Mario Zubiaga: "Europan diskurtso edo lelo nagusi bezala ari da sendotzen erreferendum adostua"

Julene Frantzesena 2021ko mai. 26a, 10:08

Mario Zubiaga.

Mario Zubiaga (Tolosa, 1963) EHUko irakasle, politologo, soziologo, gizarte ekintzaile eta Gure Eskuko kideak hitzaldia eskainiko du gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. 19:00etan hasiko da Aukera berriak: Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria izenburupean emango duen solasaldia. Harekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriez ariko zara hitzaldian. Zertaz, zehazki?

Egoeraren azterketa egingo dut, azalduko dut zer berri dagoen gaiaren inguruan. Lerro nagusia sakoneko gaiak ikustea izango da, marea gora edo marea behera, ez direlako desagertzen. Pandemiak eten bat sortu du, baina betiko gaiak hor daude; are gehiago, esango nuke pandemiak erakutsi duela erdigunean dagoela subiranotasunaren gaia, hau da, nork erabaki behar dituen gauzak, non erabaki behar diren eta nola erabaki behar diren horiek. Alarma egoera amaitzeko erabakia nork hartu behar du? Erregutzen aritu dira ez eteteko eta ez bertan behera uzteko, eta gure gabeziak eta mugak ikusi ditugu pandemia garaian ere. Horrez gain, kasualitatez edo, azken hilabetean Europan eta mundu mailan badira gaia berriro mahai gainera ekarri duten elementu edo zantzu batzuk. Eskoziako dinamikak Galesen ere berraktibatu du pixka bat indar subiranista; Ipar Irlandan eta Irlandan irla bateratzeko gaia berriz ere agendara ekarrita dute, Quebec-en Auzitegi Gorenak ebatzi du zein den gehiengo argia –erreferendumetan-eta zalantza sortu izan du gehiengoaren zenbatekoak, baina auzitegiak esan du erdia gehi bat dela–; eta Groenlandian hauteskundeak izan dira, han jasota dute autodeterminazio eskubidea eta irabazi duen alderdiak pixka bat aldarrikatzen du eskubide hori gauzatzea. Horrez gain, Kaledonia Berrian hirugarren erreferenduma egiteko asmoa erakutsi dute.

Eskozian independentistek ia gehienego absolutua eskuratu dute. Egingo al dute berriz ere galdeketa?

Argi eta garbi, Eskoziako hauteskundeak pasatuta, Nicola Sturgeonek esan du beste erreferendum bat egitera doazela. Hark esan du eztabaida ez dela egiteko eskubidea ba al duten, hark esan du eztabaidatzeko dagoen kontu bakarra noiz egingo duten dela. Orain beste gobernu bat dago Londresen, eta interesgarria izango da horrek zer egingo duen edo prozesua noraino oztopatuko duen ikustea. Garbi urtzi dute beraiek ez direla Espainia, eta modu batera edo bestera, asmatuko dute gaia bideratzen.

Mugimendua bada, beraz?

Berpizten ari da behetik gorako eskaera hori herrietan, izan Bretainian, Korsikan edo Euskal Herrian. Erabakitzeko eskubidearen gaiarekin historiaren korrontearen alde goaz, baina beste kontu bat da oztopo batzuk daudela eta horiek argitzea dela kontua. Demokraziari oztopoak jartzeak edo ateak ixteak ez du zentzu handirik, eta modu batera edo bestera askatuko dira oztopoak.

Katalunian izendatu dute presidente berria, eta hark esan duenez, Eskoziak Erresuma Batuarekin 2014an egin zuen moduan, Espainiarekin hitzartuta gauzatu nahi dute galdeketa. Egingarria al da hori?

Askotan bultzatuz gero egiten dira gauzak posible, eta gizarte eta herri mugimenduei tokatzen zaigu bultzatzea. Hor bada elementu oso-oso positibo bat: Europan diskurtso edo lelo nagusi bezala ari da sendotzen erreferendum adostua. Horrek eskatzen du bi aldeak edo dauden aldeak esertzea, eta horiek erreferenduma berme guztiekin eta eskubide guztiak zainduta nola egin daitekeen aztertzea, hori egiteko eskubidea dagoela ukatu gabe. Kontzeptu hori lagungarria da Euskal Herriarentzat ere. Izan ere, Katalunian urteetan independentzia gora eta behera ibili dira, Eskozian ere independentzia agendan zuten, baina gu hortik urruti gaude, eta erreferendum bat egiteko eskubidea aitortzea da gure markoa. Lor dezagun erreferendum adostua egiteko modua. Guretzat alde positiboa da sintonia handia dugula Kataluniarekin eta Eskoziarekin, aldarrikapena bera delako. Katalunian egin zuten galdeketa; jipotu, atxilotu eta kartzelaratu egin zituzten, eta badakite, ahal bada, gauzak modu adostuan egin behar direla. Berri ona da Generalitateko presidentea hautatu izana; hori lasaitasun puntu bat bada guretzat ere; izan ere, hori lortu izan ez balute, hauteskunde berrien ta gainbeheraren seinale izango litzateke. Gutxieneko akordioa erdietsi dute, gutxieneko oreka adostu dute, eta berriz ere erreferendum adostuaren kontzeptua atera dute. Hori bai, ez dute baztertu, momentu jakin batean, Espainiako Estatuak ez baldin badu esertzeko asmorik agertzen, agian beste erreferendum bat egiten saiatu beharko dutela. Eta hori da bi alderdi –Esquerra eta Junts– nagusiek egin duten akordioaren funtsa. Aukera gutxi dituela jakinda, beste agenda bat prestatu behar dutela badakite, eta B plana da galdeketa berriz ere egitea.

Euskal Herrian erreferendum bat egitea nahi du Gure Eskuk, horretarako oinarria eraikitzea. Nola ikusten duzu gai horri dagokionez euskal gizartea?

Euskal gizartea egoera postpandemikoan edo pandemikoan dagoela uste dut, eta burua ez du halako eztabaidetan; hau da, ez dago askotan oso juridiko-politiko-teknikoak diren eztabaidetan. Bestalde, baina, Hamaika Gara dinamikarekin eta Gure Esku suspertuta sortu den gizarte eragileen plataformarekin, badago erabakiak bertan hartu behar ditugula dioen sentipen bat arlo desberdinetan. Eta erabakiak bertan hartu behar horrek zer garrantzia duen agerian gelditu da pandemiarekin.

Zer egingo du Gure Eskuk gizartea aktibatzeko?

Lehen fase honetan, helburua da gizartea berriz ere martxan jartzea eta lehengo dinamika berrartzea. Ikusi behar dugu gaiak baduela zentralitatea gure gizartean. Zaila da; izan ere, herritarren kezkak beste leku batzuetatik doazela dirudi, baina gauza askorekin konturatzen gara zer den erabakimenik ez izatea. Adibidez, Europako funtsak eskatzeko ezin izan dugu zuzenean Bruselara jo; Madrildik pasatu behar izan dugu, hau da, Madrili proposamena egin, harekin adostu, handik Bruselara zer eskaera eraman zehaztu… Herritarrentzat askotan urrun geratzen dira horrelako gaiak, politika kontuak direlako. Gure Eskuren lehen urratsa izango da kalera itzultzea eta dantza pixka bat egitea, eta gogoratu behar dugu hortxe dugula euskal herritar bezala erabakitzeko eskubidea edukitzeko nahia eta borondatea. Ikusiko dugu, baina ez bazara saiatzen askotan ez da ezer gertatzen eta ez da ezer lortzen.

Pandemia aurreko urteetan hainbat ekitaldi antolatu zituen Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen alde, hala nola giza katea, herrietako galdeketak… Ekitaldi haiek sortu zuten ilusio hura berreskuratzeko zer egin behar da?

Askotan zer mobilizazio edo ariketa mota egin asmatzea izaten da. Askotan, elkartzetik sortzen da ilusioa; herrietan dauden hamaika talde horiek elkartzearekin eta zer egingo dugun erabakitzearekin. Ekinean sortzen da ilusioa, proiektu eta ekintza zehatzekin. Azpeitian, adibidez, garbi ikusi nuen hori: hor izan nintzen 2016an egin zen herri galdeketan, berme batzordeko kide bezala. Galdeketa hark zer ilusio piztu zuen… Askotan, herri gisa batuko gaituen bandera batzuk behar izaten ditugu; zaila izaten da, ordea, elkarrekin egoteko modua topatzea. Uste dut oso garrantzitsua dela ilusio hori berreskuratzea, familia desberdinetako jendea biltzea, eta borrokak eta lehiak egonagatik, gai horretan gutxieneko adostasunak lortzea. Gure Eskuk hori lortzen jakin du: giza katean bildu ziren katebegiak, adibidez, desberdinak ziren tankeraz eta jarreraz, baina herri bezala gauza bera ari ginen eskatzen. Gure lana hori da, une batean Europari hemen herri bat dagoela eta erabaki egin nahi dugula esatea lortzea.

Zuk esana da: “Ez dut nahi hain oinarrizkoa den nire herrialdearen etorkizuna erabakitzea ahalbidetuko didan koiuntura hobe baten zain egon; koiuntura hori eratu nahi dut”. Posible al da hori?

Hori da gure lana, koiuntura hori sortzea. Eskoziako trena pasatuko da, galduko ditugu tren bat eta bestea, eta beti beste batzuen atzetik ibiliko gara. Baina koiuntura hori guk sortu behar dugu, eta ez dugu munduak hartzen duen norabidearen zain egon eta atzetik joan behar. Ikuspegi demokratiko sakon batetik, uste dut herri honek gauza eder asko dituela erakusteko, adibidez, erakutsi behar dugu elkarrekin zer egin dezakegun auzolan eskema sakon-sakon hortan. Betidanik erakutsi izan dugu, eta uste dut posible dela gure ekarpena egin eta ikuspegi proaktibo batetik jotzea. Denon artean, ea lortzen dugun; bandera honek merezi du, merezi du horregatik mobilizatzea. Gauza asko daude horrekin lotuta: Euskal Herrian erabaki behar dela, adibidez, hizkuntza politika. Ezin dugu onartu Parisko Auzitegi Konstituzionalak imersio linguistikoa ezin dela eman esatea, eta beraz, Seaska legez kanpo gelditzea. Gure errealitatea ezagutzen ez duenak erabakitzen du Parisen uneotan Seaska ez dela legezkoa, eta horrek ez dauka ez hanka eta ez buru. Argi dago erabakigunea zeinek izan behar lukeen. Halako erabakien erantzuna indignazioa eta sua dira, Twitterren denak berotuta daude, baina…

Zatiketa administratiboak zaildu egiten du, baina, kointura hori sortzea, ezta?

Horrekin jabetzen da Gure Esku, eta alderdi guztiek ere badakite hiru eremu instituzional daudela Euskal Herrian, eta bakoitzak bere beharrak eta indar harremanak ditu. Ez dira gauza bera EAE, Nafarroa edo Ipar Euskal Herria. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eztabaida da hezkuntzak publikoa, pribatua edo kooperatiboa izan behar duen, lehia da ikasleak nora eramango ditugun, baina Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskarazko eskaintza egongo dela ziurtatu behar da. Bestetik, baina, hiru eremuek behar berbera daukate: erabakiak non hartuko dira eta nork hartuko ditu? Erabakiak Iruñeak, Parisek edo Baionak hartuko ditu? Guk edo Madrilek? Eztabaida bera da; maila, erritmo eta formula desberdinekin, baina aldarrikapena bakarra da.

Uztailaren 3rako ekitaldia antolatu du Gure Eskuk Bilbon. Zer lortu nahi da?

Gure Eskuk 2020ko kanpaina martxan jarri eta hiruzpalau egunetara, konfinamendua etorri zen; beraz, urtebetez geldik egon gara. Kanpaina blokeatuta gelditu zen, baina hasi da berriz ere martxan, sinadura bilketarekin. Sinadura bilketa hauspotzeko ekitaldiak egin dituzte maiatzaren 22an hainbat herritan, eta uztailaren 3an Bilbon egingo dugu ekitaldi handixeagoa. Ekitaldi hori baliatuko dugu hemen gaudela, berriro kalean gaudela esateko. Handik aurrera, 2022ra begira, plangintza zehatzagoa jarriko du martxan Gure Eskuk. Lehengo bidetik gatoz, beharra inoiz baino garrantzitsuagoa da, Europan hor dago erabakitzeko eskubidearen gaia, Katalunian ere aukerak badira, eta dantza pixka bat egingo dugu, dantza egiteko premia dago eta.

Gure Eskuk zer erronka du datozen urteetarako?

Urtez urte erronkak berak jartzen dituela da Gure Eskuren ezaugarria. Hasieratik gauza bat jarri genuen jomugan, eta ez da aldatu: euskal herritar bezala gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea edukitzea, eta, eduki eta gero, erabakitzea nahi dugu. Eskubidea egikaritzea nahi dugu. Bide horretan zenbait agenda dauzkagu. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan, udazkenean, estatutu berriaren eztabaida berriz aktibatuko dela dirudi –hala esan dute alderdietako ordezkariek–, eta estatutu berri horrek erabakitzeko eskubidea jaso behar duenez, presioa egingo dugu, jendearen presiorik gabe oso zaila delako halako gauzak lege bilakatzea. Nafarroan ere autogobernu ponentzia bat martxan jarriko dute, eta hori agendan sartzeko saiakera egingo da. Ipar Euskal Herrian, berriz, ikusiko dugu zein den dinamika politikoa, adibidez, oraintsu hartu duten erabakiaren inguruan. Euskal Ekargoak badu aspalditik eskaera sakon bat: ikuspegi demokratikotik, hautagaiak herritarrek zuzenean hautatzea nahi du. Kataluniarekin, berriz, elkarlana areagotuko dugu, eta mobilizazio batzuk prest ditugu 2022rako. Bidean joango gara gauzak zehazten, baina itsasargia galdu gabe: erreferenduma egin nahi dugu, eta hori modu adostuan eta txukunean egiteko baldintzak nahi ditugu. Hori da gure bidea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide