Julen Azpiazu: "Denbora hobeak egitea da epe motzerako jarrita dudan erronka"

Nerea Uranga 2021ko mai. 12a, 17:00

Julen Azpiazu atleta.

Urte eta erdi da Julen Azpiazu (Azpeitia, 2003) atletismoan hasi zela, Xeye atletismo taldearekin. Kirol horretan, denbora asko ez daraman arren, emaitza bikainak lortzen ari da. Joan den asteburuan, Euskal Herriko Atletismo Txapelketako 20 urtez azpikoen 3.000 metroko proban urrezko domina irabazi zuen.

Euskal Herriko Atletismo Txapelketako 3.000 metroko probako txapelduna zara. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura nago. Ondo ari nintzen entrenatzen, eta banuen proba irabazteko itxaropena. Espero bezala irten zuen denak, eta irabazi egin nuen. Nahiko makal hasi ginen, baina 600 metro falta zirenean, erritmoa azkartu eta irabaztea lortu nuen.

Euskal Herriko txapelketan beste podium bat ere egin zenuen, hain zuzen, 1.500 metroko proban hirugarren sailkatu zinen.

Berez laugarren egin nuen lasterketa horretan. Baina arazoak egon ziren, hirugarren egin zuen atleta euskal herritartzat ez zelako hartzen. Ondorioz, hirugarren postua niri eman zidaten, eta ni igon nintzen podiumera. Podiumetik jaitsitakoan, ordea, eman zidaten brontzezko domina hirugarren egin zuen atletari eman nion, nire aurretik sartu zelako helmugara; eskertu zidan keinua. Nik 1.500 metroko proba hobeto egitea espero nuen, baina beti ez dira gauzak nahi bezala irteten. Hala ere, arratsaldean, 3.000 metrokoan egindakoarekin gustura gelditu nintzen.

1.500 eta 3.000 metroko probak al dira zuretzat egokienak?

Uste dut ondoen 3.000 metro artekoetan ibiltzen naizela eta hori baino proba luzeagoak luzeegiak egiten zaizkidala. Behin probatu nuen 5.000 metrokoa, Euskal Herriko Txapelketa batean, eta hirugarren egin nuen, baina ni ondo moldatzen naizen distantziak 1.500ekoa eta 3.000koa direla esango nuke.

Euskal Herrikoa irabazita, Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkatzea lortu al duzu?

Berez, Espainiako Txapelketa jokatzeko gutxieneko denbora lortu behar izaten da. Aurten, ordea, pandemia tarteko, ez dute marka kontuan hartuko; txapelketako proba bakoitzerako Espainiako hamasei atleta onenak hautatuko dituzte. Ondorioz, pentsatzen dut aurten ez dudala aukerarik izango Espainiako Txapelketa jokatzeko. Datorren urtean saiatuko naiz; ea lortzen dudan. Gainera, 20 urtez azpikoen mailan aurreneko urtea dut, eta hori kontuan izanda, aurten zaila ikusten dut txapelketa jokatzeko aukera izatea, baina gustatuko litzaidake Espainiakoan lehiatzea.

Inoiz jokatu al duzu Espainiako Txapelketako probarik?

Orain dela bi aste taldekako Espainiako Txapelketan parte hartu nuen, Donostiako Atletico San Sebastian taldearekin. Esperientzia polita izan zen.

Izurria dela eta, nolakoa izaten ari da aurtengo atletismoko denboraldia?

Krosean proba bakarra jokatu dugu aurten, Euskal Herriko Txapelketa. Pista estalian lasterketa gehiago izan ditugu, eta oso gustura ibili naiz. Esaterako, Euskal Herriko Txapelketan egindako emaitzekin gustura gelditu nintzen: 1.500 metrokoan hirugarren egin nuen, eta 3.000 metroko lasterketa irabaztea lortu nuen. Pista estalian Gipuzkoako Txapelketak ez dira jokatu, ordea. Aire zabaleko pistako Gipuzkoako Txapelketa hilabete barru jokatzekoa da, eta ea ez dituzten horiek ere bertan behera uzten.

Lehiatzeko gogoarekin al zaude?

Bai, lehiatzeko gogoarekin nago, eta Gipuzkoako Txapelketan parte hartzea nahi dut.

Epe motzerako zer erronka dituzu?

Denbora hobeak egin nahi ditut. Orain dela astebete 3.000 metrokoa bederatzi minututan egin nuen, eta pena pixka bat hartu nuen ez nuelako lortu bederatzi minutuetatik jaistea. Epe motzera, distantzia hori 08:50 denboran egitera gerturatu nahiko nuke. 1.500 metroetan, berriz, 04:10 denbora marka daukat, eta lau minututan egitera hurbildu nahi dut. Denbora hobeak egiteaz gain, Gipuzkoako Atletismo Txapelketan 800, 1.500 eta 3.000 metrotako probetan lehiatu nahi dut, eta ea horiek irabazteko aukera daukadan.

Futbola utzi eta atletismoan hasi zinen iazko urtarrilean. Zergatik aldaketa hori?

Txiki-txikitatik ibili nintzen futbolean, eta oso gustura gainera. Futbolerako sasoia hartzeko korrika pixka bat egiten hasi nintzen, eta gustatzen hasi zitzaidan. Gero, Xeye atletismo taldekoek deitu zidaten, atletismoa probatzera gonbidatuz. Pedro Muñozekin hasi nintzen entrenatzen, eta asko gustatu zitzaidan lasterka egitea; nahiko ondo ibiltzen naiz. Futbola eta atletismoa biak batera egitea oso gogorra da, entrenamendu asko direlako, beraz, bietatik bat aukeratu behar izan nuen; eta atletismoan aritzea erabaki nuen. Urtebete pasatxo daramat Pedro Muñozekin entrenatzen, eta oso gustura nabil. Pedrori esker, asko aurreratu dut atletismoan; hark egiten duen lana eskertzekoa da; asko zor diot hari.

Zer eman dizu atletismoak?

Atletismoari esker, lehiakide ditudan beste herri batzuetako lagun asko egin ditut. Horrez gain, orain taldeko entrenamendu gutxiago egiten baditugu ere, Xeye taldean giro ederra daukagu.

Batxilergoko bigarren maila egiten ari zara. Erraza al da atletismoa eta ikasketak uztartzea?

Aste honetan bukatu ditut eskolako azterketak, eta gero, selektibitatea egin beharra daukat. Atletismoan astean sei egunetan entrenatzen dugu, eta lasterketaren bat daukagunean bost egunetan. Denbora kentzen dute entrenamenduek, baina nahiko ondo antolatzen naiz ikasketak eta atletismoa uztartzeko. Orain arte, horretarako arazorik ez dut eduki. Ondo antolatuta dena egiteko denbora ematen du: ikasketak eta atletismoa biak axola zaizkit, eta biei denbora eskaintzen saiatzen naiz. Datorren urtean, unibertsitateko ikasketak Gasteizko IVEF-SHEE Hezkuntza eta Kirol fakultatean hasi nahi ditut, eta horretarako aukera izateko, orain saiatu egin behar dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide