'Belarrijana' entzunaldia egingo dute, Hitzaren Eskolari amaiera emateko

Ihintza Elustondo 2021ko api. 22a, 08:26

Ezohiko ekitaldia izango da larunbatean Dinamoa sormen gunean: zortzi orduko entzunaldia egingo dute, 10:00etatik 18:00etara. Hitzaren Eskolan parte hartu dutenek sortutako soinu bandak eta beste hainbat egilerenak izango dira entzungai. Saio irekia izango da, eta herritarrak nahi dutenean bertaratu ahalko dira.

Hitzaren Eskolaren bigarren edizioari amaiera emateko, Belarrijana entzunaldia egingo dute larunbatean, apirilak 24, Dinamoa sormen gunean. Hilero ekitaldi ireki bat egin ohi dute Hitzaren Eskolakoek, eta larunbatekoa izango da edizio honetako azkena. Hitzaren Eskolan sei irakasle izan dituzte ikasturtean zehar, eta Xabier Erkizia izan da azken gidaria; haren saioetan landutakoen haritik sortu da Belarrijana entzunaldia.

Erkiziak hitzarekin lan egiten duen arren, soinua du lan tresna batez ere; besteak beste, hitzaren presentzia eta absentzia lantzen ditu. Irakasle horrekin egindako saioetan esperimentatzeko aukera izan dute ikasleek, eta grabaketak ere egin dituzte. Orain, Erkiziarekin landu dutenaren harira, ezohiko ekitaldia egingo dute; izan ere, zortzi orduko entzunaldia planteatu dute, instalazio modura. 10:00etan jarriko dute martxan entzunaldia, eta 18:00etan bukatuko da.

Denbora tarte horretan, inolako etenik gabe, lan desberdinak entzun ahal izango dira Dinamoan. Batetik, Hitzaren Eskolan parte hartu dutenek sortutako soinu bandak izango dira entzungai, eta bestetik, hainbat egilek sortutako piezak: besteak beste, Luc Ferrari, Hildegaard Westerkamp, Xabier Erkizia, Toshiya Tsunoda, Marc Namblard, Eric La Casa, Lionel Marchetti eta Annea Lockwood musikarienak. Kontzeptu batek batzen ditu egile horiek: hain zuzen ere, soinuen bidez, hitzaren gaia jorratu dute guztiek. Horrez gain, irudi batzuk ere proiektatuko dituzte, baina soinua izango da protagonista.

Aurki hirugarren edizioa

Kulturaz kooperatibak antolatu du saioa, eta sustatzaileek azaldu dutenez, "ezinezkoa" litzateke zortzi orduz soinuak entzuten egotea Dinamoan. Horregatik, entzunaldian parte hartzera animatzen direnek nahi dutenean sartzeko eta alde egiteko aukera izango dute. Kulturazen arabera, honako hau da Erkiziaren planteamendua: "Zenbaterainokoa da gure arreta, entzuteko gaitasuna? Mugara eramaten du planteamendu hori, eta frogan jartzen du norbera".

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte esperimentatzera. Entzunaldian parte hartzeko, ez dago aurrez izena eman beharrik; nahikoa izango da edozein ordu tartetan Dinamora bertaratzea. Bestalde, Kulturazekoek laster jarriko dute Hitzaren Eskolako hirugarren edizioa martxan, eta aurki emango dute horren inguruko informazioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide