Jon Eletxigerra: "Joxe Takolo beka egiten dugun lanaren aitortza da"

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 7a, 09:59

Jon Eletxigerra. (Utzitakoa)

Izarraitz mendiguneko barrunbeak hobeto ezagutzeko eta babesteko proiektuan murgiltzear daude Eletxigerra (Donostia, 1991) eta Felix Ugarte elkarteko kideak.

Felix Ugarte elkarteak jaso du 2021eko Joxe Takolo beka. Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar aitzindari zenaren omenez ematen duten dirulaguntza goi-mendiekin lotutako espedizioek eta proiektuek jaso izan dute aurten arte, baina espeleologia proiektu batentzat izan da aurten. Izarraizko lurpeko altxorraren bila proiektuarekin, Itziarko lurretan dauden zenbait kobazulo elkarrekin lotuta daudela eta guztiek arro hidrologiko bera osatzen dutela frogatu nahi dute Felix Ugarte elkarteko kideek. Horietako bat da Jon Eletxigerra. Ingurumen Zientziak ikasia, irakasle lanetan dabil, eta 2017an iritsi zen besteak beste espeleologia jarduerak sustatzen dituen elkartera.

Itziarren kobazulo batean galdu eta Debako hondartzan aurkitu zuten ardiaren kondaira egia izan daiteke, beraz?

Kobazulo horiek ura norabaitera bota behar dute, eta ezaguna da kobazulo horietako askok Deba ibaira isurtzen dutela ura. Ardia Debako hondartzan agertzearena kondairaren partea da. Baina oinarrian dagoen ideia da gure mendien azpian badagoela galeria sistema itzela eta posiblea dela horiek konektatzea, eta seguru asko egongo dela galeriaren bat urak itsasoraino eramaten dituena.

Zuen hipotesia baieztatzen bada, Aixa, Ibarrengo, Pagatza eta Ermittia kobazuloak lotuta badaude, Gipuzkoako galeria sistema handiena litzatekeela diozue. Zer ekarpen egingo luke aurkikuntza horrek?

Ez litzateke aldaketa berezirik emango. Azken finean, helburua da gure ingurunearen ezagutza hobea izatea. Hau oinarrizko zientzia da, baina oinarrizko ezagutza hori izatea beharrezkoa da, adibidez, zaintze aldera. Ez badakigu kobazuloa nondik dihoan, bere lur azaleko eremua ezin dugu babestu; kobazuloa kanpoko kutsaduretatik babesteko, esaterako. Orduan, ezinbestekoa da lehen mailako ezagutza hau sortzea.

Lurpeko ingurumenaren babesa da zuen elkartearen zio nagusia. “Babesteko, ezagutu egin behar da”, zenion zeuk beka jasotzerakoan. Zer erakuts dezake, zer ekarpen egin, lur azpiko ingurumenaren ezagutzak?

Adibidez, bailararen batean kutsadura kasuren bat gertatzen bada, industriaren eraginez edo beste arrazoiren batengatik, kutsadura horrek lur azpian zer bide jarraituko lukeen jakin ahal izateko garrantzitsua suertatu daiteke lur azpiko inguruaren ezagutza izatea. Izan ere, inguruko jendeak, baserritarrek, auzoek edo herriek, erabil ditzakete lur azpiko urak. Kutsatutako urak aurkituz gero, kutsadura hori nondik etor daitekeen edota kutsatzeak zer bide egin duen jakiten lagunduko luke, adibidez, lur azpiaren ezagutza hobe batek.

Aldaketa klimatikoaren zantzuak lur azpiko sistemetan ere nabaritu dituzuela aipatu duzue. Zer zantzu dira horiek?

Kobazuloak termikoki sistema oso egonkorrak dira, tenperatura bera edo beretsua mantentzen dute urte osoan, eta konturatu gara azken urteetan tenperatura hori igotzen ari dela. Berez, klima aldaketaren eraginez dela baieztatzeko 30 bat urteko neurketetan oinarritu behar izaten da. Beraz, zientifikoki, momentuz ezin da baieztatu kobazuloen tenperatura igoera horren eraginez gertatzen ari denik, guk azken hiru urteetako neurketetan besterik ez dugulako sumatu joera hori. Hala ere, harrigarria bada, eta esanguratsua ere bai, tenperatura aldetik hain egonkorrak diren sistemetan urtetik urtera horrelako igoerak antzematea; gainera, igoera horiek bat datoz klima aldaketa ikertzen duten adituek aurreikusitakoarekin.

Zer berezitasun dituzte sakonago aztertzera zoazten Izarraizko kobazuloek?

Kobazulo bakoitzak bere berezitasunak ditu. Ibarrengo oso bertikala da; sartu eta berehala sima bertikalak ditu, ehun eta piko metro jaitsi, eta behean gela handiagoak ditu. Aixa, berriz, labirinto bat da; galeria asko ditu, eta horietan galtzea oso erraza da. Ermittia ere nahiko labirintikoa da, baina neu behin bakarrik izana naiz bertan, aspaldi, eta ez dut hain ondo ezagutzen.

Zenbat kobazulo daude Izarraizko mendigunean?

Buruz ari naiz, baina Gipuzkoa osoan lau-bost mila kobazulo daude. Batzuk oso txikiak dira, bost-zazpi metro jaitsi eta hortxe bukatzen dira; beste askok hogei metroko garapena besterik ez dute… Itziarren aztertu behar ditugun horiek bezain handiak ez daude horrenbeste. Izarraizko mendigune osoan, berriz, 300-400 kobazulo inguru egongo dira katalogatuta.

Kopuru horiek ohikoak al dira beste inguru batzuetan?

Euskal Herrian kare harri asko daukagu. Urak kare harri hori higatu egiten du eta kobazuloak sortzen dira. Kare harri asko dugunez, eta euri asko egiten duenez, beste lurralde batzuekin alderatuta kobazulo asko ditugu.

Espeleologoentzat gure ingurua paradisu txiki baten antzekoa dela esan al daiteke?

Hala da. Urtero-urtero etortzen dira kanpoko espeleologoak hona. Kantabrian ere antzekoa gertatzen da.

Lehen aldiz eman diote Joxe Takolo beka espeleologiako proiektu bati. Zer suposatu du horrek zuentzat, eta zer suposa dezake espeleologia jarduerentzat?

Gure lanerako eta ikerketarako bultzada inportantea da. Normalean, joan-etorriekin eta kobazuloetara sartzeko eta irtetko behar izaten dugun deborarekin, ez zaigu nahi bezainbeste denbora gelditzen kobazuloak arakatzeko. Bekaren dirulaguntzari esker, berriz, jende multzo handi samarra elkarrekin eta aldi berean egoteko aukera izango dugu, eta kobazuloan bertan kanpaldian ere egongo gara batzuk. Hori zoragarri datorkigu ikerketarako, emaitzak azkarrago lortuko ditugu eta eskuratu nahi dugun ezagutza hori lehenago izango dugu esku artean, behar izanez gero kobazulo horiek babesteko neurriak hartu ahal izateko.

Espeleologiaren ikuspuntutik, uste dut egiten dugun lanaren aitortza bat dela Joxe Takolo beka, eta espeleologiari ikusgarritasuna emateko tresna bat ere bai. Askotan, edo gehienetan, espeleologiarekin lotutako albisteak agertzen direnean izaten da istripuren bat gertatu delako; baina trukean, ez da ikusten espeleologoek atzetik egiten duten lan hori guztia.

Zuen ikerketaren abiapuntua den hipotesia ez dela baieztatzen ikusiz gero, zer? Dezepzioa izango al da zuentzat?

Posiblea da hori gertatzea ere. Bost egun ariko gara lanean, eta litekeena da bost egun horien ondoren emaitzarik ez lortzea, baina horrek ez luke zertan esan nahiko hipotesia bera okerra denik. Esan nahiko luke lan gehiago egin beharko genukeela, denbora gehiago eskaini. Egia esan, ez dakigu zer topatuko dugun, zer zailtasun edo zer erraztasun, ezta zenbat galeria berri topatuko ditugun ere ; hortaz, zaila da esatea lortuko dugun ala ez. Orain arte lortu ditugun emaitzekin, uste dut posible dela kobazuloen arteko konexioa lortzea. Baina lortzen ez badugu, saiatzen jarraitzeko aitzakia litzateke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide