Eraso matxisten aurkako sentsibizilizazio eta informazio kanpaina jarri dute martxan

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 27a, 12:35

Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko kidea eta Idoia Arrizabalaga udaleko Parekidetasun batzordeburua. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak, Emakumeen Txokoak eta Emakumeen Mahaiak eraso matxisten inguruko informazioa biltzen duen eskuorri bat osatu dute, eta datozen egunetan banatuko dute etxez etxe. Gainera, eraso matxistaren bat geratzen den unean nola jokatu jasotzen duen protokoloa banatu dute herriko ostalaritza guneetan.

Uda sasoia iritsita, eraso matxisten aurkako sentsibilizazioan eragiteko, horien inguruko informazioa zabaltzeko eta erasoen aurrean martxan jarri beharreko protokoloak gogorarazteko kanpaina jarri dute martxan Azpeitiko Udalak, Emakumeen Txokoak eta Emakumeen Mahaiak.

Erasoren bat jazotzen bada martxan jarri beharreko protokoloa zer-nolakoa den gogorarazteko informazioa banatu dute horiek herriko ostalaritza guneetan, eta datozen egunetan etxez etxe ere banatuko dute eskuorria. Horietan, besteak beste, erasorik gabeko gune seguruak nola sor daitezkeen edo erasoren bat jasanez gero nola jokatu behar den jaso dute.

Idoia Arrizabalaga Parekidetasun batzordeburuak harreman parekideak eraikitzeko eta izateko beharra azpimarratu du: "Azpeitia denontzat izan dadin ezinbestekoa da guztiok elkar errespetatzea eta herriko aniztasuna errespetatzea. Azpeitia parekide eta askea eraiki nahi dugu, aniztasunean aberatsa dena". Hark esan duenez, gainera, udalarentzat "lehentasuna" da "diskriminaziorik eta erasorik gabeko Azpeitiaren alde" lan egitea.

Erasoen aurrean, uda sasoian ere "adi" egotea garrantzitsua dela esan du Arrizabalagak. "Uda ondo pasatzeko eta lasaitzeko unea izaten da denontzat, baina, tamalez, eraso matxistak gertatzeko egoerak hazi egiten dira". Hark "elkarbizitzatik" udaz "lasai gozatzeko" deia egin du. "Ondo pasatu dezakegu, beti ere aldamenekoa errespetatuz eta ondokoak diren bezalakoak onartuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide