Joan den otsailean aurkeztu zuten Ekiola sozietatea Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Mondragon Taldeko Krean erakundeak. Energia berriztagarrien bidez autokontsumoa bultzatzeko jaio da Ekiola, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herriz herri energia autokontsumorako kooperatibak bultzatzeko eta eratzeko, hain zuzen. Sozietatearen aurkezpenean aurreratu zuten Azpeitian sortuko zutela lehen kooperatiba; otsailean bertan aurreratu zituzten Azpeitiko kooperatibaren lehen xehetasunak, eta gaur aurkeztu dute lehen urratsak egiten hasia den Azpeitiko energia autokontsumorako kooperatiba: Ekindar.
Zerbitzu kooperatiba moduan eratu dute Ekindar, plaka fotovoltaikoen baratze baten bidez eguzkiaren indarra baliatuta azpeitiarren artean energia autokontsumoa eta burujabetza energetikoa sustatzeko helburu nagusiarekin. Proiektu teknikoa prestatzea izango du hasierako egitekoa kooperatibak; baimen administratiboak eta jarduera baimenak eskuratzeko prozedura osatzea edota exekuzio proiektua egitea dira zortzi hilabete inguru iraungo duen proiektuaren lehen fasean gauzatuko dituzten lanak. Horiek osatu ondoren, kontsumo kooperatiba bilakatuko da Ekindar, eta orduan irekiko zaie azpeitiarrei "kooperatibaren parte eta jabe" izateko aukera. Hain zuzen ere, herriko 400 bat familiaren energia beharrei erantzutea da proiektuaren asmoa.
Nagore Alkorta alkateak, Iñigo Ansola EEEren zuzendari nagusiak eta Hodei Arzak Kreaneko zuzendari teknikoak aurkeztu dituzte gaur udaletxean energia autokontsumorako Azpeitiko kooperatibaren xehetasunak eta proiektuaren helburuak eta asmoak. Aurkezpenean egon dira, era berean, Ekindar proiektuan eragile sustatzaile izango diren herriko eragileen ordezkariak ere. Bertan merkatari elkartea, Artxara kooperatiba –Azoka Plazako Elikagunea saltokikoa–, Kulturaz kooperatiba, Urola Ikastola, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Iraurgi Ikastetxea dira kooperatibaren lehen urratsetatik proiektuaren partaide izango direnak, Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera.
Martxan, datorren urtean
Lehen faseko izapideak bukatu ondoren, herritarrei "proiektuaren baldintza orokorrak zein izango diren" esateko moduan izango dira, Arzakek azaldu duenez. Epeak betez gero, 2022aren hasieran ekingo diote eguzki plaken baratzea eraikitzeari. Prozesu hori "nahiko laburra" izango da, hiru bat hilabetean bukatuta izatea aurreikusten dute. Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzten eremuan nekazaritza edo abelzaintza jarduerak garatzea "bateragarria" izan daitekeen aztertuko dutela esan du Kreaneko ordezkariak, eta kooperatibako bazkide bakoitzaren beharrak asetzeko "lau eta sei plaka artean" beharko direla aurreikusten dutela ere gaineratu du.
Herrigunetik pare bat kilometrora dagoen hektarea inguruko landa eremuko lursail batean jarriko dituzte plaka fotovoltaikoak; udalak hautatua du kokapena, baina oraindik ez du jakinarazi, eta baimen administratibo guztiak eskura izan arte ez du, printzipioz, horren berri emango.
"Denontzat onuragarria"
Azpeitiko alkatearen esanetan, "denontzat onuragarria izango den bide bati hasiera eman" diote kooperatiba berriaren sorrerarekin. "Tokiko ekonomiaren sustapena eta ingumenaren zaintza" Azpeitiko Udalaren lehentasunen artean daudela aipatu du Alkortak, eta, bere ustez, "proiektu honekin bi helburu horiek uztartzeko modu eraikitzaile bat aurrera eraman" dezake erakundeak, kooperatibaren sortzaileetakoa den aldetik.
Herritarren protagonismoa eta "0 kilometroko energia" ekoiztearen garrantzia ere nabarmendu ditu gaur alkateak: "Herritarren oinarrizko beharra den energia herritarrek beraiek sortzeko eta kudeatzeko aurrerapauso bat ematen dugu. Energia berriztagarriak sustatzeaz gain, uste dugu energiaren demokratizazioan ere pauso bat ematen dela, herritarrak beraiek izango direlako beraiek kontsumituko duten energia sortuko eta kudeatuko dutenak". Alkortarentzat, "ondoren martxan jar daitezkeen beste energia proiektu batzuk sustatzeko bidea" ireki dezake Ekindarrek, "energiaren inguruan sentsibilizatzeko eta ahalduntze bat lortzeko" oinarriak jarrita.
Pozik agertu da alkatea, "urtebete pasatxo" iraun duen lanketaren fruituak aurkezterakoan, eta kooperatibaren lehen pausoetan parte hartu duten herriko eragileei eskerrak eman dizkie. EEEko Ansolak ere eskertu du horien parte-hartzea eta "zorionak" eman dizkio Azpeitiko herriari, "honelako ekimen baten bultzatzaile izan delako eta delako". Ekindar atzetik etorriko diren beste hainbat kooperatibaren eta egitasmoren lehen alea izan behar dela nabarmendu du Ansolak. Aldaketa klimatikoaren arazoari aurre egiteko CO2 isurketak murriztu beharra eta horrek dakartzan erronkak hizpide izan ditu EEEren zuzendariak. Isurketa horien %85 inguru energia sektoreak sortzen dituela esan du; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, "mix energetikoaren %80,4 oraindik erregai fosilen mendekoa" dela gaineratu du, eta portzentaije hori eta horrek ingurumenean dituen ondorio kaltegarriak murrizteko "bide bakarra" energia berriztagarrien teknologiak direla adierazi du.