Errakiren erresistentzia kutxarako dirua biltzeko elkartasun jaialdia egingo dute zapatuan Esklabetan

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 2a, 09:47

IagoMagoren ikuskizuna izango da goizean, bazkaria gero, eta Rodeo musika taldeak kontzertu akustikoa emango du arratsaldean. Sarrerak Haginpen daude eskuragai eta egunean bertan erosteko aukera ere egongo da. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu du jaialdia.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak elkartasun jaialdia antolatu du zapaturako; hain zuzen ere, Errakiren erresistentzia kutxa nazionalerako dirua biltzeko. Jaialdia Esklabetan izango da, eta egun guztirako egitaraua prestatu dute: 12:00etan ekingo diote, IagoMagoren Serendipia ikuskizunarekin; jarraian, 14:00etan, bazkaria izango da; eta 18:00etan, Rodeo musika taldeak kontzertu akustikoa emango du. Eguraldiak laguntzen badu, kanpoaldean izango dira ekitaldiak. Jaialdirako txartelak dagoeneko eskuragai daude Haginpe tabernan, baina egunean bertan erosteko aukera ere egongo da. Hamar euro balio ditu egun guztirakoak, eta hiru euro magia ikuskizunerako edota kontzerturako sarrerak.

Langile kontrolpeko espazioen babes sarea da Erraki, eta "okupazioaren aurkako ofentsiba baten aurrean gauden honetan",  beharrezkoa du erresistentzia kutxa indartsua izatea, bi gauzatarako: batetik, okupazioaren praktikak dakartzan ondorio ekonomikoei aurre egiteko; eta bestetik, okupazioaren praktika garatzeko eta hedatzeko baldintzak jartzeko. "Abokatuak, obrak, isunak, espazioen adeko borrokaren finantzaketa... hainbat gastu erortzen dira jabetza pribatuari kontrajarriz eskuratzen diren gaztetxe, etxebizitza, zentro sozial eta egoitza politikoen gain. Kostu ekonomikoak oztopo bat dira langile kontrolpeko espazioentzat, eta horri erantzutera dator erresistentzia kutxa nazionala".

Uztailaren 3an, erresistentzia kutxa hori indartzeko beste elkartasun jaialdi bat egingo dute Azpeitian, ordukoa Gipuzkoa mailakoa. Errakik antolatuko du hura eta Gaztetxean izango da. Egitarauaren berri datozen egunetan emango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide