Pako Aristi: "Nortasun propioa eraikitzen duen jendea interesatzen zait"

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 27a, 12:00

Pako Aristi. (Ihintza Elustondo)

Zazpigarren poesia liburua kaleratu du Pako Aristik: Ni eta Gu. Azken hiruzpalau urteotan idatzitako olerkiak bildu ditu; besteak beste, benetako pertsonen istorioen lekukotzak daude lanean. 

Urrestillan sortua, duela hiru urtetik Zestoan bizi da Pako Aristi (Urrestilla, 1963). Ondo egokitu da bizileku berrira. "Oso jende adeitsua aurkitu dut, oraindik ere ezezagunak agurtzeko ohitura gordetzen duena. Hemen, ezezagunari ere ‘egun on’ esaten zaio, eta hori Azpeitian galdu egin da. Hori asko gustatzen zait, ematen dizu bizitzeko inguru emotibo bat. Errespetuzkoa".

Zazpigarren poesia liburua duzu Ni eta Gu. Zer dauka ezberdina aurreko lanetatik?

Zazpia zenbaki magikoa da kultura askotan, eta badu bere garrantzia zifra horrek. Niretzat harrigarria da nik zazpi poesiazko liburu idatzi izana, idazten hasi nintzenean ez nuelako pentsatzen nire barruan hainbeste poema egon zitezkeenik, hainbeste ahalmen gauzak sortzeko. Urteak pasatu dira, eta lan honek balio izan dit atzera begiratzeko. Zer dauka berezia? Dena dauka berezia edo ezberdina, eta aldi berean, ezer ez. Liburu bat beti da zure bizitzako momentuaren argazki bat: idazten duzun horretan islatzen da zu zer ari zaren bizitzen, zure barruan zer kezka edo gatazka dauden, zer aldaketa ari diren gertatzen... Nik argazkiak atera dizkiet paisaia eta pertsona batzuei, baina liburu hau ere bada nire argazki bat; berak niri argazkia atera dit. Eta hori dago islatuta: nik bizitzan daramadan eboluzioan orain zer momentutan nagoen.

Kalea, jendea, ageri da olerkietan.

Nire poesia beti izan da narratibo samarra, baina lan honekin guztiz jaitsi naiz kalera: Zestoan, Getarian, Orion... ibili naiz. Kaleko jendearen istorioak jasotzen saiatu naiz, niri interesgarriak iruditu zaizkidanak. Poesia beti da zure gogoetaren ispilu bat, baina hau, era berean, lekukotza liburu bat da, benetako pertsonen istorioak daudelako kontatuta. Hori dauka berezia liburu honek, lekukotza hori.

Zure ama, Juanillo zestoarra, kafetegiko zerbitzaria... aipatu dituzu poemetan.

Pertsona batzuen bizitzak daude liburuan, baina beste batzuk fikzionatu ere egin ditut. Problematikoa da benetako pertsona bati buruz idaztea liburu batean; izan ere, berari baimena eskatu behar diozu. Horregatik, poemak idatzi eta protagonistei erakusten ibili naiz, eta denek eman didate baimena argitaratzeko.

Esperientzia berezi bat bizi izan duzu, beraz.

Bai. Nik uste nuen jendeak baziola beldur pixka bat liburuetan ateratzeari, baina ikusi dut jendeak nahi duela agertu. Emakume batek, esaterako, hogei urte daramatza Getariako hondartza garbitzen, eta gustatu egiten zaio lan hori; berak esaten du hondartza garbitzea mundua garbitzea bezala dela. Esan zidan berarentzat sekulako aitorpena zela liburuan agertzea.

Liburuak badu kutsu berezi bat.

Nahiko liburu kolektiboa dela esango nuke. Ni eta gu; bi atal horiek daude. Ni horrek bere gogoetak egiten ditu, bizitzan gozatu eta sufritu dituen gauzei buruz, nola ikusten duen etorkizuna... Baina gero gu agertzen da, kolektibo bat, eta ni ni naizen arren, kolektibo baten baitan funtzionatzen dut. Nik egiten dudanak eragina dauka besteengan, eta besteek ere bai nigan; orduan, etengabekoa da elkarreragina. Askotan elkarreragin hori txarra izaten da, gu hori maiz erreprimitzailea izaten delako. Egin nahi dituzun gauzen aurrean, zera esaten dizu: "Ez, hori ez da egokia". Nik, adibidez, idazle izan nahi nuen, eta inork ez ninduen animatzen horretara. Ni eta gu horren artean beti dago borroka bat, eta bi hari horiek daude liburuan. Ni ez naiz ni bakarrik sekula, beti daude gu batzuk bueltan. Senideak, lagunak, bikotekidea... gu askoren bueltan pasatu ohi dugu bizitza, eta niri gustatzen zait ni horrek bere autonomia mantentzea. Gu horrek ezartzen dituen baldintzak gainditzen dituen jendea da niretzat interesgarria, gu horren gainetik bere bidea egiten duena, nortasun propioa eraikitzen duena. Eta ez gu horren azpian, tradizioa jarraituz, gauzak egin behar diren bezala egiten dituena; jende hori ez zait interesgarria iruditzen, aspergarria baizik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide