Dantza taldeak eta koruak, martxa berreskuratu nahian

Mailo Oiarzabal eta Anartz Izagirre 2021ko mai. 20a, 15:32

Itsasiko dantzariak Soreasun, 2019ko Azpeitia Dantzanen. Harrezkero ez dira oholtza gainera igo.

COVID-19aren aurkako neurrietan hainbat aldaketa iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak hil honen hasieran. Maiatzaren 8ko azken dekretuarekin, besteak beste, dantza eta ahots talde ez-profesionalen emanaldiak berriro baimendu dituzte, joan den udazkenean ezarritako etena hautsiz. Arnasa berria eman die neurri horrek Itsasi eta Sahatsa dantza taldeei zein Julian Barrenetxea abesbatzari.

Espainiako Gobernuak alarma egoera kendu eta berehala, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko hainbat neurri malgutu egin dituzte. Pandemiak hor dirau eta intzidentziaren zenbakiak joan den uda hasieran baino handiagoak dira, baina azken asteetan askeago eta ordulariari begiratu gabe mugi gaitezke, besteak beste, aspaldiko hilabeteetan ez bezala.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 8an argitaratu zuen alarma egoeraren osteko neurrien dekretua, eta beste hainbat arlotan bezala, dekretu horretan jasotakoek aldaketa garrantzitsuak ekarri dizkiete dantza eta ahots talde ez-profesionalei; horietan handiena, jendaurreko emanaldiak berreskuratzeko moduan izango direla, joan den udazkenetik ezinezkoa izan duten zerbait, alegia.

Uztailaren 11 jomugan

Itsasi dantza taldeak ia bi urte daramatza emanaldirik egin gabe. 2019ko ekainaren 29an, urte hartako Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan egin zuten azken agerraldi nagusia Itsasikoek, Soreasu antzokian. Iazko etena eta gero, aurten berriro izango da Azpeitia Dantzanen egitarauaz gozatzeko aukera, eta uztailaren 11 dute jomugan Itsasiko kideek, egun horretan baitute egitekoa beren emanaldia.

Iazko martxoan, nola ez, jarduera guztia "bertan behera" utzi behar izan zuen Itsasik. Irailera arte ez ziren berriro mugitzen hasi, baina orduan ere ez zien luze iraun jardunak. "Zerbaitetan hasteko aukera zegoela ikusi genuen eta erabaki genuen aukerari eustea. Hasteko, umeekin dantza eskolak martxan jartzea nahi izan genuen. Horiek prestatzen hasi ginen, eta helduok ere hasi ginen zerbait egiten. Gehienbat festa ekitaldietan mugitzen gara gu, eta horrelakorik ez geneukan, baina entsegu batzuk behintzat egiten hastea pentsatu genuen. Baina herria eremu gorrian sartu zen berriro, eta dena moztu egin behar izan genuen atzera", ekarri du gogora Ainara Bidal Itsasiko kideak.

Gehienez seiko taldeetan eta entseguetan soilik, horixe izan dute udazkenetik orain arte aukera bakarra Itsasi bezalako taldeek, eta horri behintzat "eustea" erabaki zuten. "Guztiz gelditzen bazara, gero oso zaila da berriro martxa hartzea", dio Bidalek. Urtarrilean, berriz, irailean hasi ezin izan zituzten dantza eskolak berreskuratu zituzten. Horietan ere seiko muga gorde behar izan dute eta, beraz, ohi dutena baino ume gutxiagorentzat izan dute tokia. Ikasturte hau horrela bukatuko dute, eta irailean "ikasturtea normal hastea" da Itsasikoen itxaropena. Helduek ere seinaka jarraituko dute entseatzen eta uztailaren 11ko emanaldia prestatzen. "Horrela irudikatu dugulako lana", azaldu du Bidalek. Udalak Azpeitia Dantzan berreskuratzea eta Itsasiri bertan aritzeko proposamena "oso gustura" hartu dute Itsasikoek. Iazko udaberritik ospatu ezin izan diren "herriko festak" oinarrian izango dituen ikuskizun berria aurkeztuko du Itsasik datorren uztailean, Bidalek aurreratu duenez.

Ilusioa berpiztuta

Azkoiti-Azpeitiko Sahatsa dantza taldeak hainbat hilabete daramatza entseguak egiten, baina ezohiko baldintzetara egokitu behar izan zuen taldeak. "Bi azpitaldetan banatuta egiten ditugu entseguak, eta talde bakoitzean bospasei dantzari aritzen dira, neurriek eskatzen duten moduan. Osasun krisiaren aurretik astean entsegu bat egiten genuen, baina orain ordutegia bitan banatu behar izan dugu denok entseatu ahal izateko", azaldu du Juan Luis Lizabe Sahatsa dantza taldeko kideak.

Jaurlaritzaren 23/2021 Dekretuan ez da zehazten entseguetan elkar daitezkeen dantzarien kopurua zenbatekoa den, baina taldeek "prebentzio-neurrien protokoloa" izan behar dutela zehazten da bertan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena. Sahatsak, dena den, azken hilabeteetan entseatu duen moduan jarraitzen du oraindik.

Dantza talde ez-profesionalen emanaldiak baimentzeak, ordea, izan du eragina Sahatsa taldearengan. Izan ere, dagoeneko badute azken hilabeteetako lehen emanaldiaren data: uztailaren 10a. Matalaz ikuskizuna ari dira prestatzen Soreasu antzokian egin asmo duten Azpeitia Dantzan jaialdian eskaintzeko, eta "ilusioa bueltatu" zaiela aitortu du Lizabek: "Orain arteko entseguetan teknika lantzen aritu gara, makil-jokoak egiten, banaka edo binaka… Orain, berriz, Matalaz ikuskizuneko koreografiak entseatzen hasi gara, uztaileko emanaldirako". Horrez gain, ikusikizun bera Azkoitian egiteko asmoa ere badute Sahatsakoek, baina oraindik ez dute fata finkorik.

Ekainean, berriro hastera

Julian Barrenetxea abesbatza ere jarduera berreskuratzeko gertu dago. Dantza taldeek ez bezala, Barrenetxeakoek entseguak ere ezin izan dituzte egin joan den udazkenetik. Maiatzeko lehen asteburuan, Kontuz bai, ixilik ez leloarekin kalera atera ziren Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko kideak, koruek bizi zuten egoera salatzeko eta ordura arte indarrean ziren neurriak aldatzeko eskatuz. Protesta eta eskaera horiekin bat egin zuen Azpeitiko ahots zurien abesbatzak ere. Handik astebetera etorriko zen dekretu berria era neurrien malgutzea.

Julian Barrenetxea abesbatzekoek aste honetan bertan egin dute bilera, eta ondobidean, ekainean hasiko dira berriro entseatzen. Pozik hartu dute erabakia taldekideek, eta, "ohitura batzuk aldatu" beharko dituzten arren, azken dekretuan ezarritako neurriak "zorrotz" betetzeko prest daudela azaldu Arantxa Olaizolak. Besteak beste, entseguetan metro eta erdi-bi metroko" distantzia gorde beharko dute kideen artean, eta lokala egoki aireztatuta izan beharko dute. "Horrek guri ez digu arazorik sortzen", dio Olaizolak. Soreasun entseatzen dute Barrenetxeakoek, "astean behin, normalean", Musika Bandarekin eta Azketa ahots taldekoekin partekatzen duten lokalean.

Entseguekin hasteko gogoz, momentuz ez dute emanaldirik zehaztuta. Bai, ordea, berrikuntza bat. Izan ere, ahots teknika lantzeko saioak egiten hasiko dira, eta horietara animatzeko deia egin nahi dute. "Herriko emakumeak animatu nahi ditugu parte hartzera, ahotsa lantzera, eta koru baten kantatzea zer den probatzera, batere konpromisorik gabe", adierazi du Olaizolak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide