Esklabetako hormak, belatz txikien bizileku

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 11a, 09:58

Ezkerraldean, ama, habiara iristen; habian, bost txita koskortu, gosez, amari garrasika. (Agustin Arenas Eizagirre)

Eskubialdeko harrizko hormako zuloetako batean, belatz familia bat bizi da; ama eta bost ume. Atzealdean beste bi habia ere badaudela esan du Agustin Arenas argazkilari eta txorizaleak. Irudi ederrak hartu ditu egunotan, baina kezka ere badu, hor etxebizitzak eraikitzen hasten direnean zulo guztiak itxiko dituztelako eta belatzek alde egin beharko dutelako.  

Azken egunotan herritar batek baino gehiagok jardun du Esklabetako eskuin muturreko harrizko hormara begira, zuloetako batean dagoen txori habiak atentzioa emanda. Han ibili da Agustin Arenas argazkilari eta txorizalea ere, kamera eskuetan. Harena da goiko argazkia, eta hark azaldu dizkio Uztarriari txori familia horren nondik norakoak ere. 

Belatz txikien edo belatz gorrien familia bat da, ama eta bost kume. Arenasen esanetan, Esklabetako hormetan txori habiak ikustea ez da notizia, ezta belatz gorria inguruotan ikustea ere. Gogoan du 1980ko hamarkadan hontz zuri bat bizi zela gaur belatz horiek habia duten zuloan, "baina hari toki lasaiak gustatzen zaizkio eta Esklaben inguruan mugimendua hasi zenean, martxa egin zuen handik". Harrezkero, belatzak inguratzen hasi zirela dio. "Aurrealdeko harrizko horma horretan habia bat dago eta atzealdean badaude beste bi". Iaz, atzealdeko habietako batean, sei kume behintzat hazi zirela esan du, eta, aurten, aurrealdekoan, bost daudela. "Atera kontuak: hiru habia badaude, eta bakoitzean bost kume haziko balira, guztira hamabost; ederra aberastasuna".

Arenas txorizale amorratua da, txoriei argazkiak ateratzea du zaletasunik handiena, eta horregatik du Esklabetako hormetan bizi diren txorien berri. "Orain gertatzen dena da jende gehiago bizi dela inguru horretan, eta jende gehiago konturatu dela belatzen presentziaz". Egunotan han ibili da kamera handia hartuta. "Horrek ere jendeari atentzioa ematen dio, bat baino gehiago etorri zait zer nabilen galdezka; agian horregatik egon gara normalean baino jende gehiago hormari begira". 

Arenas, ordea, urtero joan ohi da Esklabetako belatzen habiei begiratua botatzera, eta duela urte batzuk ikusitako "koadro penagarria" ekarri du gogora. "Norbaitek tiroz hil zuen emea, eta baserritar batek makila bat sartu zion eta soroan jarri zuen. Handik egun batzuetara, hiru txita hilda topatu nituen". Hori zergatik egin ote zuten galdetuta, "sineskeriengatik" izango zela erantzun du: "Bada sineskeria bat dioena soroan hildako hegazti bat jartzen baduzu, haren gisakoak uxatuko dituela; uste okerra noski, baina horregatik jarriko zuen". 

Egunotan ikusi eta hartu dituen irudiek "bizipoza" ematen diote Arenasi, baina kezka ere badu. Izan ere, aurki alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzen hasiko dira orain belatzek habia duten parte horretan. "Lanak hasten dituztenean, horma hori txukundu eta zulo guztiak itxiko dituzte, eta zuloak estaltzen badituzte, belatzek ezingo dute habia egiten segi, alde egin beharko dute hortik". Pena litzatekeela esan du, "pena handia", belatz txikiak, ikusteko ederrak izateaz gain, beharrezkoak ere badirelako. "Belatz gorriak haragijaleak dira eta baserritarrek lagun ez dituzten animalia eta zomorro asko jaten dituzte: saguak, satainak, intsektuak, sugandilak, egurra jaten duten zomorroak…". Naturan "kontuan hartzeko moduko zeregina" dutela dio Arenasek; beraz, etxeak egiterakoan ere kontuan izan beharko luketela horiek hor bizi direla.  

Eskubialdeko harrizko horma horretako zuloetako batean dago belatzen habia. (Maialen Etxaniz)

Erlazionatuak

Belatz txikiak, bideoan

Aitziber Arzallus 2021 eka 11 Azpeitia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide