Klik!

Kirola, herritik kanpo

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 10a, 10:39

Kirol ugari praktikatzeko aukera dago Azpeitian, kirol instalazioek nahiz ingurune berdeak horretarako aukera eskaintzen dutelako. Baina badira kirola herritik kanpo egiten dutenak ere; batzuek atseginez, eta beste batzuek, halabeharrez. Horietako batzuekin osatuta dago Klik! argazki erreportajea 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian.

Zaldien maitale eta gidari

Ume-umetatik baserrian bizi izan da Irati Intxausti, eta betidanik gustatu zaizkio animaliak; batez ere, zaldiak. Haurra zela piztu zitzaion zaldi gainean ibiltzen ikasteko grina, baina ez zuen etxekoen babesik, "arriskutsua” zela esaten baitzioten. 12 urte bete zituen egunean, zaldian ibiltzera eraman zuen ahizpak opari gisa, eta urteak aurrera, aukera ikusi zuenean, zaletasunari heldu zion. Hasieran, hilean behin joaten zen zaldian ibiltzera Elosuara (Gipuzkoa), hilean bitan ondoren... eta horrela, gaur arte. Gaur egun, zaldi lasterketetan nahiz txapelketetan parte hartzen du. Baserri inguruetara ez ezik, Asteasu (Gipuzkoa) aldera ere joaten da entrenatzera. Gozatu egiten duela dio, eta oraingoz, horretan jarraitzeko asmoa du.

Arku tiroa, zaletasun

Urteak daramatza arku tiroa praktikatzen Jon Marguellok. Semearen zaletasuna tarteko hasi zen kirol hori praktikatzen bera ere. Duela urte dezente, arku tiroko hiru Euskal Herriko txapeldunek ikastaroa eskaini zuten Azpeitian, haurrei eta gurasoei zuzenduta, eta han parte hartu zuten Marguellok eta semeak. Asko gustatu zitzaien, eta trebatzen jarraitu zuten hurrengo urteetan ere. Gaur egun, tiratzailea da Marguello, eta Ordiziako (Gipuzkoa) arku tiroko elkarteko kidea. Gaintzan dituzten lursailetan Basoko 3D jarduera praktikatzen du, besteak beste. Arkuak "oso potenteak" direnez, leku zehatzetan soilik entrena dezakete.

Atleta, asfaltoan

Xeye atletismo taldeko kidea da Naiara Tena, eta hark dio nahi baino baldintza kaxkarragoetan entrenatzen dutela, Azpeitian ez baitago atletismoko kirol instalaziorik. Bidegorrian eta Udal Kiroldegian entrenatzen dute, "ahal den moduan". Horregatik, sarritan beste herri batzuetara joan behar izaten dute entrenatzera, Donostiara edo Eibarrera (Gipuzkoa), esaterako. Tenak dio maila handiko atletak daudela Azpeitian, eta sinesten du are maila handiagoa izango luketela behar bezalako baliabideak izanez gero; esaterako, korrika egiteko pista edo luzera jauzia praktikatzeko hondarrezko fosoa edo gunea.

Zaletasunari tiraka

2005ean hasi zen sokatiran Iñigo Aizpuru Kurro, Nuarbeko taldean. Bi urte egin zituen han, eta Aresora (Nafarroa) joan zen ondoren. Areson urtebetez aritu zen, eta han ezagutu zuen lagun bati esker jakin zuen Ibarrako sokatira taldearen berri. Gaur egun, Gipuzkoan goma gaineko modalitatean aritzen den sokatira talde bakarra da Ibarrakoa. Bost urte daramatza han, eta jarraitzeko asmoa du. Sortzen den giroa, toki berriak ezagutzea... dira Aizpururi gehien gustatzen zaizkionak. "Engantxatu egiten du", dio.

Paladaz palada

Zumaiako (Gipuzkoa) Telmo Deun arraun elkarteko arraunlaria da Leire Ibar, eta egiten duena zinez atsegin duen zaletasuna dela dio. Eskolarteko kirola amaitu, eta zerbait berria probatu nahiak bultzatu zuen Ibar arraunera. 13 urterekin sartu zen klubean, eta bateletan trebatu ostean, traineruan aritzen da egun. Zumaiara joan-etorrian ibiltzen da aste guztian zehar, gaur-gaurkoz, Azpeitian ez baitago erriorik, itsasorik edo trainerurik. Ibarrek dio deskonektatzen laguntzen dion kirola dela arrauna, nahiz eta gogorra dela aitortzen duen. Kirol horrek, batez ere, talde izaera duela dio, eta hori ikaragarri atsegin du.

Olatu gainean, urrutiraino

9 urte zituela hasi zen surfean Ibai Unanue, Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan. Surfeko taula gainean zutik jartzen ikasi zuen, eta orduan jakin zuen hori zela praktikatu nahi zuen kirola. Gurasoek ikastaroetara animatu zuten, eta pixkanaka murgildu zen mundu horretan, txapelketetan parte hartzera iristeraino. Sariketetan kostako surflariek "koska handia" kentzen ziotela du gogoan, entrenatzeko erraztasunak tarteko. Gazteagoa zela kosta aldera joateko arazoak izaten zituen, mareen eta autobusen ordutegiak bat etortzea oso zaila baitzen. Surfeko monitore ere aritu izan da. Orrua leku berezia da Unanuerentzat, eta han aritzen da gehienbat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide