Antzizarrek, berriz, gazteak erakartzeko gaitasunari egin dio azpimarra, haren ustetan aipagarria delako Azpeitian egiten den jaialdira zenbat gazte joaten den.  

Errazuk azaldu ditu jaialdiaren inguruko xehetasunak. Larunbatean sei bikote-hirukote eta talde bat izango dira agertokian: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar, Irma eta Amets, Araitz Etxaniz eta Elaia Diez, Fan&GO taldea, Lurdes Alkorta eta Mailu Sudupe Egurrola, Lidia eta Leire nahiz Xabi Solano, Kristina Solano eta Txus Aranburu. Araitz Etxaniz Enaitz Aberdirekin etortzekoa zen berez, baina Abeldi min hartuta dagoenez, Elaia Diezek ordezkatuko du. Antolatzaile taldeko kidearen arabera, aurreko edizioetan parte hartu ez duten trikitilariak ekartzen ahalegintzen dira urtero, eta horrez gain, aurten "ahalegin berezia" egin dute emakumeen presentzia indartzeko. Xabi Solano, Kristina Solano eta Txus Aranburu, berriz, "iazko zorrak" kitatzera datozela esan du, martxoan etortzekoak zirelako, baina azaroan ezin izan zutelako. Maila "handiko" jaialdia izango dela aurreratu du.

Agerraldiaren bukaeran bereziki eskertu nahi izan dute Aitor Goia gabiriarraren lana, azken urteotan berak egin izan duelako jaialdia iragartzeko kartela, eta sekula ez diotelako aipamenik egin izan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide