Klik!

Altxor txikien geltoki

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 8a, 09:00

Azpeitian bada geltoki bitxi bezain eder bat: Burdinbidearen Euskal Museoa. Asko dira bertara etortzen diren bisitariak, baina ez dira horrenbeste museoko altxorrak ezagutzen dituzten herritarrak. Bitxikeria horietako batzuk ikustera bertaratu da Uztarria museora, 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian Klik! argazki erreportajea osatzeko.

Geltokia, museo

Azpeitiko Julian Elorza etorbideko tren geltoki zaharra Burdinbidearen Euskal Museoa da 1994. urtetik, eta Euskotrenek kudeatzen du, nahiz eta badiren zenbait zerbitzu aurrera ateratzeko lan egiten duten boluntarioak ere. Bertan, Euskal Herriko trenbidearen historian zehar bidaiatzeko aukera dute bisitariek, baita antzinako lurrun trenean bidaiatzeko aukera ere. Gainera, Europako tren bildumarik onenetakoa gordetzen du museoak: lurrun tren makinak, diesel motordunak nahiz elektrikoak, tren automotoreak eta askotariko bagoiak ikus daitezke bertan.

Igeldoko geralekua

Zati desberdinak ditu museoak, eta horietako bakoitzean bateko edo besteko materiala ikus daiteke. Hain zuzen, honako hauek dira museoan ikus daitezkeenak: kotxetegiak, tailer mekanikoa eta hiri garraioak. Protagonistak trenak edo horiei lotutako materialak diren arren, beste ibilgailu gutxi batzuk ere badira ikusgai, eta horiek hiri garraioen sailean daude. Esaterako, goiko argazki honetan Donostiako Igeldo auzoko 73. zenbakidun trolebusa ikus daiteke. British United Traction enpresa izan zen hura eraiki zuena, eta trolebus horien historia dute jasota museoan.

Erlojua

Honako erloju hau 1908an egindakoa da, eta Bilbo eta Lezama arteko (Bizkaia) trenbidean kokatuta dagoen Sondikako geltokitik berreskuratutakoa da. Ez da museoan gordetako erloju bakarra. Azpeitiko geltoki zaharreko eraikin nagusiaren lehenengo solairuan, ikusgai dago XIX. mendearen amaieratik Espainiako abiadura handiko trenaren sorrera arte trenbideetako langileek erabili izan zituzten uniformeen erakusketa. Bigarren solairuan, berriz, tren geltokietako ordularien erakusketa dago, baina bata zein bestea ezin dira bisitatu gaur-gaurkoz, pandemiaren ondorioz hartutako segurtasun neurriak tarteko.

Antzinakoak, bertan

Museoaren kanpoaldean, edonork ikusteko eran, hainbat gailu daude. Esaterako, Euzkadi lokomotorea (argazkikoa), Maite lurrunezko tren makina, lurrunezko garabia, automotore elektrikoa, Aurrera lokomotorea...

Makineriaren konplexutasuna

Euskal Herriko makina-erremintaren esparruko bildumarik aberatsenetakoa eskaintzen du museoak, Urolako Trenbidearen lantegi mekaniko zaharraren bidez. 1925ean inauguratu zen bezalaxe mantentzen da gaur egun instalazioa; bertan dagoen motor elektriko zaharrak hamasei makina jartzen ditu martxan, txirrika, uhal eta barra kolektore ugariko sistema konplexu baten bitartez.

Tailerra, lehengo eran

Mimoz eta detailez detaile daude zainduta museoko txoko guztiak. Kotxetegien zonaldetik hasita, dena dago antzinako apaingarriz jantzita, eta bisitaria garai hartan barrena murgiltzen laguntzen dute. Baina bada txoko bat bereziki zaindua; tailerra, hain zuzen ere. Bertan, garai hartan erabiltzen zituzten tresnak-eta daude ikusgai. Argazki honetan, esaterako, Urolako Trenbideko daratulu edo taladro bertikal bat ikus daiteke, 1925ean Aurrerak (Sestao, Bizkaia) egindakoa.

Beste hainbat bitxikeria

Museoak dituen ehunka metro koadroetan denetarik ikus daiteke: Burdinbidearen Euskal Museora egindako dohaintzak, urteetan zehar egindako erreplikak, tren zaharretako materiala, plakak, berreskuratutako makineria... Material ugari dago museoan, eta horiek ikusteko txoko aparta dute prestatuta museoa kudeatzen duten langileek. Irudi honetan ikus daitezke meatze bagoneta bat, eskuzko zubi garabia eta askotariko kartelak, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide