Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez duela irekiko jakinarazi du gaur, astelehena, Cristian Lay taldeak, hainbat hedabideren bidez. Horrenbestez, hilabeteetako eztabaida luzearen ostean, erabakia hartua du taldeak, eta ez du irekiko herriguneko lantegia.
Albistea zabaldu eta gutxira, hedabide hainbatekin hitz egin du Nagore Alkortak, eta hura harrituta agertu da berriarekin; izan ere, hedabide batzuek esan dute enpresak atzera egin duela eta ez duela lantegia irekiko. Alkatearen esanetan, baina, hori ez da horrela: "Inoiz ez da enpresaren proiektu errealik egon, ezta bideragarritasun planik nahiz negozio planik ere. Erakunde guztiok eta enpresak elkarrekin bilera bat bakarrik egin dugu, eta ezin da esan, beraz, saiakera asko egin direnik eta proiektuak ez duela aurrera irten Azpeitiko Udalaren erruagatik".
Gainera, alkateak adierazi du lantegiaren desmuntaiari eta eremuaren errekuperazioari lotutako bilerak egiten ari direla CL taldea eta udala. "Guk bilera horiek ditugu martxan, eta beste erakunderen batek beste konpromisoren bat hartu badu, uste dut hari dagokiola sortu dituen expektatibei erantzutea". Joan zen martxoaren 17an herritarrei Corrugados Azpeitiaren auziari buruzko azalpenak emateko egin zuen batzarrean adierazi zuen Nagore Alkorta alkateak udalak eta CL taldeak enpresa desmuntatzeko akordioa egina zutela joan zen azarotik: "Gaur egun udalak eremu horren gainean emanda duen baimen bakarra instalazioak desmantelatzekoa da, azpiegiturak zaharkituta daudelako".
Gainera,alkateak gogorarazi du Azpeitiko Hirigintza Planak "argi" dioela eremu hori etxebizitzentzat eta zerbitzuetarako izendatuta dagoela. Horregatik, eta Azpeitiko EAJk, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ziotenaren kontra, Alkortak dio erabakia ez dela borondate kontua. "Enpresari baimena ematea txosten juridikoen menpe dago. Bataila mediatiko batean gaude, alderdi guztiek bai baitakigu eremu horretan ezin dela jarduera hori martxan jarri".
Erreakzioak
Corrugadosen balizko irekierari buruzko albisteak hedabideetara jauzi egin zuenetik, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatuak behin baino gehiagotan hitz egin du gaiaz hedabideetan; eta gaur ere bai, Cristian Lay enpresak Amueko lantegia ez duela irekiko jakinarazi ostean. Enpresaren erabakia Nagore Alkorta alkateak eta Azpeitiko Udalak izan duten "blokeo jarreraren ondorio zuzena" izan dela adierazi du Larrañagak, eta beraz, haiena dela "Gipuzkoan ehunka lanpostu eta aberastasuna sortzeko primerako aukera izan zitekeena galdu izanaren erantzukizuna".
Larrañagak eta aldundiak hasieratik babestu izan dute enpresaren proiektua. "Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hasieratik eskua luzatu diogu udalari, gure esku dagoen guztian, proiektua aurrera ateratzea errazteko. Behin eta berriz esan dugu garaiz geundela, eta irekiera egingarria zela, udalak jarrera zuzentzen bazuen eta borondate politikoa erakusten bazuen. Tamalez, ez du horrelakorik egin, eta erabaki horrekin Azpeitian eta Urola Kostan ehunka lanpostu eta aberastasun sortzeko aukera paregabea alferrik galdu du", deitoratu du. Larrañagak azpimarratu duenez, Corrugados berriro irekitzeko testuingurua "guztiz aldekoa" zen: "Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz adierazi du bideragarria zela ingurumen baldintzak betetzea, eta Foru Aldundiak, berriz, elkarrekin lan egiteko borondatea erakutsi zuen hirigintza plangintzaren esparruan jarraitu beharreko izapideak aztertzeko".
Azpeitiko Udalak, ordea, elkarlanean jarduteko "inolako borondaterik ez" zuela adierazi du Larrañagak; "ez du aprobetxatu nahi izan mahai gainean zituen aukeratuko bat bera ere". Horiek horrela, aukera hori bertan behera "utzi izanaren erantzukizun instituzional eta politikoa, eta galdutako enplegu eta aberastasunaren kostuarena eurena baino ez" dela esan du.
Larrañagak adierazi duenez, Corrugados berriro irekitzeak "oso eragin positiboa izango zukeen Azpeitiko eta Urola Kostako ekonomian, eta eragin dinamizatzailea izango zukeen eskualdeko enpresa askotan, enpresaren jardueraz baliatuko baitziren. Udalaren jarrera oso bestelakoa izatea gustatuko litzaiguke, baina zoritxarrez orain damutzea eta bakoitzak bere erantzukizunak hartzea besterik ez zaigu geratzen".
Larrañagaren bide beretik, Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiaren ustetan, "tamalgarria" da Cristian Lay taldeak Azpeitiko Corrugados berriro martxan jartzeari uko egin izana, eta, "erabaki hori dela eta, 50 miloi euroko inbertsioa galdu izana". Anduezaren hitzetan, "Gipuzkoak aukera bat galdu du". Haren iritziz, Azpeitiko Udalak "saiatu egin behar zuen jarduera hori irekitzea ahalbidetuko zuten aukerak negoziatzen, 700 lanpostu sortzea lortuko baitzuen". Gainera, "lantegia irekitzeak jarduera ekonomiko eta fiskal oso handia bultzatuko zukeen udalerrirako eta Gipuzkoarako". Horrenbestez, aukera galdu izana "berri txarra" dela esan du.
Soka luzea ekarri duen gaia
Lantegiaren balizko irekitzearen inguruko zurrumurruak zabaltzen hasi ziren herrian urtearen hasierarekin, eta otsailaren 18an Josu Labaka zinegotzia eta Nagore Alkorta alkatea berriro –azaroan elkartu ziren lehen aldiz– bildu ziren enpresaren arduradunekin. Orduan baieztatu zieten zurrumurruek ziotena: Azpeitiko lantegia berriz martxan jartzeko asmoa zuela enpresak.
Enpresako eta udaleko ordezkariak, Foru Aldundikoekin eta Eusko Jaurlaritzakoekin bilera bat egitekotan gelditu ziren, baina bilera horren aurretik, Azpeitiko EAJk hedabideetara helarazi zuen Corrugadosen balizko irekieraren inguruko berria. Udal Gobernuak, ordea, ez zuen begi onez ikusi EAJren hori egin izana.
Martxoaren 11n bildu ziren Azpeitiko Udaleko, Jaurlaritzako, Aldundiko eta Cristian Lay enpresako ordezkariak; hori izan zen hiru erakundeetako ordezkariek eta enpresak egin zuten lehen batzarra. Udalak batzar hartan aurkeztu zuen berarentzat aukera "erreal" bakarra zena: Corrugados irekitzekotan, Trukutxo eremuan zabaltzea. Enpresaren esanetan, baina, Trukutxoko aukera ez zen ekonomikoki bideragarria, inbertsio handiegia eskatzen zuelako. Lantegia zabaltzekotan, Amuen izan beharko zuela defendatzen zuen Cristian Layk.
Harrezkero, gaiak eman du zeresana. Martxoaren 11ko bilera hartan aurkeztu zuen proiektua da Azpeitiko Udal Gobernuak babestu izan duen bakarra, Amueko aukera legearen kontra doala argudiatuta. Izan ere, Udal Gobernuak behin eta berriz ekarri du gogora 2013ra arte industria jarduerarako lurrak zirela Corrugadoseko labeak kokatuta zeudenak, baina plan berria onartuta, etxebizitza eta zerbitzuetarako izendatuta dagoela eremua. Haren arabera, industria jarduera ez da Plan Orokorrean jasota dagoenarekin bateragarria.
Azpeitiko EAJk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu diote Alkortari Amueko proiektua aurrera ateratzeko bere esku zegoen guztia egiteko. Borondate politiko kontua zela esaten zioten, Udal Gobernuak aipatu izan dituen oztopo legalak gainditzeko modukoak zirela iritzita. Nagore Alkorta alkateak, baina, CL taldeak proiekturik ez zuela aurkeztu esan zuen martxoaren 17an herritarrei Corrugados auziari buruzko azalpenak emateko egin zuten batzar irekian, eta hori behin eta berriz errepikatu du ordutik.
Aste batzuetan auzia geldi samar egon zen, apirilaren 27ko udalbatzarrean Azpeitiko EAJren udal taldeak eta EH Bildurenak mozio bana aurkeztu eta gaiari berriz heldu zioten arte. EAJk txosten tekniko eta juridikoak eskatu zizkion Udal Gobernuari, aspaldi agindu baina artean eman ez zizkiolako. Ordu eta erdiko eztabaida saioa izan zuten udaletxeko pleno aretoan. Alkateak udalbatzarrean bertan eman zizkion EAJren udal taldeari udaleko idazkariak egindako txosten juridikoa.
Handik pare bat astera, ezohiko udalbatzarra egin zuten EAJren udal taldeak eskatuta. Udal Gobernuari Amue eremuan lantegia berriz martxan jartzeko batzorde tekniko bat sortzeko eskaera egin zion orduan, baina EH Bilduren kontrako bozkekin, ez zen aurrera atera proposamena. Alkortak, batzordea sortzea ukatzeko, ordura arte behin eta berriz emandako azalpenak errepikatu zituen: Amueko eremuan altzairutegia martxan jartzea legez kontrakoa dela, eta udalak, nahita ere, ezingo lukeela horretarako baimenik eman; horrenbestez, ez zeukala zentzurik batzorde tekniko hori sortzeak.