Erreportajea

Adimenaren aurpegiak

Julene Frantzesena 2021ko api. 23a, 17:08

Asier Garmendia, Julen Landa eta Hegoa Larzabal. (Alex Berasategi)

Adimen gaitasun handia duten haurrak izan dira eta badira Azpeitian ere. Pertsona horiek hainbat erraztasun izan ohi dituzte ikasteko garaian, baina kontrapuntu batzuk ere izan ditzake dohain hori izateak. Gaitasuna garaiz atzematea da gakoa, 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian datorren erreportaje honetan irakur daitekeenez.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ikasleen %3 inguruk daukate adimen gaitasun handia. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %0,2k dute adimen gaitasun handia diagnostikatuta. Baina zer da adimen gaitasun handia izatea?

Asier Garmendiak (Azpeitia, 1996) eta Julen Landak (Azpeitia, 2011) adimen gaitasun handia dute diagnostikatuta, eta biek ala biek bat egin dute galdera horri erantzuterakoan. Landak hala azaldu du zer den adimen gaitasun handia izatea: "Eskolan zerbait azaltzen dutenean, batzuek azalpena bizpahiru aldiz ematea behar izaten dute, baina guk askotan lehenengoan ulertzen dugu. Gauza asko azkarrago ere egiten ditugu. Fisikoki ez naiz azkarra, baina adimenez bai", azaldu du. Garmendiak bat egin du haren esanarekin. "Gauzak eta kontzeptu berriak ulertzeko gaitasuna izatea, gauzak erraz barneratzekoa, kalkuluak egitea gutxi kostatzea... hori da adimen handia izatea".

Garmendia Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa gradu bikoitza bukatu eta Sistema Txertatuen Ingeniaritza masterra ari da gauzatzen; Landa, berriz, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikaslea da. Adimen gaitasun handia izateak batu ditu biak; izan ere, Uztarriak erreportaje honetarako elkartzerako ezagutzen zuten elkar. "Julen ikusi genuen telebistan, eta amak esan zidan txikitan antzeko kasua bizi izan genuela guk ere. Julenekin harremanetan jartzea erabaki genuen", azaldu du Garmendiak. Julenen ama da Hegoa Larzabal (Azkoitia, 1980), eta hark adierazi duenez, Garmendiarekin elkartzean "asko lasaitu" zen semea. "Txikitan adimen handia izanik zertara irits daitekeen ikusteak lasaitu egin zuen Julen".

Munduko Osasun Erakundeak modu honetan definitzen du adimen gaitasun handia: "Kozientea 130 baino handiagoa izatea". Dena den, hori zalantzan jartzen dute hainbat adituk, eta gaitasun handiko haurrak identifikatzeko beste proba batzuk egitea nahiz gaian adituak diren psikologo klinikoengana jotzea aholkatzen dute. Hala egin zuen Landaren familiak, haren amak azaldu duenez: “Konfinameduaren aurretik psikologo kliniko batengana jo genuen, eta hark WISC proba egin zion [Juleni]; ariketa pila bat egin behar izan zituen, hiru bat ordu eman zituen probak egiten. Emaitzaren arabera, koziente altua du Julenek".

Garmendiari 10 bat urterekin diagnostikatu zioten adimen gaitasun handia. Halako haurren kasuetan aditua zen psikologo baten laguntza jaso zuen, eta baliagarria izan zitzaiola azaldu du. "Akademikoki gertatzen zitzaidana bideratzeko jaso nuen laguntza, batez ere, motibazioa ez galtzeko. Izan ere, eskolan erraztasunez moldatzen diren ume askok motibazioa galtzeko arriskua izaten dute, eta dena alde batera uzteko tentazioa izan dezakete". Haren aburuz, garrantzitsua izan zen psikologoaren jarraipena, ikasketekiko interesa gal ez zezan.

Pertsona bakoitza mundu bat dela esan ohi da, eta adimen gaitasun handia duten ume guztiak ez dira berdinak. Dena den, adimen handia izateak berarekin dakartza hainbat nolakotasun edo ezaugarri: burmuinaren etengabeko aktibitatea, sentiberatasun emozionala, ikasteko erraztasun eta abiadura handia, lanean luze aritzeko gaitasuna eta sormen handia.

Larzabalek dioenez, "zerbait" sumatuta zeuden psikologoarengana jo aurretik: "Gauza berezi batzuk bazirela konturatuta geunden. Julenek irakurtzeko grin berezi bat zuen, jakin-min ikaragarria ere bai. Neuk umeak izan aurretik ez nekien horiek zenbat galdera egiten zituzten, baina gureak beti zerbait jakin nahi izaten zuen... Hasieran pentsatzen genuen telebistan entzungo zituela galdetzen zituen gauzak, baina ez zen horrela. Hainbeste galdera izateak lo egitea ere galarazi egiten zion...". Garmendiak ere oroitu ditu ikastola garaiko bizipenak: "Batuketak egiten hasi ginenean, oso erraz moldatzen nintzen, eta ez aspertzeko beste erronka batzuk jartzen nizkion nire buruari; adibidez, ahalik eta denbora laburrenean amaitzea ariketak".

Adimenaz haratago

Gaitasun handia duten haurrek beste ezaugarri batzuk ere izan ohi dituzte; asko beren artean errepikatzen direnak, eta beste batzuk errepikatzen ez direnak. Larzabalek azaldu duenez, Julen beldurrekin hasi zen duela urte batzuk. "Oso katastrofista zen. Aurreratu egiten zen gerta daitekeenari; hau da, auto bat baldin bazetorren, zebrabidea gurutzatzerako besotik heltzen zidan, autoa etortzeko arriskua ikusten zuelako".

(Alex Berasategi)

Garmendiak dioenez, berak ez du ezaugarri hori izan sekula, baina zuzentasuna etsai bilakatu izan zaio behin baino gehiagotan. "Gauza bat modu batera egin behar bada, aldaketa txiki bat egin eta gaizki eta urduri sentitzen naiz. Gauzak zuzentasun baten barruan egin behar izaten ditut". Larzabalek ere ildo beretik hitz egin du. "Oso zentzuduna da Julen ere: arauak hala badio, ezin du desbideratu. Zentzuak esaten badio zerbait ez dagoela ondo eginda, ez du egingo; eskua sutan jarriko nuke". Askotan, gauzarik sinpleenak jartzen ditu urduri, Julenen amak jakinarazi duenez: "Umeari esaten badiot bihar Zarautzera goazela, baina bihar edozer gauzagatik Zumaiara joatea erabakitzen badugu, zergatia azaldu egin behar izaten diot, ez delako lasai egongo. Ez du balio ‘nik esaten dudalako’ erantzuteak; izan ere, 'zergatik, ordea?' galdetuko dizu berriz ere. Erantzun artean ez da lasaituko, arrazoi bat behar izaten dutelako". Horri lotuta, ikastola garaiko oroitzapen bat ekarri du gogora Garmendiak: "3-4 urterekin futbolean ibiltzen ginen, eta beren atean gola sartuta ere ospatu egiten zuten lagunek. Nik ezin
izaten nuen hori ulertu, izugarrizko beroaldiak izaten nituen horregatik".

Adimen handia duten haur askok harremanetarako arazoak ere izan ohi dituzte, baina Garmendiak dioenez, ez da bere kasua izan. "Ni lagunekin irekia izan naiz, eta ez dut harremanetarako arazorik izan. Hori bai, unibertsitatean ezagutu nuen sozializatzea asko kostatzen zitzaion lagun bat; oso itxia zen, baina ni baino askoz ere azkarragoa zen hura [barrez]". Larzabalek azaldu duenez, Julenek ere ez du oraingoz arazorik izan; are gehiago, eskolara "oso gustura" joaten dela azaldu du haurrak. "Matematika gustatzen zait gehien, eta natur zientziak ere bai. Kirola, berriz, ez asko, baina bizikletan eta igeriketan gustura ibiltzen naiz".

Ez abantaila, ez desabantaila. Adimen handia izateari ez diote ez bata ez bestea ikusten Garmendiak, Landak eta Larzabalek. Hala dio Garmendiak: “Batzuek esango dute ‘ederra izan behar du eskolan erraz ibiltzea’, baina… Arlo akademikotik kanpo ez dit eragin bizitzan; pertsona batzuk gauza batzuetan izaten dira onak, eta besteak, beste batzuetan. Gure ezaugarria da azkartasuna dugula arlo akademikoan, baina gehiago ez". Landak dioenez, ez da besteekiko desberdin sentitzen, baina haren amak azpimarra egin du horretan. "Gizarteak ikusten ditu desberdin, eta nik ere jende askorekin jokatu izan dut horrela ama izan aurretik; uste dut akats handi bat dela. Ezaugarri jakin batzuk dituzten pertsonei barrera moduko bat jartzen zaie: zerbait esaten badute 'listilloak' dira, nota onak atera behar izaten dituzte... eta hori ez da horrela. Beren buruak desberdin funtzionatzen du; guretzat bat da logika, eta adimen altuko pertsonentzat beste bat".

Etxeko lanketa

"Bizitzen ari garena polita ari da izaten, baina une konplikatuak ere pasatu ditugu", azaldu du Larzabalek. "Negar asko egin dut, baina gaia etxean beste ikuspuntu batetik hartzea erabaki genuen: ahal genuen gehien disfrutatu, Julenekin batera ikasi eta ahal bezain beste baliabide eman haurraren beharrak asetzeko". Larzabalek aitortu du semea "asko" ari dela ezagutzen: "Adimen handia duten ume batzuek zaratekiko sentikortasun handia izaten dute, eta nik hasieran ez nuen ulertzen Julenek zergatik estaltzen zituen belarriak zarata pixka bat zegoenean. Asko ari gara ikasten, eta uste dut bera ere aberasten ari dela". Beste adibide bat ere jarri du: "Lanetik etxera iritsi eta 'ez dakit zer zati bost egiten badut...' esaten hasten zait agian, eta nik zer esan behar diot? Isiltzeko? Bihar egingo dugula ariketa? Entzun egingo dut? Entzutea eta erantzutea behar izaten du, baina askotan esaten diot ez dudala ideiarik eta hurrengo egunean begiratuko dugula Interneten. Eta eskerrak Internet daukagun!".

Julen semearekin adimen handiaren gaia lantzea "erraza" izan dela azaldu du haren amak. "Hasieratik egia esan genion: psikologoa medikua dela, eta hark lagunduko ziola zituen kezkak argitzen. Egia esan, Julen asko askatu zen zer gertatzen zitzaion azaldu genionean. Ez dugu sekula ezkutuan jardun, baina Julenek ikasi behar izan du oharkabean pasatzeko lan egiten, eta hori onartzea oso gogorra egin zait". Larzabalek dioenez, berak nahi duen gauza bakarra da semea beste haur guztien parekoa sentitzea: "Inori minik emango ez dion haur bat izan dadin nahi dut, eta Julen horrelakoa delako inor ez mintzea. Izan ere, alde horretatik izan ditugu zailtasunak... Dena den, gorabeherak gorabehera, ume zoriontsua da gaur egun Julen".

Halako egoerei aurre egiteko eta bidean amore ez emateko, adimen handiko haurretan adituak diren psikologoen laguntza goraipatu dute Garmendiak eta Larzabalek. "Eskolako erritmoa segitzea kostatzen zaionari lagundu egin behar zaio eta haren gainean egon behar da; gure kasuan gauza bera, ikasketekiko interesa galtzeko arriskua erreala baita", azaldu du Garmendiak. Psikologoek egiten duten lana goraipatu du Larzabalek. "Umeak motibatzeko hitz magikoak dituzte psikologoek; harengana joatean, pilak karga-karga eginda itzultzen da Julen. Asko askatzen dira; izan ere, guretzat txorakeria bat dena arazo ikaragarri bilakatzen da haur hauentzat askotan".

(Alex Berasategi)

Balizko isekek, lagun arteko arazoek, bullyingak eta mobbingak kezka sortzen diote Larzabali. "Desberdina izatea ez da txarra, baina desberdina baldin bazara... Asko irakasten dute desberdinak diren pertsonek, eta ez diogu beldurrik izan behar desberdin izateari. Dena den, desberdin izateagatik sortzen diren arazoek ez dute sorburua eskolan, etxeko sukaldeetan baizik; hor hasten dira arazoak. Haurrak etxeko sukaldean edo kafe baten bueltan gurasoen ahoetatik gauza batzuk entzuten baditu, eskolara iristean erreproduzitu egingo ditu entzundakoak". Hain zuzen ere, horri aurre egiteko baliabideak ere ematen dizkie psikologoak. Garmendiak, berriz, halakorik ez duela bizi izan esan du: "Adimen handia izateak niri ez dit eragin horretan, baina errealitate bat da".

Jakin-min handia, arrazoiak bilatzeko beharra, erronkak ezartzeko gogoa... Adinean alde nabarmena badute ere, horiek dira, besteak beste, Garmendiak eta Landak dituzten ezaugarrietako batzuk. Bizi izandakoak emandako esperientziatik aholku bat eman dio Garmendiak Landari: "Erronka berriak bilatu beti, garrantzitsua da bide berriei ekitea. Disfrutatu ikasten, gustatzen zaizuna egin, eta gogoratu gauza asko ikasteko aukera duzula oraindik. Gozatu gustatzen zaizun gauzekin".

Garaiz atzematearen garrantzia

Adimen gaitasun handia duten haurrekin egiten du lan Gonzalo Vilasau (Donostia, 1983) psikologo klinikoak; tartean, Landarekin. Hark azaldu duenez, "garrantzitsua" da gaitasun hori garaiz atzematea, haurraren izaeraren garapena zaintzeko. "Autoestimua, harreman sozialak eta ikasketen garapena lantzea garrantzitsua da; izan ere, egunerokoan zoriontsu sentitzen ez diren haur, nerabe eta heldu ugari izaten ditugu kontsultan".

Vilasauk azaldu duenez, adimen gaitasun handia duten haurrek ezaugarri batzuk izan ohi dituzte, eta bada errepikatzen den zera bat: haur horiek gainerakoek baino azkarrago ikasten dute. "Askok oso txikiak direla ikasten dute irakurtzen, eta askok sentsibilitate handia izan ohi dute, eta horrek eragin egiten die besteekin harremanak egiterakoan edo pertsonen arteko gatazketan. Gainera, frustrazioarekiko tolerantzia gutxi izan ohi dute. Dena den, asko motibatzen dira interesatzen zaizkien gauzekin, eta sormena garatzen dute askotan".

Desberdin izatean jarri du arreta psikologoak: "Gizarte honetan arazo bat izan daiteke hori, edo gutxienez, zailtasun batzuk ezartzen zaizkie desberdin diren pertsonei". Dena den, adimen handia duten pertsonek ere behar afektiboak dituztela, beren gaitasunak garatu behar izaten dituztela eta horiek ere harreman sozialak zaindu behar izaten dituztela azpimarratu du. "Urteak dira adimen altuko haurren gurasoak egoera gatazkatsuak eta eskola eremuko arazoak salatzen ari direla, eta beharrezkoa da haur horiei hezkuntza arreta berezia eskaintzea".

Vilasauk bat egin du Larzabalen eta Garmendiaren esanekin. "Askotan umeak motibatuta hasten dira eskolan, baina askotan ikasketak desmotibatuta eta lur jota edo etsita amaitzen dituzte". Azken urteetan, baina, ume horiei arreta eskaintzeko kontzientzia areagotu egin dela uste du. "Familiei, elkarteei, psikologoei eta irakasleei esker lortu da hori, baina gizartea hezkuntza sistemaren aurretik dijoa. Horregatik, aldaketa emateko irakasleen rola oso garrantzitsua dela uste dut, eta horiek babestu egin behar ditugu, baliabideak eta formakuntza eskainita".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide