Nagore Alkorta: "Agintaldirako iragarritako proiektu guztiak egin egingo ditugu"

Aitziber Arzallus 2021ko uzt. 2a, 16:00

EH Bildurekin, Azpeitiko alkate karguan bi urte bete berri ditu Nagore Alkortak (Azpeitia, 1978), agintaldiaren erdia, hain justu. Ez zaizkio bi urte errazak tokatu: alde batetik, pandemia egoera kudeatu behar izan du; bestetik, azken hilabeteeotan, Corrugados auzia. Zailtasunak-zailtasun, karguan ondo sentitzen dela esan du, egindako lanarekin gustura dagoela, eta aurrera jarraitzeko ilusioa eta indarra badituela.

Agintaldi erdia bete berri duzu Azpeitiko alkate karguan. Nolakoak izan dira bi urte hauek?

Intentsoak, eta gogorrak ere bai, baina gauza asko ikasteko aukera izan dut eta ikusi dut merezi duela horrelako ardura bat hartzeak. Positiboki balioetsiko nituzke eta aurrera segitzeko indarrarekin sentitzen naiz. 

Eroso sentitzen al zara alkatearen aulkian?

Orain, bai. Udaletxea barrutik ezagutzen nuen, teknikari izan nintzelako, baina lehendabiziko hilabeteetan kosta egin zitzaidan alkate kargura egokitzea. Bi urte pasata, esan dezaket karguan ondo sentitzen naizela. Uste dut, denon artean, Azpeitiak dituen erronkei erantzuten ari garela.  

Zer etorriko zen jakin izan bazenu, onartuko al zenukeen alkategai aurkezteko proposamena?

Bai. Egoera oso konplikatua tokatu zaigu, baina ez nuke atzera egingo.

Pandemiak markatutako agintaldia izaten ari da zurea, eta horren ondorioak arintzera indar asko jarri behar izan duzue. Asmatu duzuela uste duzu?

Bi urte hauek bi fasetan bana daitezke: pandemia aurrekoa lehena, eta pandemia deklaratu ostekoa bigarrena. Egia da oraindik ere pandemian gaudela, baina oraingo egoerak ez du zerikusirik hasierakoarekin. Egun batetik bestera alarma egoera deklaratu zutenean, ziurgabetasuna sekulakoa zen. Saiatu gara baliabide pulikoak herritarren zerbitzura jartzen eta elkarlanean herritarrei sortu zaizkien beharrei erantzuten. Azpeitiarrek elkar laguntzeko egin duten ahalegina handia izan da eta horrek balio handia du.

Pandemiaren kudeaketan, zer egin zaizu zailena?

Zailena diagnostikoa egitea izan da, alegia, erantzun behar genituen behar guztiak zeintzuk ziren identifikatzea. Hasierako momentuetan adinekoengan jarri genuen arreta, etxean gelditzeko agindu zitzaienez eta asko bakarrik zeudenez, laguntza beharko zutelako. Baina berehala konturatu ginen bazeudela beharrak zituzten beste kolektibo batzuk ere, adibidez, lanik gabe gelditu eta arazo ekonomikoak zituztenak, ordenagailurik gabe zeuden umeak… Beharrak detektatu ahala joan gara horiei erantzuten, geure buruari behin eta berriz galdetuz ari al garen behar guztiei erantzuten. Nabarmendu nahi nuke boluntarioen sareak egin duen lana ere, eta hori da egoera honetatik ateratzen dudan gauzarik onena: herritarrek erakutsi duten prestutasuna herritarrei laguntzeko. Alde horretatik, eskerrak behar dizkiet denei: herritarrei, eragileei, enpresei, Osakidetzako langileei, udaletxean jarduten duten langileei, gizarte zerbitzuetakoei, brigadakoei… Talde bat garela erakutsi dugu eta denon artean gauzak ondo egiteko gai garela, nahiz eta denera ez ginen nahi bezain azkar iritsiko.           

"Talde bat garela erakutsi dugu eta denon artean gauzak ondo egiteko gai garela, nahiz eta denera ez ginen nahi bezain azkar iritsiko"

Pandemiak berak, horren ondorioak arintzera bideratu dituzuen baliabideek eta aldundiaren foru funtsetik diru gutxiago jasotzeak zenbaterainoko eragina izan dute udalaren ekonomian? Egoera ekonomiko onean al dago udala?

Pandemia bete-betean ginenean jakin genuen foru funtsetik diru gutxiago jasoko genuela, eta, aurten, 700.000 euro gutxiago jaso ditugu. Jaitsiera denontzat izan den arren, herri bakoitzari modu diferentean eragin dio horrek, udal bakoitzaren momentuko egoera ekonomikoaren arabera. Zentzu horretan, zortea izan dugu, udalaren altxortegia osasuntsu dagoelako azken urteeotan egindako kudeaketa arduratsuari esker. Pandemia deklaratu zutenerako, urte hartako aurrekontuak onartuta eta aurreko urteko kontuak likidatuta genituen; beraz, egoera nahiko onean geunden honi guztiari aurre egiteko. Argi eta garbi izan genuen baliabide publikoak herritarren zerbitzura jarri behar genituela; ekonomia sustatzeko 1,7 milioi euroko plan integrala onartu genuen eta lehenak izan ginen 600.000 euroko laguntzak ateratzen. Bilera asko egin ditugu, sektore ekonomiko guztietako ordezkariekin hitz egiten saiatu gara, beharrak detektatu eta beraien ikuspegia jasotzeko. Guztion artean lortu dugu egoerari aurre egitea.

Maiatzean %7,7koa izan da Azpeitiko langabezia tasa, iazko otsailean baino txikiagoa. Zeren seinale da hori?

Guk ditugun datuen arabera, zerbitzuetan egon da langabezia tasaren igoera, eta, aldi berean, industria ari da bere onera itzultzen. Aldi baterako lan erregulazioek ere lagundu dute langabezia tasari eusten, eta nik uste horien eraginaren ondorio ere badela maiatzeko tasa hori. Datua, noski, ona da, baina komeni da hori kontuan izatea, alegia, neurri batean erregulazioek baldintzatutako langabezia tasa dela; horiek bukatzen direnean ikusiko dugu zertan geratzen garen. Hala ere, guk ditugun datuen arabera, industriak nahiko ondo eutsi dio honi, eta alderik handiena zerbitzuen sektorean antzemango da, sektore horretako enpresak izango direla kaltetuenak. Ildo horretatik, horientzat garrantzi berezia izan dezakete ekonomia sustatzeko udalak aurten onartu dituen 500.000 euroko laguntzek. Eta ez gaitezen ahaztu ezkutuan gelditzen den kolektibo horrekin, etxeetan eta kontraturik gabe lanean ari diren emakumeekin.              

Azken hilabeteotan epe luzera begirako lan asko egiten ari zarete. 2030 Plan Estrategikoa onartu duzue eta etxebizitza, kirol, mugikortasun eta irisgarritasun planak egiteko prozesuak abian jarri dituzue. Zer garrantzi dute horiek guztiek?

Pandemiak harrapatu gintuenean, momentuko beharrei erantzutera jarri genituen baliabide eta indar guztiak. Baina pandemia luze doa, eta etorkizunari begira ditugun erronkei ere erantzun behar diegu. Gu proiektu batzuekin aurkeztu ginen, eta proiektu horiek guztiak betetzen saiatu behar dugu, eta garrantzitsua da berehalako erantzunaz aparte, epe ertain eta luzera begira aritzea. Zentzu horretan, oso inportantea da onartu dugun Plan Estrategikoa, 2030. urtera arteko ikuspegia izaten lagunduko digulako. Agintaldiaren erdira iritsita eta aurreko plan estrategikoaren %70 inguru beteta, aurrera begira jartzeko ariketa egin dugu, herritarrei galdetu etorkizunean nolako Azpeitia nahi duten, eta horretara iristeko norabidea marraztu. Plan Estrategikoan proiektu garrantzitsuak jaso ditugu; esate baterako, gizarte beharrei erantzuteko zentro integral bat, Larringo industrialdea eta inundagarritasun arazoei aurre egitea. Horiez gain, beste plan horiek guztiak egiteko prozesuak ere martxan jarri ditugu, eta agintaldi hasieran genituen proiektuei eta pandemiak geldiarazi zizkigunei berriz heldu diegu.

"Pandemiak harrapatu gintuenean, momentuko beharrei erantzutera jarri genituen baliabide eta indar guztiak. Baina pandemia luze doa, eta etorkizunari begira ditugun erronkei ere erantzun behar diegu"

Industria lurren gaiara ere heldu diozue, hiru proiekturekin: Larringo industrialdea garatzekoa bata, Landeta eraberritzekoa bestea eta Corrugados dagoen eremua garatzekoa azkena. Zertan dira proiektu horiek? 

Larringo industrialdearen inguruan hitzarmen bat eginda bazegoen, baina ez zuten proiektua martxan jarri, eta agintaldiaren hasieran lortu genuen berriz ere hori abiaraztea. Ez genekien lortuko ote genuen, lur industrialak eskuratzerakoan esku hartze publikoa garrantzitsua izaten delako. Azkenean hitzarmena sinatzea lortu genuen, eta ez bakarrik sinatzea, dagoeneko tramiteekin hasita baikaude. Proiektuak Plan Partzial bat egitea eskatzen du, eta hasierako onarpena epe motzean ematea espero dugu; beraz, hori behintzat bere bidetik doa.

Landetan, aldiz, Plan Berezi bat egingo dugu eta aurrekontuetan ere sartu genuen hori. Landetan gauza desberdin asko daude: pabilioi oso zaharrak, gaur egungo beharrei erantzuten ez dieten dimentsioak eta formak, eraikin asko esku pribatuetan… Ikusi genuen Plan Berezi hori egin aurretik komenigarria zela azterketa bat egitea, diagnostiko bat egiteko; aurrelanketa eginda daukagu. Diagnostikoa eginda daukaguean, horretan oinarrituta erabaki beharko dugu zertan zentratuko garen Plan Berezi hori egiteko.      

Corrugadosen eremuari dagokionean, berriz, herriaren erdigunean dagoen Amue eremuko azpiegiturak desmantelatzeko eta lurrak deskontaminatzeko eta berreskuratzeko fasean sartzea dagokigu, lur horiek herritarrek erabiltzeko moduan jartzeko. Badakigu lan zailak direla horiek, baina hasi egin behar dugu azpiegitura horiek hortik kentzen. Lanean hasita gaude, baina eragile asko gaude tartean, ertz asko ditu gaiak, eta bere denbora beharko du. Eremu horren inundagarritasun arazoei konponbidea emateko, Ura agentziarekin harremanetan gaude dagoeneko, eta proiektu bat egiteko konpromisoa hartu du, arazo horiek parte batean behintzat konpondu ahal izateko.   

Amue eta Landeta inguruak nola ikusi nahi zenituzke hemendik urte batzuetara?

Landeta, askoz eremu antolatugoa. Kutsagarriena den industria potoloa hortik atera egingo nuke, eta hor beste era bateko industria bildu, eta merkataritza ere bai, zergatik ez. Amuen, berriz, azpiegitura eta eraikin zahar horiek desmantelatzea, hortik kentzea eta lur horiek deskontaminatzen hastea aurrerapauso garrantzitsuak izango lirateke. Beraz, ikusi nahi nuke estetikoki eta bisualki erabilgarria den eremu bat, era askotako erabilerak izango lituzkeena, herritarrona eta ingurumenari kalterik egiten ez diona.  

Corrugados aipatu dugula, ondoriorik atera al duzu azken hilabeteen gertatu denaren inguruan?

Mediatikoki fikzio bat eraiki dute errealitatearekin inolako zerikusirik ez duena, eta hori eraso bat bezala bizi izan dute azpeitiarrek. Arduragabekeriaz jokatu eta espektatiba faltsuak eraiki dituzte, eta guri egotzi digute horien erantzukizuna. Bitartean, ukatu egin digute dagoen aukera erreal, legal eta egingarri bakarraz hitz egiteko aukerarik txikiena. Bakoitzak jakingo du zergatik jokatu duen jokatu duen bezala, eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak ere. Guk esan dezakeguna da azpeitiarren interesak lehenetsi eta defendatu ditugula alderdiaren interesen gainetik, eta hilabete gogorrak izan diren arren, herritarren babesa sentitu dugula eta horrek indarra eman digula.

Nolako harremana duzue oposizioarekin (EAJ)? Eta Corrugados auziak eraginik izan al du edo izango al du zuen arteko harremanean?

Agintaldiaren hasieratik saiatu gara oposizioarekin garbi jokatzen. Informazioa eman eta beraien ekarpenak kontutan hartzeko ahalegina egin dugu. Eta horren adierazle da ia erabaki denak aho batez hartu ditugula. Are gehiago, maiatzaren 4an ere, Corrugados auzia pil-pilean zegoela, 2030 Plan Estrategikoa aho batez onartu genuen. Harreman horretan inflexio puntu argia egon zen martxoaren 6an. Otsailaren 18tik martxoaren 6ra bitartean lau bat bilera egin genituen elkarrekin, dena zekiten, informazio guztia zeukaten; eta hedabideetara jo zutenean, traizionatuta sentitu ginen. Gu Azpeitian hartutako erabaki bat defendatzen ari ginen, eta sentipena izan genuen beraiek alderdiak emandako agindua jarraitu zutela. Corrugadosen gaian ez dutela ondo jokatu uste dut. Hala ere, guk elkarlanerako prestutasun osoarekin jarraitzen dugu.  

"Gu Azpeitian hartutako erabaki bat defendatzen ari ginen, eta sentipena izan genuen beraiek alderdiak emandako agindua jarraitu zutela. Ez dutela ondo jokatu uste dut. Hala ere, elkarlanerako prestutasun osoarekin jarraitzen dugu"

Agintaldi erdia beteta, orain artekoaz zer balorazio egiten duzu? 

Oso momentu zailak bizi izan ditugu guztiok, baina uste dut azpeitiarrok gure alderik onena ere atearatzen asmatu dugula. Momentuko beharrei elkartasunez erantzun diegu, perspektiba galdu gabe. Egoera zaila izanda ere, herrigintzako proiektuak lantzen aritu gara taldeekin batera. Eta agintaldi honetarako hartutako konpromisoak bete egingo ditugu eta agindutako proiektuak egin egingo ditugu. Gogotsu eta ilusionatuta gaude bigarren erdiari aurre egiteko.

Zer erronka dituzue datozen bi urteotarako?

Gizarte babesa eta sustapen ekonomikoa izan dira azpeitiarron lehentasunak, eta datozen bi urteetan ere bide beretik jarraituko dugu lanean. Gizarte babesaren esparruan, etxebizitza tutelatuak martxan ditugu; gizarte beharrei erantzuteko zentro integralaren proiektuari heldu nahi diogu; eta okerren pasatzen ari direnei, laguntza puntualez gain, formakuntzarako aukerak eskaini nahi dizkiegu. Horiez gain, gazteengan arreta berezia jarri nahi dugu, bisibilizatu nahi dugu bizi duten egoera eta dituzten beharrei erantzun nahi diegu. Pandemia nola bizi duten eta pandemiatik nola ateratzen diren aztertu beharko dugu batetik, eta udal bezala zer eskaini eta nola lagundu diezaiekegun bestetik, ikasteko, lan mundura sartzeko, emantzipatzeko eta etxebizitza batera sartzeko erraztasunak nola eman.    
                     
Ekonomia sustatzeari dagokionean, berriz, Larringo industrialdearen proiektua daukagu, eta ikusiko dugun nola bukatzen den Corrugadosen kontua. Sektore ekonomiko desberdinei laguntzak ematen ere jarraituko dugu: lehen sektorerako baditugu Elikaguneari eta Azoka Plazari lotutako proiektuak; merkatariekin lanean jarraituko dugu, bono kanpainak-eta eginez; industriako kontratazioak diruz lagunduko ditugu, batez ere, 45 urtetik gorako emakumeenak eta abar.
  
Eta horietaz aparte, beste erronka izango da herriak daukan inundagarritasun arazo larriari soluzioa ematen hastea. Harremanetan gaude Ura agentziarekin, eta azterketa bat egin eta zati batzuk konpontzeko asmoa daukagu. 

Agintaldia bukatzean, nolako Azpeitia utzi nahi zenuke?
Denak eroso sentitzen diren herri bat eta denentzako pentsatutako herri bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide