Jendetza elkartu da gaur arratsaldean plazan bart izandako atxiloketak eta "gehiegizko" indarkeria poliziala salatzeko, Jazarpen polizialik ez! Burgesiaren erasoaldia gelditu lelopean. Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen bart, gauerdian Izarraizko Atean hasitako istiluak tarteko. Hain zuzen, 19 urteko, 18 urteko, 15 urteko eta 14 urteko gazteak hartu zituzten atxilo, desordena publikoa egotzita.
Kontzentrazioa amaitzean mugimendu sozialistako kideek hartu dute hitza, eta gertakariez egiten duten irakurketa partekatu dute. Nabarmendu dute haien ustez atzo Ertzaintzak erabili zuen biolentzia eta dispositibo poliziala aurrez kalkulatutakoa izan zela: "Besteak beste, asteazkenean gazte kuadrilla batzuei larunbatean istiluak egongo zirelako mehatxua bota zieten poliziak; atzo bertan arratsaldetik poliziaren presentzia oso nabarmena izan zen herrian –adibidez, arratsaldetik Azpeitiko industriagunean Ertzainatzaren hainbat antidisturbio zeuden– eta, oro har, aurreko asteetatik errepikatzen joan den gertakaria izan da poliziaren presentziarena". Era berean, indar polizialek "muturreko biolentzia" erabili zutela salatu dute, gazteei emandako kolpeak eta foam jaurtigailuen erabilera adibide gisa jarrita. Azpimarratu dute beren salaketa "poliziari beste, horiei aginduak ematen dizkieten politikariei" zuzentzen dela, baita "osasun hondamendia eta estatu totalitarioa baimendu" duten alderdi politiko guztiei ere. "Agintariek eta politikari profesionalek osasun-larrialdiari aterabide poliziala ematea erabaki dute, eta horiek dira bizi dugun askatasunen ezabapenaren eta jazarpen polizialaren arduradun nagusiak. Zentzu horretan, pandemiaren aitzakia pean eta burgesiaren politikarien aginduz, poliziak herritarrak jazartzeko hartu duen ohitura salatzen dugu", adierazi dute.
Horrez gain, Azpeitiko Udalak udaltzaingoaren bidez atzoko gertakarietan Ertzaintzarekin kolaboratu izana salatu dute mugimendu sozialistako kideek, eta esan dute Ertzaintzak eskuragarri izan zituela udaltzaingoaren zerbitzuak. Halaber, "udalaren kudeaketa duen alderdiak salbuespen estatua eta alarma egoera baimendu izana" gaitzetsi dute, eta esan dute udalaren baliabideak sektore kolpatuenen mesedetan jartzeko eta arazoei zapalduen ikuspegitik atearbideak emateko erabili beharko liratekeela.
Atzoko gertakariek Euskal Herriko hainbat tokitan errepikatzen ari direla esan dute, eta testuinguru orokor bati erantzuten diotela: "COVID-19ren pandemiaren harira, politikariek polizia balabideak handitu dituzte eta sektore sozial desberdinen aurkako eraso eta kriminalizazio saiakerak handitu dituzte". Horien aurrean antolatzearen beharrezkotasuna adierazi dute. Irakurketa osorik, hemen.
Ernai eta EH Bildu ere gehiegikerien kontra
Ernaik eta EH Bilduk ere salatu dute atzoko jazarpen poliziala, eta protestara irten dira arratsaldeko deialdira batuz. Haiek ere atzoko gertaerak "aurrez antolatutako polizia-dispositiboa" zirela adierazi dute. "Ez da kasualitatea atzo arratsaldean Azpeitian Ertzaintzak egin zuen desfilearen ondoren horrelako berriekin esnatzea. Atzoko jazarpen poliziala ekintza isolatu batetik haratago doa". Era berean, Eusko Jaurlaritza eta EAJ jarri dituzte jopuntuan: "Pandemia egoeran urtebete pasa daramagu jada, eta oraindik ez dira gai izan egoerari adarretatik eusteko. Aginpide guztia Espainiar Estatuari utzi eta hark esandakoei men egitera mugatu da Eusko Jaurlaritza. Hala, ez du pauso bakar bat ere eman herritarren egoera honi aurre egiteko baliabideak eskaintzeko garaian". Hori EAJren "kudeaketa eredua" dela salatu dute. Ernairen arabera, Ertzaintzak darabilen indarkeria eta jazarpenaren helburua "bat eta bakarra" da: "Sistema kapitalista heteropatriarkalak gehiengoaren bizkar gutxi batzuei suposatzen dien pribilegioak bermatzea". Ernaik eredu poliziala goitik behera aldatzearen beharra mahaigaineratu du: "Utzi gazteak jipoitzeari eta har itzazue behingoz geure bizi baldintzak hobetzeko neurriak, poltsikoei begirako politikak egin beharrean herriarentzako egin ezazue lan". Irakurketa osorik, hemen.
EH Bilduk, bere aldetik, atzoko gertakariak "erabat lekuz kanpokoak eta desproportzionatuak" izan zirela adierazi du, eta babesa agertu die atxilotuei eta jipoituei. "Beste behin ere, agerian geratu da polizia eredua goitik behera aldatu beharra", adierazi dute.
EAJ, prebentzio eske
Azpeitiko EAJk ere agertu du atzo gertatutakoaz duen iritzia. Alderdi jeltzaleak herrian jazotako gertaerak salatu ditu, eta azaldu du "bizikidetza arauak betearazteko" Ertzaintza naiz Udaltzainen lanak beren babesa duela. Era berean, udal agintariei neurri prebentiboak har ditzatela eskatu diete, atzokoa bezalako gertakaririk ez errepikatzeko.