COVID-19aren Liburu Zuriko kidea zara. Nola azalduko zenuke zer den hori?
Osasun mundutik sortutako iniziatiba da, neke pandemikoari aurre egiteko. Izurriak ondoeza ekarri du, eta horren aurrean, diziplina anitzeko profesionalak elkartu gara eta gauzak nola joan diren hausnartu dugu; era berean, irtenbide batzuk bilatu edo proposamen batzuk egin ditugu liburuan. Nahiz eta pandemiak osasuna izan jopuntuan, ez du osasun arloan bakarrik eragin, beste mila arlotan eragin du: hezkuntzan, ekonomian... Hori azaltzeko, beste kontzeptu bat erabiltzen da: sindemia. Hori zer da? Pandemia osasunari dagokion termino bat da, baina beste arlo batzuk ere kaltetzen direnean, sindemia hitza erabiltzen da. Izurriak ez du eremu bat bakarrik kaltetu, eta horregatik, erantzunak ere globala izan behar du.
Gai horiek jorratzeko, Zaintza sistema birpentsatzen mahai ingurua izango da asteartean Azpeitian. Nondik sortu da solasaldia?
Alde batetik, zaintzaren arlo soziosanitarioa dago –erresidentziak eta abar–; foru aldundien eskumena da arlo hori, eta gehienbat pribatua edo kontzertatua da. Bestalde, osasun sistema publikoa dago, Osakidetzak kudeatzen duena. Bi mundu ezberdin dira horiek, eta pandemia garaian ikusi da inkomunikazio handia dagoela bi sistemen artean. Erresidentziak izan dira kaltetuenak: komunikabideek jopuntuan izan dituzte, presio handia jasan dute, formakuntza falta zuten hasieran, material falta ere bai... Hori lantzeko puntu garrantzitsu bat dela iruditzen zaigu. Liburu Zuria abiapuntu bat da, ernamuin bat, hausnarketa horrek bere bidea egin dezan. Buruan geneukan zerbait egitea, eta Baigera elkartekoak gurekin jarri ziren harremanetan; horrela sortu da mahai ingurua.
Hainbat hizlarik parte hartuko duzue saioan. Zeintzuk dira jorratuko dituzuen ideiak?
Izenburuak esaten duen bezala, zaintza sistema birpentsatuko dugu. Egungo zaintza sistemak bere gauza positiboak izango ditu, baina ahulezia asko ere bai. Zaintza ez da bakarrik erresidentzietan ematen dena; badaude zaintza batzuk etxean egiten direnak, zaintza formalak eta ez formalak... Zaintza formalak nork egiten ditu? Orokorrean, emakumeek; gure nagusiak zaintzen dituzten emakume migranteen kolektibo handi bat dago, guk egin nahi ez ditugun lanak egiten dituzte. Horren guztiaren inguruan hausnartuko dugu. Horregatik gara mahai inguruan parte hartuko dugunak zaintzaren mundukoak, baina profil profesional ezberdinetakoak.
Bakoitzak bere esparrutik azalduko duzue bizi izandakoa. Zu familia medikua zara Ondarroan. Zer nabaritu duzu?
Hasieran, kaos handia izan genuen: protokolo berriak ezartzen zituzten etengabe... Nik hutsune handia nabaritu dut gauza batean –uste dut sentipen hori orokorra dela–: ez dira sortu diziplina anitzeko taldeak egoerari irtenbidea emateko. Oso unilateralki hartu dira erabakiak, eta momentu batzuetan hala izan beharko zuen. Dena den, urte eta erdi igaro da izurria hedatzen hasi zenetik; aditu pila bat dauzkagu Euskal Herrian, eta uste dut lekuko neurriak hartzea ere behar zela. Ez da gauza bera metroaren inguruko erabakiak Bilbon edo Azpeitian hartzea. Leku bakoitzak bere koiuntura dauka, eta neurri globalak ezarri behar dira, baina lekukoak ere bai. Tokian tokiko neurriak falta izan dira, eta horretarako, taldean lan egin behar da: agian, udalak bildu behar dira eskolekin, osasun zentroekin, erresidentziekin... Horren falta sumatu dut; alde bakarreko neurriak hartu beharrean, neurriek pixka bat globalagoak izan behar zutela uste dut.
Pandemiak agerian utzi ditu zaintzaren gabeziak. Zer hutsune azaleratu dira?
Familia medikua naiz ni, eta nire ikuspuntutik hitz egingo dut. Konturatu naiz patologia kronikoa dutenak, buru osasuneko arazoak dituztenak... albo batera utzi direla. Gainera, kontsultak ez dira presentzialak izan, eta pazienteekin aurrez aurre egoteak sekulako alde terapeutikoa dauka. Lehen mailako arretan esan ziguten dena telefonoz egin behar genuela, eta ez genuen prestakuntzarik horretarako. Gainera, teknologiak presentzia handia dauka osasun sisteman; gazte gehienek ordenagailuz hartzen dituzte txandak, baina nagusiak ez dira Internetekin moldatzen, batzuk bakarrik bizi dira... Uste dut arrakala teknologiko hori kontuan izan behar dela. Oro har, iruditzen zait gehien behar dutenak alde batera utzi direla.
Zer hobetu beharko litzateke zaintzaren esparruan?
Ziur aski, izurrite aurretik egongo ziren arazo batzuk, pandemiak ekarriko zituen arazo berriak eta aurretik zeudenak okertu egingo zituen. Baina aukera berriak ere ekarri ditu. Ebalua dezagun gertatu dena: zer egin dugun ondo, zer neurri hartu diren, zer emaitza ekarri duten... Hausnarketa bat egin behar da. Eta zaintzan bezala, denean. Zer zaintza sistema daukagu? Hein handi batean, pribatua. Pribatua izan behar al da? Pribatua izanda zer gauza bermatzen dira? Eta publikoa izanda? Nik uste dut publikoak izan beharko liratekeela zaintza guztiak, baina kudeaketa hori nola egiten da? Autokritika egin behar da, konstruktiboki.
Zergatik animatuko zenituzke herritarrak mahai inguruan parte hartzera?
Uste dut oso oso inportantea dela zaintza nola egin nahi dugun pentsatzea. Denok zahartuko gara, bizi itxaropena handitzen ari da... Eta nola nahi dugu zainduak izatea? Nola antolatuko gara zaintzeko? Eta gazteak garenok nola zaindu nahi ditugu gure nagusiak? Oro har, denok nahi dugu etxean egon. Hori dena nola kudeatu behar da? Uste dut alde formala berregituratu egin behar dela, baina zaintza informalari ere behar duen garrantzia eman behar zaio: orokorrean emakumeek egiten dute, eta agian ezin dugu etorkizunean egun zaintzen ari garen bezala zaindu. Oro har, denok izango gara bai zaintzaile, bai zainduak. Nik uste dut denok izan behar dugula gure hitza edo nahia adierazteko aukera. Horregatik, uste dut horrelako aukerak aprobetxatu egin behar direla informatzeko eta hausnartzeko, nahiz eta gero beste gauza bat den nork entzuten duen eta kasu egiten diguten edo ez.
Mahai ingurua, asteartean Sanagustinen:
Zaintzaren gaia lantzeko, mahai ingurua antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Baigera jubilatuen elkarteak. Datorren asteartean izango da solasaldia, Zaintza sistema birpentsatzen izenburupean, 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Honako hauek izango dira hizlariak: Larraitz Arriola Aspaceko medikua, Axun Salaberria Errenteriako Jesusen Bihotzako erizain geriatrikoa, Ana Sarobe Oneka Euskal Emakume Pentsionisten Plataformako kidea eta Lorea Larrañaga eta Saioa Elosegi COVID-19aren Liburu Zuriko kideak.