Joxin Aizpuruk eta Jagoba Labakak erremonteko San Fermin Txapelketa jokatuko dute

Andoni Elduaien 2021ko eka. 17a, 08:24

Txapelketa aurkeztu zuteneko irudia. (Argazkia. Oriamendi2010)

Bihar, ostirala, hasiko da txapelketa, eta bi txapel egongo dira jokoan; batetik, A multzokoa, eta bestetik, B multzokoa. Aizpuru III.ak A multzoan jokatuko du Javier Urrizarekin batera, eta Jagoba Labakak Aitor Zalduarekin osatuko du bikotea. 

Bihar, ostirala, hasi eta uztailaren 14ra bitartean jokatuko dute erremonteko San Fermin Txapelketa, Hernaniko Galarreta (Gipuzkoa) pilotalekuan. Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarra Javier Urrizarekin batera arituko da, eta Jagoba Labakak Aitor Zaldua Zaldua II.a izango du lagun txapelketan. Aurten, txapelketa bi multzotan banatu du Oriamendi erremonte enpresak –A eta B multzoak–, eta hori horrela, bi final izango ditu txapelketak. Era berean, txapelketa Galarretan jokatzea erabaki du aurten, nahiz eta aurreko edizioetan Uharteko (Nafarroa) Euskal Jai pilotalekuan jokatu izan den txapelketa. 

San Fermin Txapelketa nagusiko A multzoa sei erremontista "nabarmenenek" osatuko dute. Guztira, hiru bikote lehiatuko dira: Urriza-Aizpuru III.a, Juanenea-Barrenetxea IV.a eta Ansa-Larrañaga. B multzoan, berriz, Zaldua II.a-Labaka, Urrutia II.a-Martiarena, Loitegi-Zubiri eta Goikoetxea V.a-Murgiondo ariko dira.

Multzo bakoitzeko bikote guztiek denen aurka jokatu beharko dute. Multzoko lehena zuzenean sailkatuko da finalera, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek beren artean jokatuko dute finalerako sailkapena. Uztailaren 7an, San Fermin egunez, jokatuko dituzte bi multzoetako finalerdiak, eta uztailaren 14an jokatuko dute finala. 

Partida guztiak 30 tantora izango dira, eta Sagardoaren Txapelketan bezala banatuko dituzte puntuak. Partidako bikote irabazleak lau puntu eskuratuko ditu; 29 eta 27 tantoan gelditzen den bikoteak bi puntu; puntu bat 26 eta 24 tantoan gelditzen den bikoteak; punturik ez du batuko 23 eta 17 tantoan gelditzen denak; eta puntu bat galduko du 16 tanto edo gutxiago egiten dituen bikote galtzaileak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide