Amaia Nausia: "Doktrinamendua ez da egun hain agerikoa, baina egon badago"

Julene Frantzesena 2021ko mar. 24a, 10:46

Amaia Nausia.

Birjinak edo putak? Emakumeen adoktrinamendua mendeetan hitzaldia emango du gaur Amaia Nausiak (Iruñea, 1982) Sanagustinen (18:30), Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak antolatuta.

2012an kaleratu zenuen Birjina ala puta? Emakumeen adoktrinamendua mendeetan liburua. Zer dela eta?

2012an Nafarroako konkistaren 500. urteurrena ospatu zen, eta liburu, artikulu nahiz material ugari argitaratu zen konkistaren inguruan, baina beti ere militarraren edo instituzioen historiaren ikuspuntutik, eta orokorrean, oso ikuspegi androzentrikoarekin. Hau da, gizonak protagonista izan diren eremu horiei begirako artikuluak argitaratu ziren. Hutsune bat ikusi genuen hor, behar bat, emakumeek konkista hori nola bizi izan zuten islatzeko, eta batez ere, konkista horrek Nafarroako Erresumako emakumeei nola eragin zien azaltzeko. Orduan, entsegu moduan planteatu genuen liburua, eta emakumeen doktrinamenduaren inguruko ibilbidea erakustea erabaki genuen.

Birjinak ala putak. Erdibideko eredurik ez al da izan mendeetan?

Noski, beti daude ñabardurak, baina egia da bi ereduren arabera hezi gaituztela. Neolitikoaren garaietatik, emakumearen inguruko ideal bat eraiki da, eta ideal hori batez ere jokabide sexualari dago lotuta; hau da, kastitatea eta amatasuna dira emakumeen balioak, horretarako hezi gaituzte. Hortik kanpo gelditzen ziren guztiak zigortuak izan dira. Amabirjinaren aurrean Eva agertzen da; hau da, benetakoak ez diren emakumeak, ama izan nahi ez dutenak. Horrelako dikotomiak sortu dira historian zehar, eta sortzen dira oraindik. Badago emakumearen ideal bat, eta hortik ateratzen diren guztiak putak, errudunak edo emakume gaiztoak izan daitezke.

Nafarroako konkista abiapuntu hartuta landu zenuen gaia. Zer gertatu zen gizarte hartan?

1512ko konkista hartu nuen abiapuntu gisa, baina niretzat oso interesgarria da XVI. mendean gertatu zena, ez bakarrik Nafarroan eta Euskal Herrian, baizik eta Europan. Trantsizioko sasoia izan zen XVI. mendea; hau da, Erdi Arotik Aro Modernorako trantsizioa gauzatu zen orduan, eta orduan eraiki ziren gaur egun ezagutzen ditugun estatu modernoak. Estatu moderno horiek ondo funtzionatzeko, familia izango da oinarria. Familia bakoitza estatu txiki bat dela ulertzen da, eta estatu txiki horiek ondo funtzionatzen baldin badute, estatu handiak ondo funtzionatuko duela. Pater familiaren irudia indartu zen garai hartan, eta emakumeak amatasunaren eta zaintzaren balioei lotuta hezi zituzten. XVI. mendean errotu zen patriarkatua eta orduan sortu zen kapitalismoa ere; badakigu patriarkatua eta kapitalismoa oso lagun onak izan direla historian zehar. Sasoi hartan, gainera, Europak izugarrizko krisi demografikoa bizi izan zuen; Europako zonalde batzuek biztanleriaren herena galdu zuten, eta jaiotzen kontua estatu kontu bat bihurtu zen. Horregatik, amatasunaren garrantzia nabarmenduz hezi zituzten emakumeak: amatasuna estatu kontu bat bihurtuko da, eta emakumeei esango zaie hori dela beren betebehar nagusia. Estatua eta kapitalismoa mantentzeko modu bat bilakatuko da haurrak ekartzea.

Zer aldaketa izan ziren emakumeengan?

Atzerapauso bat izan zen XVI. mendea. Oso garai latzak izan ziren haiek; emakumeok eskumenak galdu genituen, batez ere, eremu publikoari dagokionez, eta gero eta gehiago baztertu gintuzten eremu pribatura. Adibidez, badakigu emakumeek Erdi Aroan igeltsero nahiz zapatari lanak egiten zituztela, eta XVI. mendean debekatu egin zitzaien gremiokide izatea nahiz ofizio publikoetan lan egitea. Emakumeei eskainiko zaien eredua amabirjinarena izango da, eta esango zaie beren lekua etxean dagoela, eremu pribatuan, eta beren betebehar nagusia ama izatea dela. Orduan, indar handia jarriko da kastitatearen garrantzian, jokabide sexualen kontrolean, eta lanaren banaketa sexualean sakonduko da.

Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke elkarrizketa osoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide