Etxebizitza politika zehazteko eta herritarren beharrak ezagutzeko azterlan bat egingo du udalak

Julene Frantzesena-Maialen Etxaniz 2021ko mai. 20a, 21:00

Batetik, herriko etxebizitza diagnostikoa berrituko dute; eta bestetik, Azpeitiko etxebizitza plangintza garatzeko oinarriak jarriko dituzte. Astelehenean hasita, 18 eta 35 urte bitarteko 700 herritarrei galdetegia egingo diote. Udalak duela lau urte inguru ere egin zuen halako azterlan bat, baina erakundearen arabera, etxebizitza politikak "iraunkorra" izan behar du eta beharrak "aldian-aldian" atzeman behar dira.

Azpeitiko Udalak etxebizitza politika zehazteko eta herritarren beharrak ezagutzeko azterlan berri bat egingo du. Ez da erakundeak halako lan bat egingo duen lehen aldia –duela lau urte ere egin zuen–, baina berritzeko unea dela iritzita, datozen hamar urteetarako iparrorratz izatea du xede orain gauzatuko dutenak. Batetik, herriko etxebizitza diagnostikoa berrituko dute; eta bestetik, Azpeitiko etxebizitza plangintza garatzeko oinarriak jarriko dituzte.

Ez da, baina, diagnosi soila izango; izan ere, Josu Labaka Hirigintza batzordeburuak azaldu duenez, azpeitiarrek eta Azpeitiko gazteek etxebizitza erreal bat eskuratzeko erraztasuna edo aukera erreala izan dezaten bermatzea da Azpeitiko Udalaren helburua. "Hamar bat urterako beharrak aztertzea eta beharrei erantzuna ematea da prozesuaren helburua. Azpeitiarren ahotsa kontutan hartzeko ahalegina egingo du udalak". 

Mikel Agirre eta haren lantaldea arduratuko da azterlan hori gauzatzeaz, eta hark zehaztu duenez, bi fasetan egingo dute lana. Lehenik, aurrediagnosia egingo dute Azpeitiko biztanleen eta etxebizitzen harremana zer-nolakoa den jakiteko, eta gainera, Azpeitiko egoera Urola Kostako nahiz Gipuzkoako errealitateekin alderatuko dute. Ondoren, herritarren iritzia jasoko dute, bi inkesta motaren bidez.

Astelehenean hasita, orotara, 700 inkesta egingo dituzte 18 eta 35 urte bitarteko herritarren artean. Inkestetako bat Azpeitiko gazteen emantzipazioaz azterketa egiteko baliatuko dute; hau da, gazteek etxebizitzarekiko dituzten egoera, zailtasunak eta beharrak atzemateko eta lehen etxebizitza izateko duten perspektiba zein den ezagutzeko. Bigarren inkesta, berriz, gaur egun alokairuan bizi diren baina etxebizitzaren ordainketari aurre egiteko zailtasuna dituzten eta Etxebiden izena emanda dauden 200 bat herritarrei zuzendutakoa izango da.

Galdetegiekin bukatzean, azken fasean sartuko da lana. Agirrek azaldu duenez, ekainaren 18ko 3/15 Legeak ezarritako etxebizitza hutsen erregistroa garatzeko aholkularitza teknikoa eskainiko dute. "Datozen hilabeteetan  sartuko da indarrean etxebizitza hutsen gaineko dekretua, eta horrek udalak behartzen ditu lege hori betearaztera, eta beraz, beren etxebizitza hutsen erregistroa edukitzera. Erregistro horrek ahalbidetuko dio udalari etxebizitza hutsak merkaturatzeko edo alokairuratzeko politika eraginkorrak egitea, baina horretarako, lehenik, inbentarioa egin behar da".

Etxebizitza politika "iraunkorra"

Etxebizitza politikak iraunkorra izan behar duela eta aldian-aldian beharrak detektatu egin behar direla azaldu du Labakak. "Azterketa honen helburua, hain justu hori da: beharren argazkia eguneratzea batetik, eta behar horiei erantzuna emateko bide bat eskaintzea, bestetik". Etxebizitza zaharrak eta hutsak birgaitzetik abiatzen da Azpeitiko Udalaren politika, eta orain ere etxebizitza hutsekin ahalegina egingo da, zenbat dauden, nola dauden eta zer aukera dauden jakiteko.

Duela lau urte udalak gauzatu zuen etxebizitza beharrei buruzko azterketa ere izan du gogoan Hirigintza batzordeburuak, eta handik ateratako beharrei erantzunez, hainbat etxebizitza proiektu jarri ditu-eta martxan udalak. "Nahi baino luzeago izaten dira halako faseak, baina erabaki zen Alde Zaharrean bost etxebizitza zahar erosi eta birgaitzea; Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko etxebizitzak egitea; hainbat udal sustapeneko eta babes ofizialeko etxe egitea; eta etxebizitza tutelatuen proiektua ere martxan da... Aurrera doa prozesua, eta kasu batzuetan, lanak aurreratuta doaz dagoeneko".

Herritarrak oinarri dituen politika

Orain egingo duten azterlanarekin, baina, beste "jauzi bat" eman nahi dutela adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, "azpeitiarrak oinarri eta helburu dituen" etxebizitza politika gauzatu nahi dutelako. Izan ere, hark adierazi duenez, etxebizitza oinarrizko eskubidea eta beharra da, eta erakunde publikoei dagokie horri erantzutea: "Azpeitiko Udal Gobernuaren lehentasunetako bat da herritarrek dituzten etxebizitza beharrei erantzutea". Hark dioenez, etxebizitza politikak eragin zuzena dute herritarrengan: "Etxebizitza bat eskuratzeak eragina du herritarren ekonomian eta bizi kalitatean".

Alkortak duela bi aste udalbatzak aho batez onartutako Azpeitia 2030 Plan Estrategikoaren ardatz nagusien artean etxebizitzaren gaia ere badela gogorarazi du, eta esan du egitera doazen azterlanak planean jasotako erronkei erantzutea duela helburu. "Herritarren beharretara egokitutako politika egin nahi dugu, eta ardatz estrategiko horren barruan hainbat erronka ditugu, baina emantzipatzeko zailtasunak dituzten kolektiboei eta gazteei etxebizitzak eskuratzeko bidea jarri nahi diegula azpimarratu nahi dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide