Gorka Karapeto: "Bizitzeko modu bat da eskalada"

Julene Frantzesena 2021ko eka. 15a, 10:41

Gorka Karapeto Bi Hatz atarian.

Eskalada du pasio eta ofizio Gorka Karapetok (Azpeitia, 1981). Urteak dira eskalada txapelketak alde batera utzi zituela, baina sekula ez du laga eskalatzea. Azken urteetan berak sortutako Bi Hatz proiektuan dago murgilduta buru-belarri. Bihar, asteazkena, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendiko Ahotsak solasaldi zikloan parte hartuko du, 19:00etan, Soreasun. Picu Urriellu izeneko ikus-entzunezkoa emango du, Orbayu horma egin zuen garaian oinarritutako lana.

Noiz eta nolatan jantzi zenituen katu-oinak lehen aldiz?

14 urterekin hasi nintzen eskalatzen. Lehenago, Donostian probatu nuen kalean zegoen rokodromo bat, festetan. Betidanik nuen eskaladarekiko interesa, atentzioa ematen zidan. Dena den, inguruan ez nuen eskalatzen aritzen zen inor, eta beti baten baten osabarekin-edo joateko zain egoten nintzen; inguruan eskalatzen zuen jendea izan banu, lehenago hasiko nintzatekeen. Mendizaleek arratsalde bateko ikastaroa antolatu zuten kiroldegiko rokodromoan, eta orduan hasi nintzen eskalatzen. Gero, hainbat lagunek zituzten lokaletara joaten hasi nintzen, baita kiroldegira ere. Asteburuetan, berriz, hainbat azpeitiarrekin ateratzen nintzen kanpora, eta gure kasa kanterara ere joaten ginen. Egunero samar joaten ginen eskalatzera.

Zein pareta izan zen egin zenuen lehena?

Azpeitiko harrobiaz aparte, Araotz eta Santa Barbara izango ziren aurrenetakoak. Eskalatzera joan eta lagun pila bat egin nituen. Hala ezagutu nuen jendea, haitzera joanda.

Noiz hasi zinen txapelketetan?

Aurreneko txapelketa 16 bat urterekin jokatu nuen, Donostiako rokodromo batean. Lehenik halako txapelketa herrikoietan parte hartzen aritu nintzen, eta egia esan, nahiko ondo moldatzen nintzen. Jolas moduan hartu nuen eskalada, batere presiorik gabe, baina konturatzerako txapelketetan sartuta nengoen. Gero hasi nintzen Euskal Herriko Txapelketan-eta parte hartzen.

Ez duzu ibilbide makala: bost aldiz izan zara Euskadiko kirol eskaladako txapeldun. Zer oroitzapen dituzu garai haiez?

Oso onak, bai bost txapel irabazi nituen uneetakoak, baita beste une batzuetakoak ere. Haitzean gehiago eskalatu badut eta haitzari lehentasuna eman badiot ere, txapelketetan ere aritu nintzen. Orain bereiziago daude bi eskalada motak, are gehiago egun eskalada kirol olinpikoa izango delako, baina lehen bietan aritzen nintzen. Txapelketak prestatzen segitzeko motibazioa ziren, eta txapelketetarako prestatzeak haitzean aritzeko prestatzen ere laguntzen zidan. Lehietako urduritasun puntu hura ederra izaten zen; atsegin nuen erronka puntu hura. Dena den, haitzean eskalatzea izan dut beti helburutzat, eta txapelketak prestatzen nituen, baina beste ezer albo batera utzi gabe.

Eskalada kirol exijentea dela esango al zenuke?

Nahi duzunaren eta pertsonaren izaeraren araberakoa dela esango nuke; hau da, pertsona bat exijentea baldin bada, kirol exijentea izango da eskalada. Dena den, forma fisiko ona izatea eskatzen du, eta forma hori erraz galtzen da jarraikortasunik ez bada izaten. Fisikoki indartsu egoteaz aparte, beste faktore batzuk ere beharrezkoak dira: teknika eta psikologia. Koktel horretako osagaiak ehuneko jakin batean edukitzea garrantzitsua da; denetarik pixka bat izan behar da.

Zu exijentea al zara?

Gauza batzuetan bai. Dena den, orain lehen baino askoz ere gutxiago. Helburu asko betetzeko exijitu egin behar da, gutxienez konstantzia izan behar da, eta gauza asko alde batera utzi behar direla argi izan ere bai.

Noiz eta zergatik utzi zenituen txapelketak?

2012an parte hartu nuen azkenengoz Euskal Herriko Txapelketan, baina txapelketaren batean edo bestean lehiatu nintzen harrezkero, denbora-pasa. Uztea erabaki nuen, hasierako ilusiorik ez nuelako, jada ez ninduelako horrek hainbeste betetzen. Helburu bat jartzeagatik, erabaki nuen lehia utzi egingo nuela Euskal Herriko Txapelketan bosgarren txapela lortzean, eta halaxe egin nuen. Etapa baten bukaera izan zen. Ez dago txapelketetan hasteko eta horiek alde batera uzteko adinik, bakoitzak ikusten du zer egin, baina niretzat huraxe zen lagatzeko eta beste gauza batzuk egiten hasteko garaia.

Gero, Iruñera joan zinen gazteei eskalada irakastera. Nolatan?

2013an joan nintzen Iruñera. Alde batetik, gazteak entrenatzen hasi nintzen, eta bestetik, instalazioetan eskalada bideak ekipatzen edo mantenu lanak egiten. Ikastaroak ere ematen nituen. Finean, nekiena besteei transmititzen hasi nintzen.

Duela urte batzuk Bi Hatz proiektua zabaldu zenuten. Zertan da?

2017an zabaldu genuen, eta oso-oso gustura ari gara lanean. Lehen egiten genuen lan bera egiten dugu, baina motibazio gehiagorekin; izan ere, geurea da proiektua, eta horrek askoz gehiago betetzen du. Guk nahi dugun bezalako gune bat sortu dugu, gure filosofiarekin bat datorrena. Ikastaroak ematen ditugu, entrenamenduak egin ere bai, mendi irteerak, mantenu lanak… Taldean giro oso ona dugu, eta jendeak esaten digunez, gustura dago. Horrek aurrera segitzeko indarra ematen du. Gure mundua eskalada da, eta afizioak eta bokazioak bat egiten dute. Bizitzeko modu bat da eskalada.

Zer-nolako egoeran dago eskalada Euskal Herrian?

Gero eta jende gehiago aritzen da eskalatzen. Instalazio gero eta gehiago zabaltzen ari dira, rokodromoen boom bat egon da. Urrutira joan gabe, Azpeitian bertan ere jende pila bat aritzen da eskalatzen. Gainera, orain, etxean konfinatuta egon ostean, jendea kirol gehiago egiten hasi da. Lehen abenturarekin zegoen lotuta eskalada, baina gaur egun kirol bat gehiago da. Mendiko eskaladan ere jende gehiago dabil orain.

Urte hauetan guztietan hainbat paraje ezagutzeko aukera izan duzu eskaladari esker. Zer bide duzu gustukoen?

Ez dakit bat aukeratzen, asko dira gustatu zaizkidanak. Leku guztiek dute zerbait desberdina, eta denek ematen dute zerbait. Topikoa da agian, baina Yosemiteko paisaiak eta hormek inpresionatu egiten dute. Hemen bertan ere, ordea… Askotan kanpora edo urrutira begira aritzen gara, baina bertan ere leku eder ugari ditugu. Askotan ez dakigu hemen duguna baloratzen, xarma handidun tokiak ditugu gertu. Azpeitiko kantera berezia da niretzat, adibidez; hastapen denak eta oroitzapen denak gordetzen dituen altxorra da. Askotan gakoa ez da lekua, leku horrek eman dizuna baizik.

Zein dela esango zenuke orain arte egin duzun biderik zailena?

Maila aldetik, zenbakiari begiratuta, egin ditudan 9a mailako bat baino gehiago aipatuko nituzke –zazpi ditut eginda–, baina bat hautatzekotan, Harroputza. 9a mailakoak ez direnen artean, berriz, Orbayu: 8c mailako bidea da, baina horma luzeko eskalada egin behar da. 500 metroko pareta da, bosgarrengo luze batean dago. Solte hartuta 9a horiek baino errazagoa bada ere, bere osotasunean eta arrisku puntuagatik, eskalada pixka bat alpinoagoa bilakatzen da. Psikologikoki ere prest egon behar da halako hormak igotzeko; izan ere, hainbat saiakera egin, joan eta ez eskalatu, eguraldi txarra egokitu, hara joateko konpromisoa hartu... Horri guztiari aurre egin eta horma egitea lortzea izugarria da. Hori bai, ez nuen lehenengoan lortu, e; irteera dezente egin genituen.

Oso eskalatzaile gutxik egin duzue Orbayu: seik. Zergatik?

Alde batetik, horma hori egiten saiatzeko motibazioa eduki behar delako. Ez da kirol eskaladako bide bat soilik, psikologikoki beste puntu bat eskatzen du, konpromisoa; izan ere, ez da kirol eskalada, arriskutsuagoa da. Dena den, halako hormak eskalatzen dituen jende gero eta gehiago dago, eta batzuk horretan soilik aritzen dira. Halako hormak egiteko kapaz den jende asko dago, baina probatzera ausartzen edo motibatzen direnak gutxi dira.

Helburutzat al zenuen zuk?

Bai. Hain zuzen ere, horixe da ikus-entzunezkoan azaltzen dena: nola hasi zen Orbayu helburu bilakatzen. 2017ko urrian egin nuen Orbayu, Pou anaiek zabaldutako bidea.

Bide luzeak ala motzak dituzu nahiago?

Luzeak. Arratsalde pasarako, denbora gutxirekin banabil eta lagunekin barre batzuk egiteko, motzak ere ondo daude. Baina bideetan teknika, alderdi fisikoa eta psikologikoa lantzea gustatzen zait; izan ere, bide luzeek zeure munduan edo trantzean sartzeko aukera gehiago ematen dute. Orbayu, adibidez, hamabi orduko eskalada izan zen.

Zer pasatzen da burutik halako horma handi batean zintzilik zaudenean?

Egia esan, lehenago igarotzen dira gauzak burutik, baina behin kontzentratuta eta paretaren barruan sartuta zaudenean, ez duzu ezertan pentsatzen. Denbora geldituko balitz bezala da; kontzentrazioa hainbesterainokoa izaten da… Egiten duzun mugimendu bakoitzaren kontzientzia hartzen duzu. "Hemen eta orain" sentitzen zara. Gehiegi pentsatzen baduzu, urduri zaudela esan nahi du. Pentsamendu horiek ez dira beharrezkoak horman; unea bizi behar da, egiten ari zarena sentitu. Zeure burbuilan sartzea ederra da.

Orbayu egitean, zer sentitu zenuen?

Norberak proposatutako helburu bat lortzeak poza ematen du, baina lortu nuen unea arraroa izan zen; hain nengoen kontzentratuta, ez nuen barneratu. Ez nintzen egindakoaz kontziente, eta denbora behar izan nuen digeritzeko. Halakoetan, gehiegi erlaxatzea ere ez da komeni izaten behera jaitsi arte. Gorputza eta burua inteligenteak izaten dira, eta eskalatu nuenean, horiek ez zidaten utzi euforia sentitzen. Izan ere, oraindik behera jaitsi behar nuen. Aterpetxera bidean hasi nintzen kontzientzia hartzen, eta dutxatu eta gero kristoren poza sentitu nuen.

Beldurrik sentitu izan al duzu halako horma bat eskalatzerakoan?

Bai, askotan. Unearen arabera erabakitzen duzu zer egin, egunaren eta egoeraren arabera. Batzuetan esan izan diot nire buruari "zer egiten dut hemen?" edo "ez dut errepikatuko sekula". Baina, kuriosoki, bukatu eta lasaitzean, berriz ere hara bueltatzeko desiratzen egoten gara. Eskalatzen hasi berri den pertsonak altuerari izaten dio beldurra, baina ez da izaten altuera kontua, segurtasun neurriak hartzea eta materiala ondo erabiltzea dira gakoak. Gero, min hartzeari, erortzeari edo materialak huts egiteari izaten dio beldurra. Eskalatzaile guztiek pasatzen dute beldurraren prozesu bat, nik ere igaro nuen bere garaian. Une estuan nagoenean sentitu izan dut beldur hori, baina alde batetik gustatu ere egiten zait beldur hori kudeatzea. Beldurra oso beharrezkoa da denontzat, bai eskaladan, bai bizitzan; beldurra ez da txarra, beldurrari esker lortzen dugu erabakiak hartzen jakitea eta errealitatea perspektiba desberdinetatik ikustea. Panikoa litzateke txarra, zerbaitek eskuetatik ihes egiten duenean sortzen den hori, eta hori ez dago gure kontrolpean. Beldurrak mandoa eta erabakiak hartzen laguntzen du.

Gomendatuko zenukeen bide bat?

Hasi berri den jendeak pixka bat disfruta dezan, eta hemen ditugun aukerak aprobetxatuz, Txindokiko arista gomendatuko nuke. Fisikoki eta teknikoki oso irisgarria da, baina gutxieneko ezagutza izan behar da. Ez da arriskutsua eta jende askorentzat izan daiteke egokia. Parajea ere oso polita da.

Zer eman dizu eskaladak urte hauetan guztietan?

Dena. Une oso onak, eta momentu txarrak ere izan ditut, baina ez eskaladagatik. Eskaladari esker naiz orain naizena, bizitzeko modu bat eman baitit.

Eta zer eman diozu zuk eskaladari?

Eskaladak esan beharko du… [barrez]. Bueltan berak eman didan dena eta gehiago ematen saiatu naiz. Saiatu naiz eskalada gunea sortzen eta nik eskaladari esker hartu dudan bizitzeko modua besteei transmititzen. Horrekin saiatu naiz eskaladari berak eman dizkidan gauza on guztiak bueltan ematen.

Hasi zinenetik hona, zenbat aldatu da eskalada?

Asko aldatu da, gehienbat instalazio aldetik; rokodromo askoz gehiago daude orain. Eskalatzen duen jende kopuruz ere asko aldatu da. Baina beste gauza askotan ez da batere aldatu: eskalada eskolak oso indartsu daude, eta lehengo eskalatzaileek duten filosofia erreferentziatzat hartzen da oraindik ere. Eskalada ulertzeko modu hark gure artean jarraitzen du oraindik ere. Eskalada ez da soilik pareta batzuk igotzea.

Berriz aukeratu behar bazenu, eskalatzailea izango al zinateke?

Orain baietz pentsatzen dut, baina auskalo. Txikitan, adibidez, surflaria izan nahi nuen, edo skaterra. Nire ametsak segitzea gustatuko litzaidake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide