Azpeitiak gaur ekingo dio eskuzko herriartekoari

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 14a, 09:59

2019an Azpeitiak Astigarragaren kontra jokatu zuen finaleko irudi bat.

Final-zortzirenetako joaneko partida gaur arratsaldean jokatuko dute Oñatiren kontra, kanpoan, 17:45ean hasita. Gomazko palistek, berriz, bihar jokatuko dute lehendabiziko partida, Urrestillako frontoian, 10:00etan hasita. Tolosa izango dute arerio final-zortzirenetako joaneko neurketan.

Pandemiak behartutako urtebeteko etenaren ostean, bueltan da Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketa. Azpeitiak gaur arratsaldean jokatuko du lehendabiziko partida, final-zortzirenetako joanekoa. Oñati izango du aurkari eta haren etxean izango da neurketa, 17:45etan hasita.

Ilunpek hamabost pilotarirekin osatu du Azpeitia ordezkatuko duen taldea. Kadeteen mailan zazpi pilotari sartu dituzte: Eneko Odriozola, Urtzi Egiguren, Beñat Ezama, Beñat Labaka, Iker Otaegi, Oier Larrañaga eta Aner Lizaso. Jubeniletan, Josu Labaka, Aimar Egigurene, Iker Egiguren eta Jakes Elosegi ariko dira, eta seniorretan, Unai Alberdi, Daniel Murgiondo, Haritz Larrañaga eta Iosu Uzkudun.

Talde "orekatua" osatzea lortu dutela adiezi du Xabier Aldalur Ilunpeko kideak, Gipuzkoako Hitzan eskuzko herriartekoari buruz landu duten erreportajean. "Adituen arabera, gu gara faboritoak Oñatiren kontra, baina, aurrera eginez gero, kontrario gogorrak izango ditugu parez pare; adar gogorrena egokitu zaigula diote". Hala ere, aukerak badituztela uste du. "Talde orekatu bat osatzea lortu dugu, maila guztietan lehiatzeko modukoa, eta ilusio handiarekin goaz, ezer baztertu gabe".

Hamasei herri ariko dira nor baino nor gehiago, eta ohiko formatua izango du lehiaketak. Gaur hasi eta datozen sei asteburuetan jokatuko dituzte kanporaketak. Asteburu honetan eta hurrengoan final-zortzirenetako joaneko eta itzulerako partidak izango dituzte; maiatzaren 28tik 30erako eta ekainaren 4tik 6rako asteburuetan, final-laurdenetakoak; ekainaren 11tik 13rako eta 18tik 20rako asteburuetan, finalerdietakoak; eta bi onenek ekainaren 26an jokatuko dute final handia, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, ziurrenik. Aurtengo txapelketak bi hutsune handi izango ditu, hala ere: bata, eskuzko herriarteko txapelketaren historian lehenbiziko aldiz, Donostiak ez duela ordezkaritzarik izango; bestea, ikuslerik ez dela izango partidetan.

Eskuzko herriartekoaren historian, Azkoitia da txapel gehien jantzi dituen herria —hamasei— eta Azpeitia da bigarrena —zazpi—. Horietatik lau jarraian lortu dituen herri bakarra da; 2015etik 2018ra, hain zuzen. Beste lautan, berriz, txapeldunorde gelditu zen. 

Gomazko palistak bihar hasiko dira

Gomazko palistek, berriz, bihar jokatuko dute txapelketako lehen partida, final-zortzirenetako joanekoa, Urrestillako frontoian, 10:00etan hasita. Tolosa izango dute parez pare, kontrario gogorra, azken edizioko finalistetako bat. Hain zuzen ere, honako kirolari hauek osatuko dute Azpeitiko taldea: Haritz Aranbarrik, Oier Alkortak, Eneko Martijak, Mikel Sanchezek, Urtzi Lopetegik eta Asier Egigurenek.

Ohi bezala, aurten ere gomazko paletako modalitatean hiru partida jokatuko dituzte 20 tantora. Lehen partidan, buruz buru jokatuko dute bi herrietako palista banak; bigarrenean neurketan binaka arituko dira; eta hirugarren partidan, zazpi koadroren barruan jokatuko dute palistek buruz buru.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide