Bestaldetik

Dena ez da erremontea

Maialen Etxaniz 2021ko abu. 3a, 09:21

Jagoba Labaka Loiola hoteleko sukaldean, bere lantokian. (Maialen Etxaniz)

Askorentzat erremontista da Jagoba Labaka, beste zenbaitentzat sukaldaria. Zezenzaleak direnentzat, aldiz, sokamutila da, eta ehiztaria ere bada. Bi esku ditu, eta hamaika zaletasun. Horien inguruan hitz egin du 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian.

16 urte zituela hasi zen erremontean Jagoba Labaka (Azpeitia, 1991), eta 21 urterekin egin zuen debuta Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian. Aurten, 30 urte bete ditu. "Dagoeneko bederatzi urte igaro dira debuta egin nuenetik...", gogoratu du. Bederatzi urte horiek askorako eman diote; izan ere, urte horietan guztietan ez da geldirik egon erremontista azpeitiarra, eta pixkanaka-pixkanaka, urratsez urrats, egin du bidea erremontearen munduan. Gaur egun, txapelketaz txapelketa dabil, "gustura", gainera. Baina Labaka ez da erremontista bakarrik; baditu beste hainbat zaletasun. Horregatik, Labakaren beste aldea ezagutzeko asmoz elkartu da Uztarria harekin.

Beti izan da kirolzalea. Gaztetxoa zela, Lagun Onak futbol taldean aritu zen hainbat urtez, atezain lanetan. Erremontean aritzen ziren bi lagun zituen azpeitiarrak, eta haiei esker ezagutu zuen kirol hori gertutik. "Futbolean aritzen nintzen garaian, nire bi adiskide Azpeitiko erremonte eskolan ibiltzen ziren entrenatzen, eta egun batean, haiek ikustera joan nintzen frontoira. Kirola gustatu eta probatzeko grina piztu zitzaidan. Azkenean, animatu egin nintzen. Probatu eta ondo moldatzen nintzela ikusi nuen; gainera, gustura aritzen nintzen. Horrela, pixkanaka, hasi nintzen mundu horretan murgiltzen", kontatu du Labakak. Hasieran, batera praktikatzen zituen futbola eta erremontea, baina erremontean gusturago aritzen zela ikusita, futbola uztea erabaki zuen, eta erremontean zentratzen hasi zen. Bide horretan, Pello Aizpuru erremontista ohia izan zuen lagun hasieran, eta Galarretara egin zuen salto ondoren. "Azpeitiko erremonte eskolan egin nituen lehen urratsak, eta han hasi zen nire formakuntza; Aizpuruk ematen zituen eskolak Izarraitzen. Zortzi lagun inguru aritzen ginen han, eta asko ikasi genuen. Kirolera egokitu eta pixka bat hobetu ginenean, Galarretako erremonte eskolara animatu ginen. Han Ibon Sarasuarekin entrenatzen genuen, astean hiru aldiz. Gainera, batzuetan profesionalekin entrenatzeko aukera izaten genuen. Horrela joan ginen pixkanaka maila hobetzen. Entrenatu eta entrenatu, debutatzera iritsi nintzen".

21 urterekin egin zuen salto profesionaletara Labakak, sukaldaritza mundura jauzi egitearekin batera. Sukaldean hazitako gaztea Gaur egun, Loiola hoteleko sukaldaria da Labaka, eta ondo ezagutzen du bertako sukaldea. Haren hitzetan, "sukaldean hazitako umeak" dira bera eta anaia. "Gurasoek hotela dute, eta txiki-txikitatik ezagutzen dugu bertako sukaldea. Niri betidanik gustatu izan zait sukalde kontuetan saltseatzea, eta horrek bultzatuta animatu nintzen sukaldaritza ikasketak egitera", azaldu du erremontista azpeitiarrak. Batxilergoa bukatu eta Argiñanoren Aiala eskolan egin zituen ikasketak bi urtez. Ondoren, arlo horri lotutako praktikak egin zituen euskal sukaldari ospetsuen jatetxeetan. "Aurrena Arbelaitz anaien jatetxean egin nituen praktikak, Miramonen; ondoren, Arzaken urtebetez, eta jarraian, Martin Berasategirenean. Asko ikasi nuen haiei esker. Zorte handia dugu hemen, sukaldari oso onak baitauzkagu Euskal Herrian nahiz Gipuzkoan, eta lanerako gogoa eta modua izanez gero, esku zabalik hartzen baitzaituzte etxean", kontatu du Labakak. Sukalde kontuetan trebatu ostean hasi zen Loiola hotelean lanean, eta bertan jarraitzen du gaur egun ere.

Hori da bere lanbidea, eta oso gogoko du sukaldean orduak pasatzea. "Ez da lan gogorra fisikoki, baina bai sakrifikatua beste kontu batzuengatik; esaterako, ordutegi edo egutegi aldetik. Beti kontraeran ibiltzen gara: jendeak jai duenean, guk lana izaten dugu, eta zentzu horretan, bada pixka bat gogorra. Izan ere, lagunekin edo bikotekidearekin planak egiteko-eta komeriak izaten ditugu batzuetan. Gainerakoan, asko atsegin dudan lana da".

Ehiza eta sokamuturra

Hoteleko sukaldean aritu beharrak batzuetan planak egiteko zailtasunak jartzen dizkio Labakari, baina asmatzen du gustuko gauzetarako denbora hartzen ere; esaterako, ehizera joateko.

Etxetik datorkion zaletasuna da ehiza. "Ehiztaria ere banaiz, eta denbora librea dudanean, ehizera joatea atsegin dut. Gehienetan aitarekin eta anaiarekin joaten nahiz, baina baditut horretan aritzen diren lagunak ere", azaldu du Labakak. Erremontista azpeitiarrari txikitatik gustatu izan zaio ehiza: "Aita ehiztari amorratua da, baita anaia ere. Esango nuke aitarengandik jaso dugun zaletasuna dela ehizarena. Anaiak txakurrak ditu, eta horiekin joaten gara Huescara (Espainia) ehiza denboraldian. Tira, ni tarteka-tarteka joaten naiz, sukaldeko lanak eta erremonteko partidak tarteko, ez baitut egun libre askorik izaten. Hori bai, libre dudanean ikaragarri gustatzen zait hara joatea".

Ehiza zalea ez ezik, sokamuturzale amorratua ere bada Labaka. Zezen Beltz elkarteko kidea da, baita sokamutila ere. Beraz, Azpeitiko festak sokamuturrik gabe modu berean gozatzen ez dituen horietakoa da. 2008ko sansebastianetan atera zen sokamutil aurrenekoz, espero baino lehenago. Izan ere, Labakak urte horretako inauterietan jantzi behar zuen sokamutil jantzia lehen aldiz, baina beste kide batek min hartu zuenez, haren lekua bete eta sansebastianetako sokamuturrean egin zuen estreinaldia. Gaur-gaurkoz sokamutil izaten jarraitzen du, eta oraingoz, ez du lekua libre uzteko asmorik. Ehizerako zaletasuna bezala, sokamuturrerako grina ere txikitatik datorkio azpeitiarrari, eta urtero-urtero, sokamutil bezala ez bada ere, herriko festetan zezenaren aurrean jartzera animatzen da. "Zezen ikuskizunen bueltako giroa atsegin dugu", dio. Horregatik, gazteagoa zela beste herri batzuetara ere joaten zen zezenak ikustera, lagun artean. Errekortarien ikuskizunak ere atsegin ditu, eta Nafarroa aldera ere jo izan du horietaz gozatzera. Zezen Beltz elkartean badira zezenzale gazteak, baita helduagoak ere, eta horiek denek sarritan elkarrekin gozatzen dute beren zaletasunaz.

Zezenak ikusi ez ezik, horien aurrean korrika ere egin izan du Labakak. Esaterako, San Fermin festetako entzierroetan atera izan da behin baino gehiagotan. Hala ere, Labakak dio berak lagata dituela entzierroak.

Jan-edana, gozagarri

Lanegun bat amaitu, etxera iritsi, eta zer egitea atsegin duen galdetuta... "Gustukoena garagardo bat ireki eta pintxo bat jatea" dela dio, barre artean. Labakari berdin dio berak prestatutakoa edo beste batek egindakoa izan; momentu horretaz gozatzea atsegin du. "Kalera atera, tabernaren batean trago bat hartu eta mokadutxoa egitea ere ederra da. Niri jatea eta edatea gustatzen zait gehien", aitortu du.

Sukaldean aritzen da egunerokoan, hoteleko bezeroei ahalik eta jaki goxoenak prestatzen. Dena den, berari ere ikaragarri gustatzen zaio jatea, edatea nahiz gauza berriak probatzea. Esaterako, ardo desberdinak dastatzea eta probatzea atsegin duela dio. Horregatik, ahal duen guztietan saiatzen da gastronomiaz gozatzen.

Gaztea izanagatik, badu zer kontatua Azpeitiko erremontistak. Orain, gainera, aita ere bada, eta esperientzia horretan murgilduta dago bete-betean. Familiako kideak ondoan ditu beti, eta haien babesik ez zaio falta erremonte txapelketetan. Ezin jakin haren ondorengoek jarraituko dioten aitaren zaletasunei, baina, oraingoz, erremonteak, gastronomiak, ehizak eta sokamuturrak badute lekua haien etxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide