Merezitako omenaldia jaso dute Azpeitiko hogei odol emailek

Julene Frantzesena 2021ko mai. 22a, 16:42

Zehazki, odola 25 aldiz eman duten zortzi azpeitiarrek, 50 aldiz eman duten bederatzik, 60 aldiz eman duten bik eta 75 aldiz eman duen batek jaso dute aitortza. 2019ko datuekin alderatuta, iaz bildutako odol poltsen kopuruak behera egin duela azaldu du elkarteko Azpeitiko ordezkariak, eta odola ematearen garrantzia azpimarratu du.

Azpeitiko hogei odol emailek omenaldia jaso dute gaur, Sanagustin kulturgunean. 12:00etan hasita, Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko kideek hainbat herritar omendu dituzte odol ateraldi jakin batzuk egiteagatik. Zehazki, odola 25 aldiz eman duten zortzi azpeitiarrek, 50 aldiz eman duten bederatzik, 60 aldiz eman duten bik eta 75 aldiz eman duen batek jaso dute aitortza.

Odola 25 aldiz eman duten zortzi azpeitiarrak honako hauek dira: Lurdes Alberdi, Koldo Astigarraga, Joseba Acerrano, Iñaki Etxeberria, Mikel Kerejeta, Karlos Loinaz, Marina Odriozola eta Mari Karmen Olazabal. Aurten ez da izan 40 ateraldi egin dituen emakumerik, baina bai odola 50 aldiz eman duten gizonak. Honako hauek dira horiek: Juan Inazio Aldai, Zipriano Aranbarri, Julian Aranburu, Iñaki Bastida, Aitor Etxezarreta, Jexux Mari Ibarzabal, Juan Jose Larrañaga, Aimar Larrañaga eta Jose Antonio Urbieta. Bestalde, ohorezko odol emaile diren hiru lagun ere omendu dituzte: 60 odol ateraldi egin dituzten Mari Kruz Orbegozo eta Maria Jesus Rezola; eta 75 egin dituen Jexux Araneta.

Nagore Alkorta alkatearen eta Iñaki Alberdi Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko ordezkariaren aitortza jaso dute horiek guztiek, baina batzuk baino ez dira izan ekitaldian. Alberdik azpimarratu duenez, baina, iaz, pandemia tarteko, asko jaitsi ziren odol emateak herrian. "2019an 1.440 odol poltsa inguru bildu genituen Azpeitian, eta iaz 748 –250 gizonek eta 187 emakumek–. Odol hori, baina behar-beharrezkoa da, ospitaleetan-eta edozein ebakuntza egiteko behar izaten delako". Hark esan duenez, baina, 30 odol emaile berri izan ziren iaz, eta esker ona adierazi du, "segida emateko modua" hori delako. "Adinean aurrera joan ahala, jendea odola eman ezinik gelditzen da, eta garrantzitsua da erreleboa izatea".

Alkortak ere odol ematearen garrantziaz ohartarazi du: "Odola ateratzeak ekintza sinplea dirudi, baina izugarrizko balioa du. Besteen osasunaren alde egindako keinu horrek garrantzia handia du, eta bizitza bat salbatzeko ere balio dezake". Azpeitiko alkateak azaldu duenez, elkartasuna da herri bat eraikitzeko baliorik garrantzitsuenetakoa, eta odol emaileei esan die beraiek "guztiz barneratuta" dutela hori. "Eskerrak eman nahi dizkiet odol emaileei eta elkarteari, egoera berrira egokitu eta aurrera egiten jakin duzuelako, eta herritarrei odola ematera animatzeko deia egin nahi diet".

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtez urte Loiolan egin izan du Urola Kostako odol emaileak omentzeko ekitaldia, baina aurten, koronabirusaren pandemia tarteko, herri bakoitzean egingo dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide