Corrugados auzia hizpide izan dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 22a, 16:37

EH Bilduk eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ekonomia, Sustapen, Turismo eta Landa Ingurumen batzordean izan da Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, azken hilabeteotan Corrugadosen inguruan gertatu diren gorabeheren inguruko argibideak ematen. Alkortak ez ezik, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza diputatuak ere azalpenak eman ditu, PPk eskatuta. Luze jardun dute, baina bakoitzak bereari eutsi dio.

Corrugados Azpeitiak zeresana ematen jarraitzen du. Gaur, EH Bilduk eskatuta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ekonomia, Sustapen, Turismo eta Landa Ingurumen batzordean izan da Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, azken hilabeteotan Corrugadosen inguruan gertatu diren gorabeheren inguruko argibideak ematen. Alkortak ez ezik, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza diputatuak ere azalpenak eman ditu. Zehazki, Azpeitiko lantegiaren balizko irekiera zertan den, aldundiak gaian zer jarrera duen eta zer urrats ematea aurreikusten duen azaltzeko eskatu zion PPk. Luze jardun dute, baina bakoitzak bereari eutsi dio.

Saioaren ostean, ohar bana kaleratu dute Gipuzkoako EH Bilduk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, goizeko saioak eman duenaren laburpena eginez. EH Bilduren arabera, industriaren eta lanpostuen aldeko apustua berretsi du Alkortak Batzar Nagusietan. "Azpeitiak, Urola eskualdeak eta Gipuzkoak badu toki bat siderurgiarako. Badu leku bat, ez bakarrik lurralde plan bat onartu zelako espresuki, handik lau urtetara, Azpeitiko udalak, EAJ eta EH Bilduren bozkaz, Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean Trukutxoko eramuan ezarri zuelako jarduera hori jartzeko lekua, herrigunetik jarduera hori ateratzeko eta birkokatzeko”. Horiexek Alkortaren jardunetik koalizioak nabarmendu dituen hitzak. Eta gaineratu du Azpeitiko alkateak eskua luzatu diela aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari "aukera legalak eta araudiak errespetatuko dituen irtenbide bat landu eta adosteko".

Larrañagak, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera defendatu eta Alkotarena kritikatu du Batzar Nagusietako saioan. "Enplegua eta industria jarduera sortzeko aukera paregabea alferrik galdu" izanaren erantzukizuna Azpeitiko Udalari egotzi dio, "prozesu partekatu bat" abiarazteari "ezezko borobila" eman diolako. Haren esanetan, aldundiak hasieratik erakutsi du elkarlanerako borondatea eta Azpeitiko lantegia irekitzeko egon zitezkeen oztopoak gainditzeko bidea egiteko nahia. "Hasieratik eskua luzatu genuen prozesua errazteko, maila instituzionalean eta teknikoan, uste baikenuen merezi zuela alternatiba guztiak aztertzeak, bide onetik amaitu ala ez. Tamalez, ezin izan zen prozesu hori hasi ere egin. Lehenengo baldintza inplikatutako eragile guztien borondate politikoa zen, baina udaleko agintariek hasieratik baztertu zuen epe laburrerako aukera bideragarri bakarra, hau da, enpresa aurreko instalazioetan berriro irekitzea. Eta erabaki horrek oinarri politikoa izan zuen, ez teknikoa".

Diputatuak esan du "errespetatzen" duela, baina “bat ez datorrela” jarrera horrekin, eta Azpeitiko Udal gobernuari eskatu dio "bere erantzukizuna gardentasunez onartzeko". Izan ere, Larrañagaren ustetan, "erantzukizuna saihesten saiatu dira bitarteko guztiak erabiliz, ardura gainerako eragileei leporatuz eta proiektuaren existentzia ukatzera iritsiz". Aldundiak erabakia "etsipenez" hartu duela, baina "kontzientzia lasai" duela esan du diputatuak, "gure esku egon den guztia egin dugulako". "Azpeitiko Udaleko egungo arduradunengan jarrera bera topatu izana gustatuko litzaiguke, baina ez da posible izan, eta alferrik da orain damutzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide