Zu zeu

Itziar Varela: "Ez gara ohartzen, baina animalien trafiko ilegal handia dago"

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 24a, 08:05

Biologia ikasketak egin zituen Itziar Varelak (Azpeitia, 1995), eta duela sei hilabetetik Alacanteko (Herrialde Katalanak) Primadomus animalien erreskate zentroan ari da lanean, boluntario gisa. Zentro horretan animaliak babestea dute xede, eta bizitzen ari den esperientzia "ikaragarria" ari da izaten azpeitiarrarentzat. 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian Zu zeu ataleko elkarrizketan kontatu du.

Nolatan iritsi zinen animalientzako Primadomus zentrora?

Unibertsitatean Biologia ikasketak egiten ari nintzela jakin nuen animalien erreskate zentroetan boluntariotzak egiteko aukerak eskaintzen zituztela, eta 2016an izan nintzen horrelako zentro batean lehen aldiz; Madrilgo primateen erreskate zentroan, hain zuzen ere. Han hitz egin zidaten aurrenekoz Primademus zentroaz. Orduz geroztik, nire helburua hona iristea zen, oso zentro ona baita. Primademusera iritsi aurretik Eskoziako zentro batean ere izan nintzen, fauna basatiarekin lanean.

Zein da zentroaren helburu nagusia?

Zentroak bi helburu ditu: batetik, erreskatatzen diren animalien errehabilitazioa; eta, bestetik, legeak aldatzeko edo lege berriak ezartzeko salaketa kanpainak martxan jartzea, Espainiako Estatuari nahiz Europako Batasunari presioa egiteko. Lege batzuk aldatu edo beste arau batzuk sortu behar direla aldarrikatzen du, besteak beste. Horrez gain, animalien salerosketa ilegala salatzea du xede, eta horren kontrako legeak indartzea ere eskatzen du. Martxan dagoen beste egitasmoetako bat da, esaterako, animalien erabilera bortitzik gabeko ikuskizunen aldeko kanpaina.

Zer da zehazki Primadomusen egiten duzuena? Nolakoa da zuen egunerokotasuna?

Bi departamendu daude, felidoena eta primateena, eta ni felidoen departamenduan aritzen naiz; hau da, lehoiekin eta tigreekin. Askotariko lanak egiten ditugu: animalien dieta prestatu, zentroaren barruko nahiz kanpoko instalazioak garbitu, animaliak entretenitzeko ariketak prestatu... Horiez gain, animaliekin entrenamenduak egiten ditugu albaitariak etortzen direnerako prest egon daitezen: ez estresatzeko, lasai egoteko... Era berean, animalien portaeren azterketak ere egiten ditugu, baita animalien behaketa jarraitua ere.

Nolako esperientzia ari da izaten?

Oso esperientzia ona; niretzako esperientziarik onena, ezbairik gabe. Oso positiboa ari da izaten, eta asko ikasi dut: animaliak nola tratatu behar diren, animalien zaintzan zer hartu behar den kontuan... Finean, animalien zaintzaile izateko kontuan hartu beharrekoak ikasi ditut.

Zure ustez, garrantzitsuak al dira animalien zaintzarako zentroak?

Oso garrantzitsuak. Askotan ez gara ohartzen, baina animalien trafiko ilegal handia dago, eta, batez ere, Espainian. Zentro horiei esker egiten dena zera da: animalia horiek egon behar ez duten lekuetatik ateratzen ditugu, eta haiei ahalik eta bizimodurik onena ematen diegu. Finean, ezin dute beraien habitatera itzuli, eta gu saiatzen gara beraien benetako sena berreskuratzen eta ahal den bizimodurik politena edo lasaiena eskaintzen.

Euskal Herrian ba al dago halako lekurik?

Euskal Herrian badaude fauna basatiaren erreskate zentroak, baina ez dira hain ezagunak. Nik dakidala, ez dago boluntariotzak egiteko aukerarik inguruotan; nahiko itxiak dira guneak. Hala ere, Primadomus zentro ezaguna da. Zoritxarrez, Euskal Herrian ez dago horrelakorik, ikaragarri gustatuko litzaidake, baina...

Etorkizunari begira, sektore horretan lanean jarraitzeko asmoa al duzu?

Uneotan ez dut planik. Saiatzen ari naiz mundu honetan lana aurkitzen, baina ez dago erraza. Oraingoz, etxera itzuli eta hurrengo geltokia aurkitzen saiatuko naiz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide