Corrugados irekitzeko "negozio plana" aurkeztu zuela eta irekiera ez duela guztiz baztertzen dio Cristian Lay enpresak

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 26a, 18:41

Corrugados Azpeitiaren lantegia, Amueko eremuan. (Maialen Etxaniz)

EITBri egindako adierazpenetan, CL-k erakundeei "negozio plana" aurkeztu ziela esan du Miguel Angel Leak zuzendari exekutiboak, Amueko lantegia martxan jartzeko. Aldiz, jarduera Trukutxon abiatzearen aukera "hasieratik" baztertu zutela esan du, ez zelako "bideragarria".

Herenegun Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez duela irekiko jakinarazi ondoren, eta udalak Amue eremuko lantegia desmuntatzeko lanak hasi direla iragarri biharamonean, "borondatea baldin badago eta baimenak ematen" badizkiote irekieraren aukera ez duela guztiz baztertzen aipatu du gaur Cristian Lay taldeko (CL) zuzendari exekutiboak. EITBri egindako adierazpenetan, Miguel Angel Lealek azken hilabeteetan enpresak eman dituen pausoak azaldu ditu, eta bere hitzetan, "proiektu sendoa" aurkeztu zuen CL-k Corrugados Amuen berrirekitzeko. Aldiz, jarduera Trukutxon abiatzearen aukera "hasieratik" baztertu zutela esan du, "epeengatik eta diruarengatik" ez zelako "bideragarria".

"Itxura guztien arabera lantegia irekitzeko aukera" zegoela ikusita hasi zen aukera hori aztertzen CL joan den irailean, Lealek kontatu duenez. Corrugadosen berrirekieraren gaia martxoan hasi zen zabaltzen komunikabideetan; aurretik, azaroan, Amueko lur sailari eta instalazioei konponbide bat topatzeko elkarlanean ari zirela jakinarazi zuen Azpeitiko Udalak.

Lantegia martxan jartzea buruan, teknikariak bidali zituen CL-k Amueko instalazioak ikuskatzera eta lege azterketa bat egitea eskatu zion Cuatrecasas abokatu etxeari, "negozio plana" osatzeko. Plan hori Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azpeitiko Udalari aurkeztu zietela azaldu du enpresaren ordezkariak; erakundeekin "aurrez aurre bi bilera" egin zituztela esan du Lealek, eta "hainbat burofax gurutzatu" zituztela batzuekin eta besteekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide