Liderra dago, eta lider handia. Iazko erakustaldia kasualitate izatearen susmoa bazegoen, akabo zalantzak. Pogacar erlojupekoan ikaragarri dabil, beste inor baino gehiago, eta maldan gora ere gutxi, ale batzuk baino ez dira UAE taldekoa atzean uzteko gai. Matxinen mutilak sekulako astindua eman dio sailkapen nagusiari, txikitu egin ditu aurkari guztiak erlojupekoan, eta oilar arriskutsu denak minututik gorako atzerapenera ditu dagoeneko. "Hemen nago", esan du, eta mezu garbia helarazi kontrarioei: 32 kilometroko beste erlojupeko bat dago Parisera iritsi bezperan, eta han ere beste minutu edo minutu eta erdi galduko duzue. Pogacarrek 44 segundo sartu dizkio Roglic-i, 55 Porteri, 1.18 Thomasi, 1.44 Carapazi eta 2.08 Miguel Angel Lopezi. Nagusia ere ikaragarri zabaldu da. Mathieu Van der Poelek eusten dio horiari, baina hori ere UAE eta Pogacarren mesede. Esloveniarrak 1.29ra du Uran, 1.44ra Carapaz, 1.48ra Roglic, 1.54ra Thomas, 2.35era Gaudu eta 5.20ra Miguel Angel Lopez. Tarteak dira.
Lasterketako panorama ere UAEren mesedean, Ineos, Jumbo eta Movistar baino talde apalagoa baitu. Van der Poel eta Alpecin-Fenix taldea maillot horiari eusten saiatuko dira bihar eta etzi, eta desgastea pilatzea saihestu Josean Matxinen taldeari. Larunbatean bestelako kontua izango da. Orduan sua sortuko da, Alpeetako lehen gailurretan, eta hor ikusiko da UAEk eraso erauntsia kudeatzeko daukan gaitasuna, indarra, egokia den. Pogacarren erakustaldiak, nagusitasunak, desabantaila hori du berarentzat: beste guztiek bere aurka egingo dutela, bakarkako lanean irits ezina delako. Lidergoa, faboritismo hori kudeatzen asmatu beharko du Pogacarrek, baina batez ere, Matxin bere kirol zuzendariak.
Erlojupekoaz gauza gutxi. Mikkel Bjergek hautsi du kronoa aurrena, baina ondoren lehen hamarretan ere ez da sartu. Stefan Kungek ere lan ona egin du, baina ondoren garaipenetik urrun geratu da. Pogacarren irteerak eta tarteko bi erreferentziek erakutsi dute esloveniarra hegan zihoala, eta hala izan da bukaeran ere. Diferentzia handiak egin ditu, ordu erdi pasako lanean. Handiak. Pauso polita eman du, baina orain denak bere kontra jarri ditu. Jakingo zuen, dena den, hala izango zela. Eta gaur bezalako sasoiari eusten badio, lasai egongo da. Beste guztiek bera dagoen posizioan egon nahiago lukete, duten atzerapenarekin egon baino.
Bihar esprinterrentzat azken aukera, puska batean. Seigarren etapa, Tours-Chateauroux, 160 kilometro eta laugarren mailako muino bat baino ez, bidean. Cavendishen bigarrena izango ote?