Denis Urubko: "Mendia zoriontasuna da, zoriontasun arriskutsua"

Nerea Uranga 2021ko mai. 14a, 09:40

Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urtemuga ospatzeko antolatu duten egitasmoetako bat da Mendiko Ahotsak zikloa. Horren barruan, atzo Denis Urubko alpinistaren hitzaldia eta hari buruzko ikus-entzunezkoak izan ziren Soreasu antzokian. Mendi altuetan ibiltzeko eta bide berriak zabaltzeko prestaketa eta entrenamendua "ezinbestekoak" direla azpimarratu zuen.

Denis Urubko alpinista errusiarraren "curriculum paregabea" aipatuz hasi zuen atzo Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak Mendiko Ahotsak zikloko saio berria. Hamalau zortzimilako mendiak oxigenorik gabe egindakoa da Urubko; 2009an lortu zuen balentria hori. Zehazki, lorpen hori egin zuen hamabosgarren mendizalea izan zen, eta oxigenorik gabe igo zituen bederatzigarren mendizalea.

Balentria horrez gainera, mendi garaietan hainbat bide berri zabaldutakoa da. Dena den, Urubko kirol ikuspegitik haratago, "alde humanotik" egin duenagatik nabarmentzekoa dela adierazi zuen Unanuek: "Mendian hainbat erreskate esanguratsutan parte hartu du, zerbait larria gertatzen zela ikusi ahala, beti laguntzeko prest azaldu izan da: esaterako, 2008an Iñaki Otxoa Olzaren erreskatean parte hartu zuen. Izugarrizko saiakera egin zuten Otxoa Olza salbatzeko, baina ezinezkoa izan zen". Otxoa Olza mendizale iruindarrak Annapurnan izan zuen ezbeharra, gailurra egiteari uko egin eta beheranzko bidean, 7.400 metrotara.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren izenean, Unanuek eskerrak eman zizkion Urubkori nahiz haren bikotekide Maria Jose Cardell eskalatzaileari Azpeitira etortzeagatik Mendiko Ahotsak-en parte hartzera.

Aukezpenaren ondoren, Urubkok hartu zuen hitza eta Cardellek egin zituen itzultzaile lanak. Azken sei urteetan Espainiako hegoaldean bizi dela azaldu zuen, nahiz eta bere bizitza Polonia, Italia eta Errusia artean egiten duen. Behin eta berriro azpimarratu zuen alpinistak mendi garaietan ibiltzeko ezinbestekoa dela aurrez ondo prestatzea eta entrenatzea, bai fisikoki eta bai psikikoki. Esaterako, garai batean, Kazajistanen abiadurako lasterketa ugaritan parte hartu zuela azaldu zuen. Horien inguruko ikus-entzunezko bat ere proiektatu zuen atzokoan. Kazajistango armadarekin aritutako garaiez eta egindako mendiko igoerez ere hitz egin zuen, eta armada uzteko arrazoia mendi garaietan nahi zituen erronkak eta bideak egiteko aukera falta izan zela adierazi zuen.

Zortzimilako mendietan gauzatu dituen erronkak egiteko garrantzitsuak izan dira Urubkorentzako estilo alpinoan eta arinean ibiltzea, bide berriak zabaltzeko grina izatea eta taldekide edo lagun onekin aritzea. Horri lotuta, Cardellekin batera egindako igoera eta espedizioen ikus-entzunezkoak erakutsi zituen atzo. Besteak beste, 2019an Gasherbrum II (8.035 metro) bakarrik eta oxigenorik gabe igo zuenekoa, bide berri bat irekita. Ikus-entzunezko horretan azaltzen da gainera, igoera hori gauzatu aurretik hiru erreskatetan parte hartu zuela.

Mendian galdutako lagunak ere gogoan izan zituen atzo Urubkok, besteak beste, Sergi Mingote –joan den urtarrilean hil zen mendizale kataluniarra K2 mendian–. "Edozein larrialditan eta beste mendizaleren bati lagundu beharra zegoenean, Mingote beti prest izaten zen erreskatean laguntzeko". Mendi garaietan ibiltzeak zoriontasun eta poz asko eman izan dizkiola nabarmendu zuen, baina arriskutsua ere badela: "Mendia zoriontasuna da, baina zoriontasun arriskutsua".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide