Hantxe bertan

Aritz Etxaniz: "Lehenengo astea ez zen erraza izan, kultura aldaketa handia sumatu nuen"

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 3a, 10:00

Aritz Etxaniz, Sofian. (Utzitakoa)

Aritz Etxaniz (Azpeitia, 1995) Bulgarian bizi da joan zen martxoaz geroztik. Hango hiriburuan, Sofian, ari da lanean, eta herrialde horretako bazterrak ezagutzeko parada ere ari da izaten. 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian hitz egin du bere bizipenetaz.

Zer dela-eta joan zara Bulgariara?

Aurreko urtean bekaldi bat gauzatu nuen entitate teknologiko batean, giza baliabideen eremuan, hain zuzen ere. Bekaldiak urtebeteko epea zuen, eta amaitzean, Bulgariara etortzea eskaini zidaten. Lan aukera bikaina iruditu zitzaidan, eta herrialde ezezagun batean esperientzia berri bat bizitzeko une ezin hobea ere bai.

Ordura arte Madrilen bizi zinen, ezta?

Bai. Psikologia ikasketak egin nituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikasketak amaitu eta gero Madrilera joan nintzen Lanaren Psikologia eta Giza Baliabideen masterra egitera.

Zer moduz daramazu bizitoki aldaketa?

Oso gustura nago. Lehenengo astea ez zen erraza izan, kultura aldaketa handia sumatu nuen eta. Baina denbora labur honetan herrialdea ezagutzeko aukera eduki dut, eta orain etxean bezala sentitzen naiz.

Kultura aldaketa sumatu duzula diozu. Zer alde dago Euskal Herriaren eta Bulgariaren artean?

Hasieran ez nuen herrialdea ongi ezagutzen, eta kultura aldaketa handia sumatu nuen. Gainera, hemengo alfabetoa zirilikoa da, eta toki askotan ez dute ingelesez hitz egiten. Bi herrialdeak konparatzen hasita, oro har, bulgariarrak gu baino pertsona isilagoak direla eta ez dutela umorerik onena esango nuke. Baina, aldi berean, gure modukoak dira sozialki; hau da, asko gustatzen zaie festa, lagunekin garagardo bat hartzea, mendira joatea...

Dagoeneko egokitu al zara horra?

Bai, guztiz esango nuke. Italiako neska batekin partekatzen dut etxebizitza, eta giro aproposa dugu. Horrez gain, oso gustura nago, bai lagunekin, bai lankideekin, baita hiriarekin ere.

Nolakoa da zure horko egun bat?

Astegunetan, goizero metroz joaten naiz bulegora. Lana amaitzean, gimnasiora joaten naiz batzuetan, eta besteetan, lankideekin pare bat garagardo hartzen ditut. Asteburu bakoitza, berriz, desberdina da. Asko gustatzen zait bidaiatzea, eta orain arte Bulgariako hainbat toki ezagutzen saiatu naiz asteburuetan, hala nola Rila, Plovdiv, Burgas, Veliko Tarnovo, Sozopol, Nessebar eta abar. Sofia tamainaz ez da izugarrizko hiria, baina erdigune oso polita du, eta baliabide ugari eskaintzen ditu.

Orain arte, zer da hortik gehien gustatu zaizuna?

Bulgariara bidaiatuz gero, Sofia bisitatu beharra dago; taberna, jatetxe, klub eta parke ugari ditu. Sofiaz gain, bidaiatzeko aukera edukiz gero, berriz, Veliko Tarnovo hiria gomendatuko nuke; eta Itsaso Beltza ere ikusi beharra dago.

Eta gutxien?

Garraiobideak ez daude hain garatuta hemen. Bulgaria herrialde pobrea dela nabari daiteke, eta ez du mugikortasunerako aukera handirik eskaintzen. Adibidez, hirian lau metroko linea soilik daude. Hori dela eta, batzuetan ez da hain erraza toki jakin batera iristea.

Euskal Herriko zeren falta sumatzen duzu?

Familia –eta nire katua–, lagunak, euskara, itsasoa eta Azpeitiko poteoa. Gaur egun familiarekin eta lagunekin kontaktuan egotea erraza den arren, noizean behin nostalgia uneak edukitzen ditut. Horrez gain, gogo handia dut COVID-19aren pandemiak eragindako egoera hobetzen denean Azpeitira bueltatzeko eta jendea ikusteko.

Itzultzeko asmorik bai?

Ziurrenik, udan bueltatuko naiz gertukoekin egotera eta Azpeitiko plazan garagardo pare bat hartzera. Baina orain hiri batean ikusten dut nire burua. Ikusiko da etorkizunean non bukatzen dudan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide