Egitarau mamitsua prestatu dute Loiolako eta Noaingo gertakarien 500. urteurrenaren bueltan

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 28a, 08:50

1521ean Loiolan eta Noianen izandako gertakarien bosgarren mendeurrena dela eta, lau hitzaldi eta mahai inguru bat antolatu ditu Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak. Ekainean izango dira ekitaldi guztiak: aurreneko lau astearteetan hitzaldiak, Azoka Plaza gaineko aretoan, 18:30ean hasita; ekaineko azken igandean, berriz, gazteen mahai ingurua, Loiolan, 13:00etan hasita.

Noaingo batailaren bosgarren mendeurrena da aurten, 1521ean Loiolakoen parte hartzearekin jazotako gertakariak gogora ekartzeko aukera ederra, beraz. Helburu horrekin, Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu datorren hilerako. Hain zuzen ere, lau hitzaldi eta mahai inguru bat egingo dituzte herrian. Ekitaldi bat ez beste guztiak astearteetan izango dira Azoka Plaza gaineko aretoan, 18:30ean hasita. Egitaraua ixteko ekainaren 27rako antolatu duten mahai ingurua, aldiz, Loiolan egingo dute, igandez, 13:00ean hasita.

Duela 500 urte Loiolan eta Noainen izandako gertakariak herriratzea da antolatu dituzten saioen helburua, Mirari Bereziartu Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeko kidearen esanetan. Baina gauzak nola kontatzen diren, izaten da aldea, eta Loiolan eta Noainen gertatutakoak "oso aldrebes" kontatzen direla esan du, "beti boteredunen ikuspuntutik; gure kasuan, gehienetan, Espainiarenetik". Hori dela eta, "Loiolako eta Noaingo gertakariek zuzenean eragindakoak, alegia, Noaingo eta Iruñeako, Iparraldeko eta Urolako jendea", nazio mailako plataforma batean bildu dira, eta manifestu bat kaleratu dute "herritarrak jabetu daitezen zenbaterainoko garrantzia daukan euskaldun bezala daukagun izaera historikoari eusteak eta gure historia geuk kontatzeak". Bereziartuaren ustetan funtsezkoa da hori, behar diren aldaketak egiten hasteko. "Gure asmoa ez da kontrario berriak egitea, geure historia geuretik kontatzea baizik, gertatu zen bezala eta zuzentasun zientifikoz, eta ez boteredunen ikuspuntutik. Gero, bakoitzak aterako ditu bere ondorioak".

Egitaraua:

  • Ekainak 1, asterartea: 1521 Loiolako Iñigo Iruñean hitzaldia emango du Jose Luis Orellak. Azoka Plaza gaineko aretoan izango da, 18:30ean hasita.
  • Ekainak 8, asteartea: 1521. Euskal iruditeria bat hitzaldia emango du Mikel Soraurenek. Azoka Plaza gaineko aretoan izango da, 18:30ean hasita.
  • Ekainak 15, astertea: Gure historiaren errealitatea eta erronka hezkuntzan hitzaldia emango du Jaione Isazelaiak. Azoka Plaza gaineko aretoan izango da, 18:30ean hasita.
  • Ekainak 22, asteartea: ...1512-1522 inbasioa hitzaldia emango du Joseba Asironek. Azoka Plaza gaineko aretoan izango da, 18:30ean hasita.
  • Ekainak 27, igandea: Gazteen mahai ingurua, gazteei entzuteko. Historiaren inguruan dituzten gogoetak plazaratuko dituzte. Loiolan izango da, 13:00etan hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide