Eider Sanchez: "Ez da jende aurrean abesten dudan lehen aldia, eta horrek konfiantza pixka bat ematen dit"

Julene Frantzesena 2021ko api. 15a, 08:40

Eider Sanchez.

Eider Sanchez (Azpeitia, 2003) Gaztea Cover lehiaketaren finalean izango da gaur, osteguna, 20:00etan hasita. Azpeitiarra eta beste hiru musikari izango dira finalean: Ainhoa Arroitajauregi, Maria Izaga eta Alaitz Artola. Etxetik abesti bana abestuko dute horiek, eta entzuleek streaming bidez jarraitu ahal izango dute saioa. Sanchezek dioenez, "ezusteko handia" hartu zuen finalera sailkatu zela jakitean.

Zer dela-eta animatu zinen Gaztea Cover lehiaketan parte hartzera?

Lehiaketaren berri izan nuenean burutik pasatu zitzaidan aurkezteko aukera, baina ez nuen pentsatzen azkenean aurkeztuko nintzenik. Etxekoek eta lagunek parte hartzera animatu eta konbentzitu egin ninduten.

Aspalditik al zenuen buruan halako lehiaketaren batera aurkezteko ideia?

Egia esan ez, inoiz ez zitzaidan horrelakorik pasatu burutik. Izan ere, lotsa handia ematen dit telebistan agertzeak edota kameren aurrean kantatzeak. Oraingo honetan, ez dakit zergaitik, baina probatzeko aukera polita iruditu zait.

Asko kostatu al zaizu urratsa egitea?

Pare bat aste ibili nintzen parte hartu edo ez erabakitzen, eta ia-ia atzera ere egin nuen, baina azkenean aurkeztu egin nintzen.

20 musikari sartu zineten bozketa fasera. Espero al zenuen finalera sailkatzea?

Inola ere ez. Lehiaketan parte hartu nuen, baina ez nuen inolako esperantzarik; probatze aldera aurkeztu nintzen lehiaketara. Finalera iritsi baino lehen, bozketa faseko hogei aukeratuetako bat nintzela esan zidatenean, egundoko ezustekoa hartu nuen.

Epaimahaiaren erabakiz pasatu zara finalera. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Sekulako ilusioa egin zidan; izan ere, sekulako errespetua diet epaimahaiko kideei. Harritu egin nintzen haien erabakiz finalera pasatu nintzela jakitean.

Espero al zenuen finalera iristerik?

Ez. Hogei sailkatuen artean egotea harrigarria zen jada niretzat; are gehiago lehiakide askok zeinen ongi abesten zuten entzun eta gero. Horien guztien artetik finalera iritsiko nintzenik ez nukeen sekula pentsatuko.

Gaur izango da finala. Nola zaude?

Egunak gerturatzen ari ziren heinean, geroz eta urduriago jartzen joan naiz [barrez]... Baina beno, gaur lasaitzeko saiakera egin beharko dut.

Lau izango zarete finalistak. Zer indargune eta ahulgune ikusten dizkiozu zure buruari finalera begira eta finalistekin alderatuz gero?

Ahulen ikusten naizen arloa adinarena da; izan ere, ni naiz lau finalisten artean gazteena, eta horrek nolabaiteko ziurgabetasuna eragiten dit. Indarguneei dagokionez, berriz, ez da jende aurrean abesten dudan lehen aldia, eta horrek konfiantza pixka bat ematen dit.

Nolakoa izango da finala?

Pandemiaren egoera dela eta, finalistok etxetik abestuko dugu, eta entzuleek streaming bidez ikusi ahal izango gaituzte beren etxeetatik.

Nola ari zara prestatzen?

Egia esan, ez dut ezer berezirik egin: kanta entseatzen aritu nahiz egun hauetan, batez ere, akordeez oroitzeko eta gauza batzuk finkatzeko, baina aparteko beste ezer ez dut egin.

Gaztea Cover lehiaketan abestea eskatzen dute, eta aukerazkoa da musika tresnaren bat jotzea. Zuk biak egiten dituzu, ezta?

Bai, aukeratutako abestia pianoaren laguntzaz eskainiko dut, pianoak segurtasuna ematen baitit abesterakoan. 8 urte nituenetik ari naiz piano ikasketak egiten Juan Antxieta musika eskolan. Pianoaz gain, gitarra ere jotzen dut zertxobait, baina gitarra neure kabuz ikasi dudanez, ez dut horren ongi menperatzen.

Zergatik hautatu zenuen Vetusta Morla taldearen 23 de Junio kanta lehiaketarako?

Kanta berezia iruditzen zait, doinu ezberdinekoa eta pertsonalitateduna. Gainera, Vetusta Morla taldea asko gustatzen zait.

Asko kostatu al zitzaizun abestia aukeratzea?

Lehiaketara aurkeztea erabaki ostean, abestia aukeratzea izan zen gehien kostatu zitzaidana. Hainbat aukera nituen eskuen artean, baina gehien konbentzitu ninduena 23 de junio izan zen.

Zer musika gustatzen zaizu, oro har?

Ez nuke jakingo estilo zehatz bat esaten, mota askotako musika entzuten dut: rocka, flamenkoa, pop-a... Gainera, lehengo musika gaur egungoa baino nahiago dudala esango nuke.

Musika pasioa al da zuretzat?

Bai, dudarik gabe, txiki-txikitatik interesatu izan zait musikari lotutako guztia, eta denbora librean, denbora gehien eskeintzen diodan jarduera da.

Musikari lotuta, ametsik bai?

Oraingoz, ikasketetan nago zentratuta, baina ez dut baztertzen etorkizunean musikaren munduan aritzeko aukera izatea. Gehien gustatuko litzaidakeen gauza zera da: areto handiren baten neuk konposatutako kantekin osatutako kontzertu bat eskaintzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide