Elkarrizketa

Libe Aranburu: "Kultura behar da; lehen ere behar zen, eta orain are gehiago"

Anartz Izagirre 2021ko mai. 22a, 09:22

Libe Aranburu, Dinamoan. (Anartz Izagirre)

Txiki-txikitatik datorkio Libe Aranbururi antzerkirako zaletasuna, eta duela ia hogei urte murgildu zen mundu horretan. Egun, Hansel eta Gretel antzezlarekin dabil bateko zein besteko agertokietan, eta pandemiak birako hainbat emanaldi zapuztu badizkie ere, saioekin asko gozatzen ari direla azaldu du azpeitiarrak 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian.

Agertoki gainean, marrazki bizidunen ahotsen gibelean edo salmahaiaren atzean ikus daiteke, besteak beste, Libe Aranburu (Azpeitia, 1982). Hezurmamitu dituen pertsonaiak beste aurpegi ditu azpeitiarrak, eta azken urteetan antzerki mundutik urrunduta egon ostean, duela bi urte itzuli zen berriro antzokietara. Bere ibilbide artistikoaz luze eta zabal aritu da azpeitiarra.

Hansel eta Gretel antzezlanarekin itzuli zara aktore lanetara. Zer sentipen eragin dizu horrek?

2012. urtean utzi nituen agertokiak, haurdun gelditu bainintzen; ordura arteko urteetan jo eta su ibili nintzen. Egia da, behin taula gainetik jaisten zarenean, jendea zurekin ahaztu egiten dela, eta zeuk ere, beharbada, ez duzula egin beharreko dei hori egiten. 2019an hasi nintzen berriro ere antzezten, Hansel eta Gretel lanarekin. Anartzek [Zuazua] proiektu honen berri emateko deitu zidanean sekulako poza hartu nuen. Behar nuen. Gustatzen zaizun zerbait barruan duzunean, era batera edo bestera atera egin behar izaten duzu, eta Gretelen rola antzezteko proposamena oparia izan zen niretzat.

Nolakoak izan ziren zuretzat antzezlan horren lehen emanaldiak?

Entseguen prozesua nahiko gogorra izan zen, ez baikenuen behar bezainbeste entseatu lehen saioetarako. Estreinaldira bertigo apur batekin iritsi nintzen, baina aldi berean, kristoren emozioarekin. Duela urte batzuk antzezterakoan sentitzen nuena berriro sentitzea ederra izan zen, nahiz eta halakoetan burutik pasatzen zaizun: "Zergatik esan ote nuen baietz?". Urduritasun unea izaten den arren, zoriontasun osoa sentitzen duzu momentu horretan, ez baitzara ez ama, ez alaba; nire unea da, gehien gustatzen zaidana egiten gozatzekoa.

Grimm anaien bertsio klasiko itxuraldatua da Hansel eta Gretel antzezlana. Zer-nolako harrera izan du jendartean?

Oso harrera ona izan du, guk behintzat sentipen hori dugu. Jendea Hansel eta Gretel ikustera etortzean, deskolokatu egiten da hasieran, baina umeei asko gustatzen zaie, eta oso ondo ulertzen dute istorioa. Ikusi dugu ahoz ahokoak funtzionatu egiten duela, horixe dela gure antzezlanarentzat publizitaterik onena. Bestalde, duela bi urte Asturiasko FETEN azokan izan ginen; Espainiako arte eszenikoen azokarik garrantzitsuenetako bat da, eta hainbat programatzaile joaten dira hara. Espainian zehar antzezteko hainbat proposamen egin zizkiguten; gero, ordea, COVID-19a iritsi zen, eta bertan behera gelditu zen bira.

Hain zuzen ere, antzezlana aurkeztu eta berehala iritsi zen osasun krisia. Noiz berrartu ahal izan zenituzten emanaldiak?

Martxoko konfinamendua baino astebete lehenago saio bat bertan behera gelditu zitzaigun, eta ikusi genuen zerbait okerragoa etor zitekeela. Nire kasuan, gainera, ez nuen antzezlanik egiterik izan, eta arropa denda ere itxita eduki behar izan nuen. 2020ko irailean-edo hasi ginen berriro martxa hartzen; izan ere, uda nahiko lasaia izan zen. Antzezlanak berrartu genituenean kuriosoa iruditu zitzaidan PCR proben kontua. Futbolariek-eta partidak jokatu aurretik probak egiten dituzte, baina guk ez genuen halakorik egiten emanaldien aurretik; hor ikusten da beste sektore batzuekiko desberdintasuna. Eta, pentsa, gu agertokian elkar besarkatuta ibiltzen gara, eta maskararik gabe, gainera. Kontuak kontu, gustura itzuli ginen antzokietara, ilusioz, eta jendearen erantzuna ere oso ona izan zen. Hasieran uste genuen egoeragatik jendea ez zela emanaldietara joango, baina gero ikusi genuen baietz, jendea etorri zela.

Kultura lur jota utzi du COVID-19ak eragindako osasun krisiak, eta alor horretako profesionalak hasieratik ari zarete kultura segurua dela aldarrikatzen. Urtebeteren ostean, aldatu al da zerbait?

Berdin-berdin jarraitzen du egoerak, eta argi gelditu da kultura oso segurua dela. Izan ere, aretoetan maskararekin egoten da jendea, bakoitza bere aulkian, distantzia mantentzen, eta, gainera, debekatuta dago jatea. Bakoitzak bere egin beharrekoak ondo betez gero, ez dago arriskurik. Gauzek, ordea, berdin jarraitzen dute; nik, aktore bezala behintzat, ez dut aldaketarik sumatu.

Antzezterakoan asko antzeman al duzu publikoaren berotasun falta, ala segurtasun neurriek ez dute hainbesteko aldaketarik ekarri?

Niri ez zait hoztasunik iritsi. Egia da herri batzuk besteak baino hotzagoak izaten direla, baina hori maskara gabe ere igartzen da, eta jaso dugun berotasuna maskararik gabe jasoko genukeena bezalakoa izan da. Tamalez, esango nuke gehiegi ohitu garela ikusleak musukoarekin ikustera, eta beldurra ematen dit horrek.

Herritarrak kultur egarri direla dirudi, ikusi besterik ez dago areto asko bete egiten direla. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Bai, hala da. Pontevedrara [Galizia] joan ginenean, adibidez, itxita zegoen guztia, eta gurea zen hainbat hilabete eta gero egin zen lehenengo antzezlanetako bat. Ez genekien jendea antzezlana ikustera joango zen ala ez, baina bi saio egin genituen, eta bietan aretoa bete egin zen. Ikusi dut jendeak sekulako gogoa duela ekitaldietarako, eta guraso naizen aldetik, umeei gogo hori antzematen diet. Kultura behar da; lehen ere behar zen, eta orain are gehiago.

Atzera begira jarrita, noiz hasi zinen antzerki munduarekiko interesa izaten?

Aktore izatea betidanik nahi izan dudan zerbait da. Gainera, lehengusua eta osaba ere aktoreak izanda, beti joaten nintzen Euskal Antzerki Topaketetara. Hazi nintzenean ere, oso garbi nuen aktore izan nahi nuela, eta gurasoek esaten zidaten lehenengo beste gauza batzuk egiteko, eta ondoren izango nuela horretan aritzeko aukera. Nik, ordea, esaten nien lehenengo hori egingo nuela, eta gero izango nuela beste gauza batzuk egiteko aukera. Gurasoek etsi egin zuten azkenean, eta antzerkigintza ikasten hasi nintzen. Gaur egun, ulertzen dut nire gurasoen orduko jarrera, sarritan presio soziala jasan behar izaten delako horrelako kontuekin, baina nik, guraso naizen aldetik, lehen pentsatzen nuen gauza bera pentsatzen dut orain ere.

Ikasten hasi zinen garaiko zer oroitzapen dituzu?

Getxoko [Bizkaia] eskola batean ikasi nuen antzerkia, lau urtez. 08:00etatik 15:00etara izaten nituen klaseak, eta hainbat arratsaldetan ere joaten nintzen hara, emanaldiak prestatu behar izaten genituenean. Denbora asko eskaintzen nion antzerkiari; pentsa, ikasten egon nintzen lau urte haietan ez nintzen ostegun bakar batean ere parrandara atera Bilbon. Hainbat antzezlan egin nituen ikasten ari nintzen bitartean; izan ere, eskolan bertan antzezlanak sortu eta hainbat ikasle aukeratzen zituzten obra horietarako. Ondoren, ikasketak amaitutakoan, casting bat egin nuen Glu-Glu antzerki konpainiarekin, eta Hiru txerritxoak izan zen egin nuen lehen antzezlana. 2013. urtera arte konpainia harekin ibili nintzen lanean, 2002an hasita. Gogoratzen naiz, une batean, aldi berean bost obratan aritu nintzela lanean: euskaraz, gaztelaniaz, helduentzat, haurrentzat... Intentsoak izan ziren garai haiek, baina ez nituzke ezergatik aldatuko. Orain, ordea, ezingo nuke maila hartan lanik egin, guztiaren gainetik ama naizelako.

Urte hauetan guztietan egon al da bereziki markatu zaituen antzezlanik?

Obra hori, agian, iristeko dago oraindik. Orain arte egin ditudan antzezlan guztiek eragin desberdina izan dute nigan, baina Su txikian antzezlanaren prozesua oso aberasgarria izan zen. Jesus Egigurenekin, Arnaldo Otegirekin eta haien familiekin egon ginen hizketan antzezlana prestatzeko, eta prozesu polita izan zen hura. Egunero-egunero tripak buelta ematen zidan, eta asko ukitu ninduen antzezlan hark. Hura izan zen haurdun gelditu aurretik egin nuen azken antzezlana.

Telebistako hainbat saiotan eta telesailetan ere egin dituzu aktore lanak. Asko antzematen al duzu antzerkitik telebistarako aldaketa?

Sorgintxulo saioan hasi nintzen Gorritxo pertsonaiari ahotsa jartzen, eta, ondoren, 3txulon Izeba Kattalin pertsonaia gorpuztu nuen. Hasieran, noizean behin ateratzen zen pertsonaia hura saioan, baina azkenean, gero eta presentzia handiagoa hartu zuen. Telebistako lana beste kontu bat da; asko aldatzen da lan egiteko modua. Dena den, oso erosoa zen lan hura; astean behin edo bitan joaten nintzen grabaketetara, hainbat saio batera grabatzen baikenituen. Bestalde, programa horretan parte hartu aurretik, Pilotari telesailean ere aritu nintzen, gaiztoarena egiten. Gaztea nintzen orduan, eta ez nuen konfiantza handirik neure buruarengan, baina oso esperientzia aberasgarria izan zen hura ere.

Egun pil-pilean daude euskal ekoizpenak. Euskal Telebistak, esaterako, hainbat telesail labur estreinatu ditu azken urteetan. Nola ikusten duzu egoera?

Bizi izan ditugun urteak bizi eta gero, orain behintzat saltsa dagoela ikusten da. Mugimendua izatea ona da, telesailak onak ala txarrak izan.

Ikus-entzunezko plataforma berriek izan al dezakete eraginik euskal ekoizpenen ugaritze horretan?

Bai, noski. Dena den, iruditzen zait txikia eta gurea dena ahaztu egiten zaigula askotan; hau da, ETB eta antzerkia. Horiek ez dira bultzatzen, eta badago hemen lan egin nahi duen jendea; ni, adibidez, ez naiz sekula Madrilera casting bat egitera joan, ez dut inoiz bide hori landu.

Bikoiztaile ere bazara. Urteak daramatza Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak lan baldintza duinak eskatzen.

Soldataren %32 jaitsi ziguten, eta hori ezin da jasan. Lanean ari ginen, baina zeren truke? Nik egunero Bilbora joan behar izaten nuen, bidesaria eta TAO ordaindu... Egoera horren aurrean zerbait egin behar zela eta, planto egitea erabaki genuen. Nik garai hartan lan mordoa nuen, egunero joaten nintzen lanera, baina gauzak ez dira norberagatik soilik egin behar. Denok, ordea, ez dugu berdin pentsatzen; bikoiztaile askok planto egin genuen, baina beste batzuek lanean jarraitzea erabaki zuten. Ia hiru urte daramatzagu lanik egin gabe, eta lehen 80 pertsonak bikoizten zutena dozena batek bikoiztuz gero, kalitatea asko jaisten da. Halakoetan ikusten da benetan zenbat axola zaien Zineuskadiri eta ETBri euskal ekoizpenaren kalitatea.

Jarrera aldaketarik sumatu al duzue azken urteetan?

Beste eremu batzuetan dagoen moduko hitzarmena eskatzen dugu, eta horretarako ari gara lanean sindikatuekin. Hainbat pertsona lan handia egiten ari dira borroka horren alde. Politikariekin ere bildu gara, eta badago mugimendua. Badugu esperantza, baina egoera hau ere jasan egin behar da, bikoiztaile gehienok beste lan batzuk hartu behar izan baititugu eta prozesua luzea ari baita izaten. Gauzak lortzen ari gara, baina lanuztearekin jarraituko dugu.

Zer-nolako garrantzia du zure ustez ikus-entzunezkoak euskaraz bikoizteak?

Herri eta hizkuntza zapaldu bat izanda, iruditzen zait ez dagoela azalpen handirik eman beharrik. Euskarak bizi duen egoera kontuan izanda, lehenengo urratsa kalitatezko materiala euskaraz edukitzea da. Askok esan ohi dute arraroa egiten zaiela filmak euskaraz ikustea, baina marrazki bizidunekin ez da gauza bera gertatzen. Zergatik? Ohitu egin garelako marrazki bizidunak euskaraz ikustera, baina filmak eta telesailak ez. Sekulako lana egin behar da jendea horretara ohitzeko. Gainera, filmak jatorrizko bertsioan ikustea euskararen kasuan soilik proposatzen da, beste hizkuntzetan ez. Txantxa bat iruditzen zait.

Nagusiki marrazki bizidunak ematen dituzten kate propioa du Euskal Telebistak: ETB3. Kate horrek egun duen egitura ikusita, lehiakorra al da?

Ez, ez da. ETB3k haurrei merkatuan dagoena eskaini behar die, euskaraz, eta beti hobetzen joan behar du. Nire alabak 7 urte ditu, eta ez da normala hark Pippi Kaltzaluze dagoeneko errepikatuta hiru aldiz ikusi izana. Horrek ezin du horrela izan. Marrazki bizidun mordoa dago, erosi egin behar dira, eta, ondoren, euskarara bikoiztu. ETBk erosten dituen marrazki bizidunak beste inon ikusten ez direnak dira.

Orain arte hainbat bikoizketa egin dituzu. Zein da zure pertsonaia kuttuna?

Maya erlea. Pertsonaia hori bikoizteko eskatu zidatenean, oraindik ez nituen protagonista asko bikoizten, eta asko disfrutatu nuen harekin.

Bikoiztaile, antzezle, dendari... Probatzeko ezer gehiago falta al zaio Libe Aranbururi?

Antzerki munduan oso pozik nago orain, eta gustatuko litzaidake berriro ere bikoizketara itzultzea; izan ere, nire ogibidea da, eta oso gustura aritzen naiz horretan. Lana eta lanean gutxieneko segurtasuna izatea soilik eskatzen ditut

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide