Zu zeu

Ohiana Goenaga: "Ederra da uraren gainean zoazela sentitzea"

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 27a, 08:41

Ohiana Goenaga, 'Xubero' trainerua gidatzen.

Lapurdi arraun elkarteko Xubero traineruko patroia da Ohiana Goenaga (Azpeitia, 1986). 2014an hasi zen arraunean, eta hainbat talde igaro ditu: Oiartzungo Itsaslapurrak, San Juan, Hernani eta Zumaia. 2020an geldirik egon zen ebakuntza bat tarteko, eta aurten itzuli da uretara. 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian Zu zeu ataleko elkarrizketaren protagonista da bera.

Nolatan iritsi zara Lapurdiko patroi izatera?

Hernaniko taldean hasi nuen aurtengo sasoia, negu partean. Bateletako liga talde horrekin jokatu nuen, baina udara begira, Lapurdin arraunlariak behar zituztela jakin genuen. Probatze aldera, haiekin entrenatzen hasi ginen, eta ondoren, Hernaniko nire entrenatzaileari Lapurdiko entrenatzaile izatea eskaini zioten. Patroia falta genuen, eta hark proposatu zidan ardura hori hartzea.

Zer da garrantzitsua patroi izateko?

Batez ere, gidaritza hartzea. Bitartekari lana egin behar duzu entrenatzailearen eta arraunlarien artean. Arraunlariek zuri egiten dizute kaso, eta ardura oso handia da hori. Dena den, arraunlariek oso ondo hartu zuten ni patroi izateko erabakia, eta horrek asko laguntzen du. Nigan sinesten dutela adierazten didate, eta horrek konfiantza ematen dit.

ETE ligan ariko zarete denboraldi honetan. Zer helburu dituzue sasoiari begira?

Lapurdi oso talde xumea da, beti azken postuetan ibili izan da, baina hortxe jarraitzen du, xumetasun horretan. Taldea osatzeko, arraunlari berri asko joan gara Lapurdira; Hernanitik hiru eta Zarauztik bost. Talde berria dela jakitun izanda, entrenatzaileak helburu bat jarri digu: bigarren txandan pixka bat borrokatzea. 11 ontzi lehiatuko gara ligan, eta badakigu aurrean ibiltzea ezinezkoa izango dela. Horregatik, azken postuetan ibiliko direnekin lehiatzea da gure asmoa.

Zuloan, burua altxa ezinda behintzat ez ibiltzea, ezta?

Hori da. Badakigu sekulako lorpenak egitea ezinezkoa dela, talde berria delako gurea, oraindik egiten ari dena.

Batzuk Lapurdikoak, besteak Gipuzkoakoak... nahasketa polita izango duzue taldean.

Hizkera oso ezberdinak ditugu: badago gaztelaniaz bakarrik dakien baten bat, besteren batzuek frantsesez hitz egiten dute, baina gehienbat euskaraz egiten dugu; euskaraz oso ondo konpontzen gara. Oso polita da sortzen den nahasketa. Ipar Euskal Herria hortxe ondoan dugu, baina ez gara asko joaten hara, eta beraiek horretaz kexatzen dira; harreman hori falta dela dote. Alde horretatik, oso aberasgarria izaten ari da esperientzia.

28 urterekin hasi zinen arraunean. Nahiko berandu, ezta?

Beti buruan eduki izan dudan gauza bat da, baina askotan aukerak sortzea izaten da gakoa, parean tokatzea. Oiartzunen bizi izan nintzenez, gertutasuna tarteko hasi nintzen arraunean.

Probatu eta ezin utzi?

Bai, arrauna horrelakoa da; segituan uzten duzu, edo erabat harrapatzen zaitu.

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste?

Taldeko kirola delako. Norbanakoak egindakoak ez du hainbeste balio arraunean, denen arteko batuketa da garrantzitsuena. Norbait oso ona izatea alfer-alferrikakoa da kohesiorik ez baldin badago. Taldeko giro hori asko gustatzen zait, momentu onetan eta txarretan bat eginda egote hori. Eta uraren gainean zoazela sentitzea ederra da; hori da harrapatzen zaituena.

Aurrera begira, ametsik? Kontxa, agian?

Oso gutxik lortzen dute hori, oso zaila da. Lan asko egiteaz gain, dena oso parean tokatu behar zaizu. Nik nahi dudana da egiten ari garena ondo egitea eta horrekin gozatzea. Orain taldea ondo eramatea da nire ardura.

Patroi izateak beste izaera bat erakustea eskatuko du, ezta?

Traineru barruan zoazenean ez dago lagunik, egurra ematea tokatzen da. Niri estutasun pixka bat ematen dit arraunlariei gogor egiteak, baina beraiek eskatzen dizute exijitzeko. Egia esan, nahiko ondo moldatu naiz jarrera aldaketara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide