Lan aholkularitza ematen hasi dira Esklabetan

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 4a, 11:07

Xuban Salegi eta Jokin Igarataundi, Esklabetako bulegoan. (Aitziber Arzallus)

Lan arloko zalantzak eta arazoak dituzten herritarrei laguntzea dute helburu. Astearteetan 17:00etatik 20:00etara emango dute arreta, Esklabetako 0. solairuko bulegoan. Bertara joan ezin dutenek 611 641 367 telefono zenbakira dei dezakete, edo urolaerdialaborala@gmail.com helbidera idatzi. Gainera, hiru formakuntza saio antolatu dituzte datozen asteetarako; saio bana Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. 

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek lan aholkularitza zerbitzua jarri dute martxan Esklabetan. Lan arloko zalantzak eta arazoak dituzten herritarrei lagundu nahi diete horrela. Zerbitzuaz arduratzeko lantaldetxo bat sortu dute, eta Xuban Salegi eta Jokin Igarataundi dira kideetako bi. Esklabetan atondu duten bulegoan hartu dute Uztarria, zerbitzuaren nondik norakoak azaltzeko.  

Lan aholkularitza ematen hasteko arrazoiez galdetuta, testuingurua zein den azaltzera jo du Salegik: "Pandemia iritsi aurretik ere, antzemanda geunden krisialdi ekonomiko bat bazetorrela, eta azken urte eta erdian bizi dugun egoerak hori guztia azkartzea ekarri du". Lan munduan gertatzen ari ziren aldaketen artean, industria sektorearen indar galera aipatu du. "Azken urteetan nabarmena izan da galera, eta industrian lanpostuak galdu diren heinean, bestelako lanetara jo behar izan dute herritarrek, batez ere, zerbitzuen sektorera". Horrek gehien eragin dienak gazteak eta etorkinak izan direla esan du, "lehendik ere egoerarik ezegonkorrenetan dauden herritarrentzat" izaten direla hirugarren sektoreko lanposturik prekarioenak. 

Gazteek eta etorkinek bete ohi dituzten lanpostuetako batzuk zerrendatu ditu Salegik. "Ostalaritzan, umeak zaintzen edota eskola partikularrak ematen jarduten dira gazteak; eta etorkinak eta, batez ere, emakumeak, zaintza lanetan. Lan baldintza eskasak izaten dituzte gehienetan, eta zenbait kasutan kontraturik gabe eta modu irregularrean aritzen dira". Erabat babesgabe, beraz. "Gainera, zerbitzuetan eta, batez ere, aipatutako azpisektore horietan, sindikatuek ez dute industrian duten indarrik. Horrek esan nahi du langile horiek antolatzeko baliabide gutxiago dituztela eskura eta lan arloko legeei eta langile bezala dituzten eskubideei buruzko informazio gutxiago izango dutela". 

Hain zuzen ere, hutsune hori betetzeko asmoarekin erabaki dute lan aholkularitza ematen hastea. "Guk emango dugun zerbitzua sindikatuek ematen dute, baina sindikatuek langileari laguntza emateko, langileak afiliatuta egon behar izaten du, eta normalean langile bat ez da sindikatura afiliatzen lanpostu egonkor eta duin samarra ez daukan bitartean". Aurrerantzean, lan arloko edozein zalantzaren edo arazoren aurrean, Esklabeterako jotzeko aukera izango dute langile horiek.  

Igarataundik nabarmendu du edozein herritarri laguntzeko prest daudela: "Denentzat irekita gaude, lan arloko zalantzaren bat edo arazoren bat daukan edozein herritar lasai etor dadila kontsulta egitera edo aholkua eskatzera". Dena dela, gehienbat gazteak eta etorkinak etorri zaizkiela uste dute, "enpresaburuen aurrean babesgabeen daudenak, proletarizatuen daudenak". 

Astean hiru orduz emango dute zerbitzua, astearteetan 17:00etatik 20:00etara, Esklabetako 0. solairuko bulegoan. Bertara joan ezin dutenek, 611 641 367 telefono zenbakira dei dezakete, edo urolaerdialaborala@gmail.com helbidera idatzita. Bulegoa zabalik dagoen orduetan erantzungo dituzte telefono deiak eta korreo elektronikoz jasotako mezuak. 

Prestatutako lantaldea

Salegi eta Igarataundi ez dira zuzenbidean adituak, baina zerbitzua martxan jarri aurretik lan zuzenbidean prestatzen jardun dira. "Gainera, inguruan baditugu zuzenbidean adituak direnak eta horretarako ikasten ari direnak, eta behar izanez gero guri laguntzeko prest daudenak", zehaztu du Salegik. Lan lagun arduratuko dira bulegora doazenei arreta ematez, eta ahal duten heinean, aholku ematea izango da horien lana. "Norbait kontsultaren bat egitera edo gatazkaren baten berri ematera etortzen zaigunean, saiatuko gara zer aukera izan ditzakeen azaltzen: zer eskatzeko eskubidea duen, nori eskatu behar liokeen… Guk dakigunetik, bere arazo edo galdera hori argitzen saiatuko gara. Kasuren batean geu ez bagara gai ikusten zerbait argitzeko, galdetuko genuke lantaldean eta denon artean saiatuko ginateke zer aukera egon daitezkeen aztertzen". 

Duela astebete jarri zuten zerbitzua abian, eta pixkanaka-pixkanaka martxa hartzen joango direla uste dute. "Sare sozialen bidez zabaldu dugu informazioa, inguruko gazte eragileetan dabiltzan kideei ere eman diegu zerbitzuaren berri eta oinarrizko produktuen biltegiarekin iristen garen jendeak ere badaki hemen gaudela", esan du Salegik. "Horrelakoetan, ordea, ahoz ahokoa izaten da eraginkorrena, eta iruditzen zaigu kasuak iritsi ahala, gehiago etorriko direla". 

Formakuntza saioak

Lan aholkularitza bulegoa martxan jartzearekin batera, datozen asteetarako hainbat formakuntza saio ere antolatu dituzte, batetik, zerbitzuaren berri eman eta lan ildoa bera gizarteratzeko, eta bestetik, autodefentsa laboralaren esparruan oinarri-oinarrizkoak eta denen interesekoak diren kontzeptuak azaltzeko. Saio horietan nominei eta lan kontratuei buruz hitz egingo dute, eta kaleratze baten aurrean zer egin azalduko dute. Salegiren arabera, "teknikoki denoi jakitea komeni zaizkigun gauzak dira, baina beste inon azaltzen ez dizkigutenak, eta saiatuko gara gauza ahalik eta ondoen azaltzen". 

Formakuntza saio horiek datozen hiru asteazkenetan izango dira, Azpeitian, Zestoan eta Azkoitian. Ekainaren 9an, lan kontratu motak izango dituzte hizpide Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, 18:00etan hasita. Ekainaren 16an, nomina baten kontzeptuez ariko dira Zestoako Alonderoko aretoan, 18:00etan hasita. Azkenik, ekainaren 23an, kaleratze baten aurrean zer egin azalduko dute Azkoitiko Elkargunean, 18:00etan hasiko den saioan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide