Erretratua

Pedro Luengo: "Ez dut imajinatzen zer izango litzatekeen bizitza margotu gabe"

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 10a, 08:30

Pedro Luengoren erretratua. (Olatz Alkorta)

Bizitzako beste esparru batzuetan sentitzen ez duen askatasuna ematen dio margotzeak Pedro Luengori (Azpeitia, 1969). "Pinturarekin lortu dudana da egindakoa gustatu egiten zaidala, eta beste arlo batzuetan, agian, exijenteagoa naiz". Bizitzako momentu "politenetako batean" dago artista, emozioz gainezka. 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian hitz egin du.

Harrigarria: pintzelak eskuan dituela gosaltzen du Pedro Luengok. "Gosaltzen ari naizen bitartean ere margotu egiten dut. Azkenaldian horrela nabil, eta askotan, berandu iristen naiz lanera [erdi lotsatuta]. Nik behar dut margotzea. Ez dut imajinatzen zer izango litzatekeen bizitza margotu gabe. Nire egunerokoan gero eta leku handiagoa betetzen du margotzeak. Sekulakoa da. Pintatzeak dena ona eman dit, ez dit ezer txarrik eman", dio.

Pintzelak astintzen orduak ematen baditu ere eta haren afiziorik handiena margotzea den arren, erabat bestelako ikasketak egin zituen Luengok: Ekonomia ikasi zuen unibertsitatean, eta aholkularia da lanbidez. "Kuriosoa da; Ekonomia ikasketak egin nituen, baina Arte Ederrak ikasi nahi nuen berez. Orain haurrei gehiago esaten zaie nahi dutena egiteko, baina lehen Zuzenbidea, Ekonomia, Enpresen Zuzendaritza, Medikuntza eta halakoak ikastera bultzatzen gintuzten. Lehen, esaten ziguten etorkizuneko lanari begira aukeratzeko ikasketak, baina orain gehiago begiratzen zaio norberaren zoriontasunari; lana irtengo da irten behar baldin bada".

Bilbon egin zituen ikasketak Luengok, eta ondoren, urte batzuez herritik nahiko urrunduta ibili zen, lana tarteko. Dena den, 30 urterekin Azpeitira itzuli zen, eta proiektu berri bati ekin zion: aholkularitza gunea zabaldu zuen kide batekin. Orduantxe kasu egin zion aspaldidanik barruan zuen harrari ere: margotzen ikastea erabaki zuen, eta eskola batean izena eman zuen. "Aurrez, Bilbon ikasten ari nintzela, ez nintzen margotzen hasi, asko zentratu nintzelako ikasketetan. Oso arduratsua eta diziplinatua izan naiz, eta ez nuen denborarik hartzen margotzeko. Azterketak derrigor gainditu behar izaten nituen; kirol pixka bat egin eta ikasi, hori zen nire egunerokoa. Ikasketak bukatu nituenean ere, Donostian aritu nintzen lanean; egun guztia lanean ematen nuen, eta ez neukan denborarik. Eta Azpeitira etortzearekin batera, Diarten eman nuen izena".

Betidanik egin nahi izan duen hori egitera ausartu zen 30 urte zituela, eta beste hogei igarota, oraindik ez dio utzi margotzeari. "Utzi ez, alderantziz: gero Azkoitira joaten ere hasi nintzen, Udane Juaristirekin ikastera. Bi eskoletatik pila bat xurgatu dut, eta egunero ari naiz ikasten". Gaur egun, ez du imajinatzen nolakoa izango zen bere bizitza margotu gabe. "Uste dut lan artistikorik egin gabe ezingo nukeela bizi, ez nioke zentzurik aurkituko. Egun osoa lantokian emateko jaiki eguna joan eta eguna etorri? Horrela ezingo nuke bizi".

Diarten izena eman aurretik, margotzen zuen zerbait etxean Luengok. "Baneuzkan marrazkiak-eta eginda. Orain, lotsatu egiten naiz horiek ikustean. Aitari erretratu bat egin nion, desastre bat. Izan ere, margotzeko ikasi egin behar da pixka bat. Badaude batzuk dohaina daukatenak, naturalki irteten zaienak, baina trebezia eduki arren, teknika pixka bat ikasi egin behar da. Zenbat eta gehiago aritu, gehiago hobetzen duzu; denean bezala".

Behin ikasteko pausoa emanda, batean eta bestean erakusketak jartzera ere animatu da urteotan Luengo. Orain, gainera, margotzeko gune bat prestatu du Alde Zaharrean. Urteotan egindako lana jendeari erakusten hasi da nolabait orain gutxi, eta erantzun ona jasotzen ari dela azaldu du. "Uste baino askoz ere hobea. Kostatu egin zait neure baitan ditudan gauza onak ikustea, baina orain hasi naiz horiek ikusten. Neure buruarekin lasai egoten, eta den bezala maitatzen ari naiz". Nabari zaio emozioz gainezka, pozik, gustura dagoela. "Nire bizitzako momentu politenetako batean nago".

(Maialen Etxaniz)

Luengok uste du haren lanek badutela zerbait komunean. "Nire iritziz, 'artistek' sentsibilitate berezia izan ohi dute, eta hori ikusi egiten da. Bakoitzak bere gaiak landu ohi ditu, eta uste dut nire gaiak honako hauek direla: alde batetik, hiriak; eta bestetik, ez dakit zergatik, baina bakardadea ere islatzen dute nire koadroek. Nire lanek badute tristura puntu bat, eta kolore falta batzuetan, gehienetan. Hala ere, ez dira penagarriak aldi berean; alaitasunetik egindakoak dira, baina nostalgia puntu bat lortu nahi izaten dut. Begiratzen duenak ez dakit hori ikusten ote duen, baina... Jendeak esaten duenaren arabera, azkar nabaritzen da nire koadroak zein diren. Eta hori seinale ona da; horrek esan nahi du badutela elkartzen dituen zerbait".

Bada haren koadroek askotan bereizgarri izan ohi duten ezaugarri bat: zenbakiak eta letrak erabiltzen ditu margolanak osatzeko. "Uste dut kontrastea lortzeko hasi nintzela hori egiten, edo modernitate puntu bat emateagatik. Behin ipini nituen, eta gustatu egin zitzaizkidan, eta orain, seinale bezala ipintzen ditut, ukitu hori atsegin dudalako. Eta jendeak eskatu egiten du, gehienei gustatu egiten zaie kontraste hori. Erantzunik ez daukan galdera da zergatik aukeratzen ditudan hizki edo zenbaki jakin batzuk; parean tokatutakoak jartzen ditut, ez diot denbora asko eskaintzen horri".

Hiriak, pertsona ezagunen edo ezezagunen aurpegiak, testuinguru ezberdinetan bakarrik aurkitzen diren pertsonak, begiradak... Horiek denak aurkituko ditu Luengoren koadroei begira jartzen denak. Margolan horietako asko bidaietan ateratako argazkietatik abiatuta sortzen ditu: "Niretzako bidaiatzea da bizipenik ederrena. Asko ikasten duzu bidaiatzean, eta asko garatzen da norbera. Ireki egiten zara, lehen garrantzia ematen ez zenien gauza batzuei eman egiten diezu, zoriontsu izatea zer sinplea izan daitekeen ikusten duzu... Bidaietatik gauza on asko ekartzen ditut, eta horietako asko daude koadroetan". Urrutira joan ezin den honetan, "bidaiatzeko modu bat" da Luengorentzat margotzea. "Margolanekin ere, toki horietara joaten zara".

Bidaietan ez ezik, beste hainbat lekutan ere bilatzen du inspirazioa Luengok. "Orain, edozein tokitan bilatzen ditut ideiak. Egunkarietan, aldizkarietan, telebistako film bat ikustean... Ez dut kontzienteki egiten, baina denean ikusten ditut gauzak. Oso kuriosoa da". Teknikari dagokionez, margo akrilikoekin lan egiten du Luengok. "Lehen olio pinturekin margotzen nuen, baina orain akrilikoekin, azkartasuna ematen dutelako eta horiekin ondo moldatzen naizelako".

Margotzeak "asko" eman dio artistari. "Nire barruan dauden gauzak erakusteko aukera eman dit, agian hitzen bidez esaten jakin ez ditudanak. Beharbada, pixkanaka zein naizen erakusten joan naiz koadroetan: gertatu zaizkidan gauzak, zeri ematen diodan garrantzia... Hainbeste eman dit margotzeak... Energia eman dit, estetikarako gustua, jende mundial asko ezagutzeko aukera, haiekin izandako elkarrizketak... Eta orain, sekula imajinatuko ez nuena ematen ari zait: ia lanbide berri bat bilakatzen ari da". Aukera bat izan al daiteke lana utzi eta margotzetik bizitzea? "Ez dakit. Nire lanbideak segurtasuna ematen dit, baina margotzen asko gozatzen dut. Nire helburua da biak gehiago uztartzea".

Margotzen hasi zenetik hogei urte igaro direnean, margolanetan pixkanaka bere izaera irten dela ohartu da. "Eta uste dut gero eta gehiago irtengo duela; izan ere, pixka bat soltatzen ari naizela konturatzen naiz. Konformeago bezala pintatzen dut, antzeman egiten dut". Haren izaera nolakoa den galdetuta, zera dio Luengok: "Sentibera, zintzoa, diziplinatua, nostalgikoa, alaia, eta aldi berean, triste puntu bat ere badut. Pixka bat konplexua ere banaiz, eta afizio asko ditut. Ez dakit geldirik egoten, eta bizitzan ez dut izango nahi ditudan gauza denak egiteko denborarik: dena egin nahi dut, eta ezin dut. Hori askotan gertatzen zait niri: nahi dut bidaiatu, hemen egon, margotu, musikaz gozatu... Orain konturatu naiz gauzak ez nituela hain gaizki egingo, inguruan jende asko daukadalako. Hori gustatzen zait nigandik".

Motzean

Jaiotze data: 1969ko uztailaren 23a.
Ikasketak: Ekonomia.
Lanbidea: Aholkularia.
Margolaria ez banintz... Arropa diseinatzailea.
Lanetik ateratzean gogoko dut... Ondo egoteko, behar dut pasiera edo kirola egitea. Eta gero ja margotu, beti.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide